sábado, 13 de mayo de 2017

#hemeroteka #lgtbifobia | «Ez gara normalizazioaz ari; jendartea anormalizatu nahi dugu»

Irudia: Kronika / Egoitz, Ana, Ibai eta Xabi
«Ez gara normalizazioaz ari; jendartea anormalizatu nahi dugu».
Sexu askapenerako talderik ez dagoela eta, hutsune hori bete, pedagogia egin eta identitate anitzak mahai gainean jartzeko asmoz hasi dira hainbat herritar, LGTBQI fobiaren kontrako egunaren harira, lanean.
Kronika, 2017-05-13
http://www.kronika.eus/albisteak/hernani/albistea/2017/05/13/282b350363790/ez-gara-normalizazioaz-ari-jendartea-anormalizatu-nahi-dugu/

Maiatzaren 17aren harira, LGTBQI fobiaren kontrako egunaren harira elkartu dira Egoitz A.Albeniz, Ana Velez, Ibai Fresnedo eta Xabi Or­ma­zabal, aurrenekoz egun horren bueltan Hernanin bertan zerbait antolatzeko, eta bide ba­tez, sexu askapenerako talde bat sortzeko.

«Hutsune hori ikusten ge­nuen. Identitate anitzak daude herrian, beste hainbat taldetan, baina herrigintzan ez dira islatzen. Orain arte ez da ezer bateraturik egin, eta hiriburuetara jo izan dugu. Ho­rre­ga­tik, maiatzaren 17 honen bueltan antolatzen hasi gara, eta ea hemendik zerbait ateratzen den, modu naturalean!».

«Gaia lantzeko espazioa sortzea», helburu
Hemendik aurrera zer sortuko den, ezin jakin. Baina hasi behinik behin, indartsu hasi dira. Izan ere, aste osoko egitaraua prestatu dute LGTBQI fo­biaren, Lesbofobia, Homofobia, Trans­fo­bia eta Heteroarauaren baitan kokatzen ez diren identitate guztiekiko fobiaren aurkako egunaren harira.

Astelehenarekin hasi eta larunbatera bitartean, egunero izango da tailer, zineforum, hitzaldi edota festa giroko ekitaldiren bat. «Zerbait politiko-festiboa bilatu nahi izan dugu. Borroka edo dramatik jo beharrean, tailerrak antolatu ditugu, formakuntza bultzatzeko, eta festa giroa ere sortu nahi izan dugu, gaia lantzeko espazioa sortzeko. Inertziekin apur­tzeko. Jende askok oraindik ez dauka aukerarik horiekin pus­ka­tzeko, bere inguruan. Kon­tzien­tziazio beharra dago».

Aurrekariak bai, baina ez nahikoak
Lehendik sexu iden­titate aniztasuna eta sexu as­ka­pena no­labait landu di­tuz­­ten taldeak izan direla azpi­ma­rratzen du­te, eta haien de­nen atxikimendua ere bilatu du­te, aste hau antolatzerakoan. «Mugimendu Feministak ba­dauka indarra, eta erakutsi digu atxikimendua. Institu­tu­ko gazteek osatutako Parekide eta Islada taldeek ere bai. Eta lehendik izan dira mugimendu batzuk gaia landu du­tenak; adibidez, Ka­r­bo­neran egin ziren hainbat gau­za, ordura arte eman ez zi­tzaien ikusgarritasuna eta protagonismoa emanez bazterrean kokatzen ziren identitateei, eta lehenago EHGAMen buel­tan ere egin zen zer edo zer».

Horregatik guztiagatik hasi dira mugitzen orain; hain jus­tu, maiatzaren 17ari begira. «Egun honek badauka karga po­litikoagoa, salaketarako tartea. Ekainaren 28a ezagunagoa da sexu askapenari lotuta, bai­na lesgayen harrotasunerako egu­­na da, festa giro haundiagoa daukana. Egun hau aitzaki hartuta, pedagogia pixka bat egitea da gure asmoa, eta jendeak bere bo­rro­ka bezala har­tzea Hetero­arauaren aurkako borroka, bo­rroka feminista edo ekologistarekin gertatzen den bezala».

‘Normalizazioa’, mamu
Denon borroka dela modu na­bar­menean azpimarratzen du­te, hain zuzen. Izan ere, ‘normalizazioa’ hitzaren itzalpean, zapalkuntza mota asko ezkutatzen direla ikusten dute.

