domingo, 15 de enero de 2017

#hemeroteka #eliza #pederastia | Juan Kruz

Irudia: EITB / Juan Kruz Mendizabal
Juan Kruz.
Xabier. Euzkitze | Noticias de Gipuzkoa, 2017-01-15

http://www.noticiasdegipuzkoa.com/2017/01/15/opinion/columnistas/ziritik/juan-kruz

Ez dut oroitzen ingurua inoiz hain jota, hain minduta sentitu izanik, bortxazko heriotzaren bat salbu. Gertukoak gaitu astintzen, hurbilekoak hunkitzen. Hunkipenekin bai, ukipenekin sekula lotuko ez genukeen gizon bat dugu albiste egunotan: Juan Kruz Mendizabal apaiza. Askok sentitzen genuen gertuko, halaxe jokatzen baitzuen. Natural, xehe, abegikor, atsegin, ireki, irribarretsu, prest. Askok sentitzen genuen geure, hotz eta zurrun atzematen dugun erakunde baten irri eta bihotz. “Elizak horrelako asko balitu...” pentsatzeraino.

Xabier Andonegi apaizaren txio batek pentsaketan jarri ninduen: “Animo, Kakux. On hutsa zara, hain ona, egin ez duzuna onartzeko gauza baitzara beste batek egin duzula uste badu. Zurekin gaude.” Mezu kriptikoa da, iluna, baina iradokitzen duenaren arabera, Juan Kruzek -orain ez zait ateratzen Kakux deitzea- leporatzen diotenik ez zuen egin. Ez dakit zer informazio edo susmo dagoen mezu horren atzean, baina salaketa salatzaileen irudipen bihurtu nahi duela begitantzen zait. Bi ez ezik, hiru ere badira, ordea, errealismo handiko ametsgaiztoan Juan Kruzen “ukitze desegokiak” jaso bide zituzten haurrak.

Elizaren epaiketa eta epaia erakundea bera bezalakoak izan dira: uherrak, lausoak. Justizia zibilean zer bide egingo duen ez dakigu. Balizko delituak preskribaturik daudeke baina, halakorik balitz, ez haien biktima izan direnen zauriak.

Sexu gehiegikerien auzian, ez dut gogoratzen halako oihartzunik izan duen kasurik. Bederatzi emakumek salatutako moda-argazkilari donostiar baten berri eman zuen atzo Efe agentziak, eta albistea beste zenbait hedabidek zabaldu. Kote Cabezudoz ari ziren. Izen-deiturak neuk jarri ditut, komunikabideek, apaizaren mila xehetasun zabaldu dituzten berberek, ezkutatu egin zituzten. Berdintasuna ere preskribatuta dago, antza.


Sexu depredadore zuria.
Atzo Oier Aranzabalek egin bezala, Joxe Aranzabalek ere eman du Juan Kruz Mendizabal apaizaren, `Kakux´ auziari buruzko iritzia, Faroa blogean.
Joxe Aranzabal | Zuzeu, 2017-01-15
http://zuzeu.eus/euskal-herria/sexu-depredadore-zuria/

Arreta handiz eta bihotza pilpirika irakurri dut, goizeko kafearekin batera, Alberto Barandiaran kazetariak gaurko Berria egunkarian M.A. izeneko gizonari egindako elkarrizketa: “Mendizabalek sexualki abusatu zuen nitaz 1994an”.

Bertan elkarrizketatuak kontatzen du zelan 13 urte zituela, eta eskaut gazteen udako topaketa batean zegoela, Burgin, gau batez, esnatu zenean kanpin-dendan, “esku bat nabaritu nuen lo-zaku barruan, zakila eta barrabilak ukitzen zizkidala. Ezin nuen sinetsi. Norbait arnasestuka sentitu nuen denda barruan, beste eskuarekin masturbatzen zen bitartean. Berehala jakin nuen bera zela”. Juan Kruz Mendizabal abadeaz ari da, zeina mutikoa lo zegoela, bere kanpin-dendan sartu eta sexu-erasoari ekin baitzion.

Sexu-depredadore zuri bat ikusi dut hor, sotanaz jantzita, alegia, Eliza katolikoaren kapa magikoa, urteetan Juan Kruz bezalako abade eta fraide ugari babestu dituena euren biktimen ingurukoen haserretik, hauek uste osoa zutelako “Jainkoa Lurrean ordezkatzen duen erakundean eta beronen gizonengan”.

