domingo, 26 de junio de 2022

#hemeroteka #gaiak #aitatasuna | Borja Muñoz Arrastia: "Estatuak ez luke arautu behar familiak nolakoa izan behar duen, askotariko ereduak babestu baizik"

Argia / Borja Muñoz Arrastia //

"Estatuak ez luke arautu behar familiak nolakoa izan behar duen, askotariko ereduak babestu baizik"

Gizon ez-heterosexualen aitatasun desira ikertu du Borja Muñoz Arrastia sexologoak. Familia nuklearraren eredu hertsia errepikatu baino, umeak hazteko alternatiba komunitarioak sendotzea aldarrikatu du EHGAMeko kideak.
June Fernandez | Argia, 2022-06-26
https://www.argia.eus/argia-astekaria/2784/estatuak-ez-luke-arautu-behar-familiak-nolakoa-izan-behar-duen-askotariko-ereduak-babestu-baizik

"Marika naiz eta aita izan nahi dut". Esaldi horrekin hasi du Borja Muñoz Arrastiak Gasteizko Udalaren ikerketa feministarako bekarekin prestatu duen lana: ‘Gizon ez-heterosexualen desira ez-patriarkalei iruditeriak irekitzen’. Psikologo eta sexologo honek hainbat udaletako sexu orientazio zerbitzuetan lan egiten du, baita eskoletan sexu heziketa hitzaldiak eman ere. Berriki sortu den EHGAM Gorbeialdea+ taldean militatzen du, eta familia ereduei buruzko lan ildoa abian jarri dute.

Mundu marikan muturreko bi joera sumatu ditu: antinatalista eta haurdunaldi subrogatuen aldekoa. Aktibista honen hautua, ordea, aitatasun desira asetzeko bide komunitario ez merkantilizatuak aldarrikatzea da. Diskurtso kritikoa sendotzeko, ezinbestekoa izan du ikuspegi feminista. Bereziki, Sara Lafuente Funes soziologoaren ‘Mercados reproductivos’ (Merkatu erreproduktiboak) liburua eta Gracia Trujillo eta Lola Roblesen ‘Un diálogo sobre gestación subrogada’ (Haurdunaldi subrogatuaren inguruko elkarrizketa bat) gomendatu ditu.

Orain dela gutxi arte, inork ez zuen espero LGTB pertsonok umeak ekartzea, eta horrek aginte sozialetik askatu gaitu. Erreferenteak izateak eragina du desiran?
Denetarik gertatzen da. Elkarrizketatu ditudan gizonen artean, batzuek txikitatik izan dute aita izateko desira, nahiz eta erreferenterik ez izan, eta frustrazio osoz bizi izan dute. Beste batzuei 'martzianada' iruditzen zitzaien umeak izatearen ideia, baina helduaroan piztu zaie gogoa, esaterako bikote lagun batek semena eskatu eta proiektuan parte hartzeko aukera eman dienean. Interneten milaka orrialde daude amatasun senari buruzkoak. Aldiz, aitatasun instintuari buruzkoak oso berriak dira, eta galdera moduan: existitzen al da? Nire ustez, ikuspegi sexologiko eta feministatik, prozesu biografiko konplexua ematen da. Badaude oztopo guztien gainetik aitatasun desirari eutsi dioten marikak. Horrek esan nahi du instintu naturala dutela? Ez dut uste.

Aitatasun desira aldarrikatzen duzu, baina zalantzan jartzen duzu hori gauzatzea eskubidea denik.
Arriskutsua da defendatzea guraso izatea eskubidea dela. Prozesu subjektibo baten emaitza da desirak eta beharrak nahastea. Beharrak direla onartzen dugun heinean, eskubide bihurtzen dira, eta orduan estatuak bermatu behar ditu. Horrek arazo politiko bat dakar. Horregatik nahiago dut desira modu kritiko batean aztertzea eta, ondoren, komunitatea sortzeko erabil dezakegula aldarrikatzea, ez soilik proiektu indibidualistak gauzatzeko.

Haurdunaldi subrogatua defendatzen duen hainbaten ustez, diskriminatzailea da Osakidetzak bikote lesbianoi doako tratamenduak eskaintzea eta, aldiz, gayen ugalketa desirari ez erantzutea.
Oso desberdina da semena behar izatea ala umea sabelean haziko duen pertsona bat behar izatea. Ernaltzeko gaitasuna ez dauka pertsonak, haziak baizik. Hau da, norbait intseminatu daiteke hazi horren “jabea” jakinaren gainean egon barik. Aldiz, ernaldia gorputzaren barruan gertatzen da eta, hortaz, haurdunari gertatzen zaio; ez da labe bat. Era berean, ezin dugu alderatu esperma ematea obuluen donazioarekin [haurdunaldi subrogatuetan beharrezkoa dena]. Semena masturbazioaren bidez ateratzen da, egun bateko kontua da eta ez du albo-kalterik. Obuluak ateratzea, ordea, prozesu luzea, mingarria eta inbaditzailea da.