«Beste zapalkuntza batzuekin gauza bera gertatzen da. Xe­nofobia edo arrazakeriarekin, adibidez. Politikoki dis­kur­tso zuzena zein den badakigu, baina moral bikoitza hor­txe dago, eta normalizazioaz, edo integrazioaz hitz egiten da, etorkinez ari garenean. Era berean, homofobiari aurre egiteko normaltasunaz hitz egitean, heterozentrismoaz ari gara, norma heterosexualera moldatzeko beharraz, hain zuzen; hau da, araua heterosexuala den gizarte batean, guztiaren neurri eta eredu bakarra hori izango da, eta, badirudi, horretara moldatu beharra daukagula denok. Ge­neroen berdintasunaz hitz egiterakoan ere, eredu maskulinoek zentralitatea dute, eta historikoki femeninotzat hartu izan diren balio, rol eta jarrerak gaitzesgarri bilakatzen dira, zaintza lanak, kasu».

Ulermen eta onarpen falta da, azkenean, arazoaren mui­na, eta horrek, «biolentzia» dakar. «Biolentzia ez da fisikoa bakarrik, are gehiago, biolen­tzia fisikoraino garamatzan pro­zesu guztia da biolentoa, eta horrek, gizarte egitura sinbolikoarekin zerikusia dauka. Gauza batzuetan aurreratu ba­da ere, jendartearen alderdi ge­hienetan lanketa haundia dago oraindik egiteko. Bullyng ka­suen ehuneko haundi bat, adibidez, bullyng homofobikoa izaten da. Ikaragarria da gazteen artean gailentzen den diskurtso sexista eta homofoboa. Eta hori ez dute neska-mutil homo­sexua­lek bakarrik pairatzen. Izan ere, femeninotasun-maskulinotasun eredu zu­rru­nenetik ateratzen denak ere, bazterketa jasan dezake, edo autoerregulaziora jotzen du, genero etiketa mu­gatzaile bihurtzen baita. Genero rolak berkonfiguratu arren, modu zurrun eta itxian mantentzen dira, eta horregatik da hau denon borroka».

Eta horregatik, borroka za­bal­tzeko ahaleginean, talde mo­tore bezala lanean hasi den lagun multzo honek bilera irekiak ere egin ditu, herritar gehiago inplikatzeko, pentsarazteko, kontzientziak mugi­tzeko, gaia plazaratzeko.

Borroka zabala, baina bakarra
Borroka batzuetan zalantza sortu izan da, ordea, aurre egin nahi zaion horren kontra egiteko hobea ote den talde zabal bat sortzea, edo bestelako talde zehatzagoetan borroka horren hazia landatzea.

LGTBQI fobiaren kontrako egunaren harira lanean hasi direnen ustez, ez dira kontrajarriak, eta horregatik egin dituzte bilera irekiak ere. «Biak dira bateragarriak. Sexu askapenerako bidea egitea ez da LGTBQI kolektiboaren lana bakarrik: erre­gimen heterosexualak za­pal­tzen duen edonor da askapen bide horretan erantzule. Zentzu horretan, azpimarratzekoa da Euskal Herriko Mu­gi­men­du Feministak egin duen lanketa: sexualitatea, identitatea, gorputza... bezalako gaiak era transbertsalean landuz, eta sistema oso baten pean kokatuz marko analitikoa: heteropatri­ar­katua. Horregatik, ez da ka­sua­litatea emakume lesbiana askok borroka feministaren bai­tan militatzea, Sexu Askapen Mugimenduan baino gehiago».

Bestalde, «Hernanin, Mu­gi­men­du Feministaz gain, Izan Gizon taldeak generoaren inguruan hausnartzeko espazioa zabalik dauka, eta maskulinitate eredu hegemonikoa ezbaian jartzeko lanetan aritzen da. Mo­du pertsonalagoan egiten dute lan, plaza hartu gabe, baina beharrezkoa da kokapen horretatik ere heteroaraua zapuztea».

Borrokarako modu asko dau­de beraz, baina norabide berean dijoazte denak.

Ikusezintasuna koloreztatu
Sexu askapenerako borroka horretan ari direnen aldarri nagusia da aniztasuna; pertsona guztiak bakarrak eta desberdinak direla munduan. Bai­na, aniztasun horren pean ere, diskriminazioak gerta daitezke.

«Sexu Askapenaren Aldeko Borrokaren historian subjektu pribilejiatu izan direnak izan duten ikusgarritasun eta protagonismoak, beste identitateak ikusezintasunean utzi ditu. Eta zentzu honetan, ez da kasualitatea mendebaldeko gizon-zu­ri-burges-homosexuala izatea al­­da­rri horien baitan onargarritasun maila haundiena har­tu duena. Honek, besteak beste, les­bianen, trans-en, hegemonikoak ez diren gorputzak dituztenen eta zuriak ez diren ho­mo­sexualen borroka eta aldarri­ak bazterretara bultzatu ditu».

Beraz, aste osoko egitarauaren barruan, maiatzaren 17an bertan egingo duten manifestazioan «guztiok leku izatea» nahi dute.