Zinismoa
Hain babestuta sentitu dira sexu-depredadore zuriak, zeren, euren kasua publiko egin arte, lotsa barik segitu baitute predikatzen, ezer txarrik egin ez balute bezala. Hori izan da Juan Kruz Mendizabalen kasua oraingoan ere.

Joan den abenduan, Goiena Komunikazio taldeko kazetari bat harremanetan jarri zen Gipuzkoako bikario ohiarekin, elkarrizketa egiteko Puntua izeneko aldizkarian, nahiz eta orduan jakin ez 2016ko apirila ezkero Kakux Elizak zigortuta zegoela 2001ean eta 2005ean egindako sexu-eraso aitortuengatik. Galdetuta Elizan gertatutako pederastia kasuen inguruan, hauxe esan zuen, artean bere kasua publiko egin aurretik:

«Nik uste dut gai hori gainetik pasatu dela. Esan gura dut Elizak ez duela behar bezala abordatu, zaurituekin eta minduta daudenekin elkarrizketan… Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen, baina Ameriketako Estatu Batuetan saiatu ziren arazoa diruz konpontzen. Eta ondorioa izan da ez dela ezer konpondu eta, gainera, Eliza diru barik gelditu dela. Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini».

Jende honek debekatuta du gezurra esatea, baina kasu honetan abadeak lasai asko bota du, “Ez dakit Euskal Herrian, guk horrelakoak ez baititugu ezagutzen…”, bera justu horrengatik zigortuta zegoela, geroago jakin den bezala. Gainera, ez zuen eragozpenik izan sermoneatzen segitzeko: “Maila horretan babesa eman behar zaie familiei eta hurbiltasuna arazo barik eskaini”. Zinismoa ere behar da, bere egoeran horrela hitz egiteko.

Sexu-depredadore zuriaren definizioa
Baten batek pentsatu badu gogorregia dela Juan Kruz Mendizabal sexu-depredadore zuritzat jotzea, saituko naiz hitz hori definitzen.

Zentzurik zabalenean, sexu-depredadoreak dira sexu-delituak egiten dituzten pertsonak, horretarako indarra erabilita. Aldiz, sexu-depredadore zuriek indarra erabili ordez, beren posizioa erabiltzen dute biktima limurtu eta harrapatzeko; pertsona atseginak izaten dira eta ziurrak bere buruaz, eta kontuz aukeratzen dituzte biktimak, ez aliritzian. Informazio gehiago jaso bitartean, oraingoz nahiago dut kasu honetan sexu-depredadore zuria erabili. Eta artikulu honetan, hemen adierazitako zentzuan erabili dut hitza.

Gipuzkoako Gotzaitegiak adierazi duenez, Juan Kruz Mendizabalek aitortu egin zuen sexu-gehiegikeriak egin izana 2001ean eta 2005ean. Gaur Berria egunkariak dakarrena ere, erabat sinesgarria egin zaio Jose Ignacio Munilla gotzainari. Niri ere bai. Eta ez nintzateke bat ere harrituko Bergaran, Antzuolan, Donostian edo ez dakit non, beste kasu batzuk ere agertuko balira, alegia, Kakux abade gisa lana egindako tokietan.


Juan Kruz Mendizabal zakurretara.
Oier Aranzabal | Zuzeu, 2017-01-14

http://zuzeu.eus/euskal-herria/juan-kruz-mendizabal/

Guraso ateoak ditut eta ez ninduten eliza katolikoaren bedeinkazioarekin bataiatu. Ikastolan erlijioa baino, etika eskolak aukeratzen zituen tipo arraro horietako bat nintzen. Komunioko oparirik jasotzen ez zuen ume ondamutsu bat. Eta ez, bistan denez, ez nuen Gipuzkoako apaiz ospetsuena ezagutzen, ez nuen bere izena sekula entzun, albiste asaldatzailea argitaratu arte. Sotanen mundua urrunekoa zait, aitzitik, Juan Kruz Mendizabal, ’Kakux’, apaiz harrapakariaren kasua ez zait ustekabekoa egin.

Izan gaitezen zintzoak behingoagatik, apaiz batek udaleku kristau batzutan gaztetxo bati barrabilak laztantzea ez da harritzekoa. Ezta ere, abade batek laugarren pixu batetik haur bati tabakoa erosteko txanpon bat botatzea, gero, etxera igotzean, felazio bat egitera behartzeko. Etxean entzun izan diren istorioak dira, amonak, izebak kontatzen zituenak, eremu pribatuan mantendu direnak urte luzeetan. Asko dira eliza Katolikoaren egituraren babespean egindako sexu abusuak, gurutzearen itzalpean gorde izan direnak. Begiak estalita, ahoa itxita ere, gauza bat askotan gertatzen denean, ohiko izatera pasatzen da.