LGTB pertsonon ugaltze-eskubideen alde egiteko, “antzutasun konstituzionala” kontzeptua asmatu da. Zer iruditzen zaizu?
Bollerak eta ama bakarrak lagundutako ugalketatik baztertzeko esan da gizonezko bikote eza ez dela antzutasun arazo bat. Irizpide horri erantzuteko argudioa izan da LGTB pertsonok antzutasun konstituzionala dugula, ezin ditugulako gure bikoteetan sexu-harreman ugalkorrak izan. Baina diskurtso hori problematikoa da, ontzat ematen duelako bikotea dela ugalketarako esparru bakarra. Marika eta bollerok badugu umeak ekartzeko gaitasuna, bikotetik kanpo edo harago egiten badugu. Gainera, LGTB siglen barruan askotariko errealitateak daude: esaterako, marika zis bat eta marika trans bat bikote badira, non dago antzutasun konstituzionala?

Lagundutako ugalketaren industriak LGTB komunitatea erabiltzen du, garestiak diren edota arazo bioetikoak dituzten tratamenduak onartzeko eta komertzializatzeko.
Badirudi guretzat asmatu dituztela haurdunaldi subrogatuak, nahiz eta gayak erabiltzaileen gutxiengoa izan. Haurdunaldi subrogatuen legeztatzea ez da mugimendu marikaren aldarrikapena izan; gay dirudun gutxi batzuk sartu dira defendatzera, haien ametsa betetzeko panazea dela saldu dietelako. Gai konplexua da; ume horiek hazten direnean haien bizitza aldarrikatuko dute: “Nire gurasoak dira eta ni hemen nago”. Horregatik, tentuz eztabaidatu behar dugu. Nire aldarria zera da: goazen gure proiektuak garatzera, ahal dela, estatu, merkatu eta teknologia barik.

Zer iritzi dute zure elkarrizketatuek haurdunaldi subrogatuei buruz?
Denak agertu dira kontra, oso modu adierazkorrean. Batzuek transfeminismoarekin lotura daukate, baina beste batzuk ez daude politizatuta eta, hala ere, denek esan dute ezinezkoa dela kapitalismo basatiaren testuinguruan inplikatu guztien eskubideak bermatzea. Bakar batek esan du onargarria irudituko litzaiokeela, modu oso kontrolatuan bideratuko balitz, kudeaketa publikoaren bidez, diru truke barik, eta emakumeen eskubideak bermatuz. Hau da, haien kontrako jarrera ez datza ikuspegi moralista edo esentzialista batean, baizik eta ikuspegi antikapitalistan.

Adopzioa da umeak hazteko dugun beste bide bat. Esango nuke jendartean idealizatuta dagoela, ez dituztela adopzio sistemaren oztopoak edota zailtasunak ezagutzen. Zer adierazi dute elkarrizketatuek?
Oso modu kritikoan agertu dira batzuk; batez ere nazioarteko adopzioan ematen diren umeen istorioei buruzko kezkak dituzte. Gainera, nazioarteko adopzioa oso mugatuta dago bikote homosexualentzat. Adopzioen erdigunean umeen beharrak egon behar dira: jada ez dira umeak bilatzen gurasotasun desira asetzeko, baizik eta etxeak bilatzen dira guraso gabeko umeentzat. Elkarrizketatu batek familia harrera defendatu du…

Baina harrera sistemaren helburua da umea bere jatorrizko familiarekin bueltatzea, baldintza egokiak ematen direnean.
Horregatik, elkarrizketatuak esaten du inork ez dizkizula umeak ematen ezta kentzen ere, haurrak ez direlako ondasunak, ezta gure gorputzetik sortu direnean ere. Beste elkarrizketatu baten iritziz, harrerako tutorea izateak ez zaitu aita bihurtzen, baina aitatasun desirari lekua egiteko bide bat da. Hirugarren batek irakaskuntzaren bidez sublimatu du aitatasun desira. Ikuspegi polita iruditzen zait, komunitateari lotuta dagoelako.

Sistemak bide bakarrera bultzatzen gaituela diozu. Nola izaten zituzten umeak gay eta lesbianek lagundutako ugalketa tekniken aroaren aurretik?
Padres como los demás (Gainontzekoak bezalako gurasoak) izeneko liburuaren arabera, gurasokidetasun proiektuak betidanik existitu dira. Aplikazio digitalen ordez, egunkarietako kontaktu orriak baliatzen zituzten zenbaitek. Nire elkarrizketatu marika batek emakume heterosexual batekin izan du umea eta elkarrekin bizi dira; munduari begira, familia heterosexuala dira. Halako akordioak izan dira historikoki ohikoenak, aldatu dena da lehen armarizatuak zeudela eta orain ikusgai direla.

Zer iruditzen zaizkizu gurasokidetasunerako bidelagunak topatzeko aplikazioak?