Mahai-gainera, salto
Aurreneko urtea da horrelako ekitaldiak Hernanin antola­tzen direla, eta emaitza onak espero dituzte.

«Sorpresa espero dugu. Egin ez den gauza bat da. Ez da masiboa izango, baina ibilbidea izango duela uste dugu. Nahia behin­tzat hori da! Era­gitea, kon­tzien­tzi­ak mugitzea da helburua, eta iner­tziak jota egiten ditugun ekin­tzen atzean dauden arrazo­iak ezbaian jarriz, gure usteak han­kaz gora jartzea. Ez gara nor­ma­lizazioaz ari; jendartea anormalizatu nahi dugu, eta sexu aniz­tasuna ez erasotua izatea».

Definizioen kutxa

LGTBQI
  • L Lesbiana: beste emakume batek erakarrita sentitzen den emakumea, fisikoki zein emozionialki.
  • G Gay: beste gizon batek erakarrita sentitzen den gizona, fisikoki zein emozionalki.
  • T Trans: genero edo sexu-genero eraldaketa edo transito identitarioan dagoen pertsona. Gizon/emakume identifikazio bitarra norbanakoaren eta gizartearen identifikazio modu bakarra dela zalantzan jartzen duen oro; transexual, transgenero.
  • Transgenero: atxikitutako genero identitatearekin bat ez datozen, eta Sexu-Genero Sistema Bitarra ezbaian jartzen duten pertsonak. Batzuetan, gorputzaren trantsizio prozesuari hasiera ematen zaio, baina ez beti. Izan ere, Transgenero guztiek ez dute berdin definitzen generoa.
  • Transexual: atxikitutako sexu eta generoarekin bat ez datozen pertsonak; identitate trantsizioaz gain, gorputz trantsizioa ere egiten dutenak.
  • B Bisexuala: fisikoki, sexualki edota emozionalki bi sexuek erakartzen dutena.
  • Q Queer: gainontzeko kategoriatan kokatzen ez diren sexu gutxiengoak izendatzeko erabiltzen den hitza. Jarrera politikoa, Sexu-Genero Sistema Heteropatriarkatuaren fikzio politikoa dela esaten duena; sexu genitala zien­tzia eta medikuntzaren asmakuntza dela defendatzen dute.
  • I Intersexuala: gorputz kategorizazio zientifiko bitarrean (ar/eme) kokatzen ez diren gorputzak, askotan, patologizazioaren ondorioz, haien identitatea era askean sortu aurretik.
Drag queen edo king. Generoaren antzezpen artistiko, dramatiko eta politikoa egiten duena. Helburuetako bat da, genero identitate femenino zein maskulinoen antzerkia muturrera eramanez, esperimentatu eta jolastea.

Pansexualitatea. Gizakion sexualitatea eta desira era zabalenean biltzen duen kategoria. Beste pertsonen identitate, gorputz eta aukera sexualei garrantzirik eman gabe, haren desira bideratzen duen pertsona.

Antrosexualitatea. Norberaren orientazio sexuala zein den jakiten ez denean, eta era berean, malgutasuna izaten denean edozein genero edo orientazio duenarekiko maitasun loturak sortzeko.
  • ‘11 identitate, borroka bat’ - egitaraua
  • Maiatzak 15. Hitzaldi tailerra: LGTBQI fobia eta heteropatriarkatua gure egunerokoan. Kontrakantxa Gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara.
  • Maiatzak 16. Sormen tailerra: Estereotipo eta eredu zapaltzaileak apurtuz. Ilustrazioa, mozorroak, argazki collagea... eta guztiaren erakusketa. Kontrakantxa Gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara.
  • Maiatzak 17 - LGTBQI fobiaren kontrako eguna. Mani-festa-akzioa. Hamaika identitate, borroka bat! Lesbofobia, Homofobia, Trans­fobia eta heteroarauaren baitan koka­tzen ez diren identitate guztiekiko fobiaren aurkako eguna. Plaza Berritik abiatuta, 20:00etan.
  • Maiatzak 18. Zineforuma: hainbat labur eta haien inguruko hausnarketa. Kontrakantxa Gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara.
  • Maiatzak 19. Sormen tailerra: Borroka eta adierazpen artistikoak. ‘Gune askea’ murala, txapak eta kamixetak egiteko tailerra (nork bere kamixeta eraman dezala). Kon­tra­kan­txa Gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara.
  • Maiatzak 20. Drag Queen/King tailerrak: estereotipoen inguruan hausnartzeko eta bakoitzaren bizipenetatik generoarekin jolasteko tailerra. Kontrakantxan, 18:00-20:00. Drag poteo musikatua: 20:00- 22:00. FesTRANS: DJak, jolasak eta tonbolizuna. Kontrakantxa Gaztetxean 24:00-06:00.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.