Benetan ustekabekoa dena da José Ignacio Munillak zuzentzen duen Donostiako Elizbarrutia izatea kasua argitara atera duena eta ez Berriako kazetari ikertzaile talde bat, Spotlight pelikulan nola. Harritzekoa dena da nola bota duten ‘Kakux’ zakurretara, bere anai sotanadunek. Nola ‘Kakux’ izan den bakarra zakurretara bota dutena, hedabideetan larrututa. Eta honen aurrean zer pentsatu behar dugu? a) José Ignacio Munilla apaiz onberaren ekintza txalogarria izan dela. Elizaren praktikak aldatzeko eman duen pausu ausarta. b) José Ignacio Munillak zuhurki probestu duela Mendizabalen kasua, bere aurkari bat paretik kendu eta Donostiako Elizbarrutian boterea lortzeko. Zakurretara bota duela, isolatutako kasu bat, gainontzeko denak estaltzen segitzeko.

Badago zer ikertua kazetari lagunok.



Otsoa artzain.
Oier Aranzabal | Zuzeu, 2017-01-21

http://zuzeu.eus/euskal-herria/otsoa-artzain/

Hedabideok “Kakux” aferari bueltaka ari ginen bitartean, aste honetan, otoitzek gora egin dute Gipuzkoan. Entzun dituzu albisteak, irakurri kritikak eta aburu zorrotzak. Eta dirudienez, fededun bat baino gehiago minduta sentitu da, gaiak “gehiegizko atentzio mediatikoa” jaso duela iritzita. Hain zuzen ere, elizako murrutzarren barrualdera giltzapetuta egon diren kontu ilunok lehen aldiz argitaratu direnean. Mendizabal zakurretara bota zutela idatzi nuen aurreko asteburuan, eta aldeko zein kontrako iritziak hazi zaizkit inguruan, perretxikoak nola. Eta hasieran kontuak gehiagorako ematen ez zuela pentsatu banuen ere, ezin izan dut gaia gogotik atera. Barkatuko didazue.

Galdera eta zalantza gehiago sortu zaizkit. Munilla artzapezpikuari gustu handiz botako nizkiokeen galderak. Zurekin parterkatuko nahiko nituzkeenak. Ez bailitzateke sobera jakitea Donostiako Elizabarrutiak zergatik ezkutatu zuen “Kakux”-en kasua. Zergatik izan zen konplize. Zergatik ez zuten eraman epaitegietara lehenago. Eta zergatik supituki bai. Zergatik ari zen “Kakux” ohiko bizimodua egiten. Eta zergatik sartu duten derrepente monastegi batean. Galdetuko nioke Munillari ea zenbat kasu gehiago ezkutatu dituen elizak Euskal Herrian. Zenbat “Kakux” ote dauden hor zehar… Ea zenbat kasu ezagutzen dituen. Oraingoak, zein, iraganekoak.

Zer nahi duzu esatea, azkenean, ondorioa bat eta bakarra da: ez dakigula ezer, Munillak esan diguna baino. Elizak kontatu diguna sinestu behar dugula, fededun onenak bezala. Aitaren, semearen eta espiritu santuaren izenean, amen. Zeren, ez gaitezen erratu, Mendizabal erruduna den ala ez, Mendizabalek egindakoak “ukitze lizunak” ziren ala zerbait okerragoa izan zen erabakitzea ez dagokio Munillari, ezta Donostiako Elizbarrutiari ere. Justiziari baizik.

Zakurretara bota dutela pentsatzen jarraitzen dut oraindik ere. Konbentzituta nago zakurretara jaurti dutela, beste erremediorik ez zutelako. Hori zutela irteera bakarra, publiko egitera zihoalako. Eta behin botatzen hasita, probestu dutela esateko Mendizabal dela Elizaren gaitza, elizaren tumorea, jadanik erauzi duten kasu isolatua. Probestu dutela Munillaren gardentasun eta zintzotasuna azpimarratzeko. Galderek airean segi dezaten eta Eliza ahalguztidunak ukiezin izaten jarrai dezan.


ETA GAINERA…
Urkullu, Kenny eta abade katoliko abusatzaileena.
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du "Elizari dagokion prozesu bat" dela Juan Kruz Mendizabal 'Kakux' apaizarena. Ez, lehendakari jauna.
Luistxo Fernandez | Eibar, 2017-01-14
https://eibar.org/blogak/luistxo/urkullu-kenny-eta-abade-katoliko-abusatzaileena

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.