Ni oso erromantikoa eta teknofoboa naiz! Baina pertsona askorentzat tresna guaia izango da eta, seguruenik, istorio politak sortuko dira, Tinderrekin gertatzen den moduan. Aplikazio horien existentziak frogatzen du badaudela haien proiektuak modu horretan sortu nahi dituzten pertsonak. Heteroek badakite jende asko dagoela munduan haien desira konpartituko duena. Guretzat, ordea, erronka handia da hazkuntza tribu bat sortu nahi duen lagun bat topatzea. Aukera hori ez dago iruditerian eta, hortaz, dena asmatu behar dugu. Hasteko, gure burua eta jendearena konbentzitu behar dugu, posible dela sinesteko. Eskoletara joaten naizenean, ikasleek badakite marikak, bollerak edota transak existitzen direla, baina bikoteei kritika egiten badiezu, edo hirukoteak aipatzen badituzu, nerabeek eskuak burura eramaten dituzte!

Ikerketan adierazi duzu marika batek guraso izan nahi duela esaten duenean, jatorrizko familiaren erreakzioak kontraesankorrak direla: harridura, poza, lotsa, ezinegona…
Armairutik ateratzen garenean, ohikoa da gure familien onarpena partziala izatea: “Ondo da, baina ez diot familia zabalari kontatuko”. Aitzitik, leinua handitzen dugunean, gure senideak armairutik ateratzera behartuak egongo dira aurretik egin ez zutenekin. “Homofobiaren mendekua” deitzen dio elkarrizketatu batek paradoxa horri.

Senideek errazago onartzen dute gure gurasotasuna umearekin lotura genetikoa baldin badugu.
Bai, ikaragarria da. Aldiz, elkarrizketatuen artean inork ez dio ematen garrantzi handirik; haien desira ez datza ugaltzean, umeak heztean baizik. Batek esan du seme-alabak izateak ez zaituela aita bihurtzen, baizik eta umearen aitortzak. Bestetik, aitatasun mota desberdinak izendatzeko terminologia sortzearen aukera aipatu dute zenbaitek. Hala, bi elkarrizketatuk lau gurasoko familia sortu dute, bollera bikote batekin batera. Bakoitza deitzeko modu bat asmatu dute: aita, aito, ama eta txu. Izena badute, baina aitorpen legalik ez. Estatuak ez luke arautu behar nolakoak izan behar duten familiek, baizik eta existitzen diren aukerak aitortu eta babes legala eman.

Aitortza legala ez izateak inguruaren aitortza oztopatzen du?
Bai, aita eta aito diren bikoteari ezagun batek esan die ez direla benetako aitak, ez dakitela zer den aita izatea, lau pertsonen artean oso erraza delako umeak haztea. Hori esan dienak agian inbidia du, lau gurasoko familia batean inork ez duelako bestelako proiektuak alboratu beharrik. Asko laguntzen dute elkar, komunitatea sortu dute.

Kanadako, AEBetako edota Kolonbiako epaitegietan garaipenen bat lortu da halako ereduak onartzeko. Nondik has gaitezke gurean?

Lehenik eta behin, testuinguru bakoitzera egokitu beharko litzateke sistema. Esaterako, onartezina da eskola batean familia bollero bat egotea lehen hezkuntzatik batxilergora arte eta, hala ere, dokumentazioan oraindik “aita” eta “ama” kategoriak agertzea. Erregistro zibilean aldaketak egin behar dira, argi eta garbi, baina oposizio handia ekarriko du, familia nuklearraren zentralitatea eta pribilegioak zalantzan jarriko dituelako.

Mugimendu lesbofeministan amatasunaren kontrako argudio bat plazaratzen da familia nuklearrak sortzen ditugunean: komunitate bolleroa ahultzen dugula. Ulertzen duzu kezka?
Nik justu kontrakoa aldarrikatzen dut: ez badugu jarraitzen heterosexualitatetik datorren eredua, gure desirak komunitatea indartzeko balio dezake. Hau da, nire bikotekidearekin soilik ase ezin dudanez, aliantzak sortuko ditut gertuko bollera edo emakume heteroekin. Sare horien artikulazioak apurtuko du familia nuklearrak dakarren atomizazioa, bakoitza bere etxe barruari begira egotea. Ez dut esaten gaizki dagoela bikotean heztea edo gurasobakarra izatea; nahi dudana iruditeria zabaltzea da. Sexologoa naizen aldetik, ekarpen interesgarria iruditzen zait desira motak desberdintzea: desira erotikoa, desira hedonikoa eta ugalketarako desira. Nahastu daitezke, baina ez derrigorrez, sexu askapen mugimenduak eta feminismoak defendatu dutenez.

Mariken artean nola ematen da gurasotasunari buruzko eztabaida, ematen baldin bada?

Mundu marika nahiko antinatalista da. Errazagoa izan zait ama bibollo edo aita transen diskurtso kritikoak topatzea. Gayen artean diskurtso sutsuenak haurdunaldi subrogatuen aldekoak dira; familia sortzeko duten eskubidea aldarrikatzen dute, ikuspegi idealizatu eta akritiko batetik, ekintza horien ondorioak aurreikusi barik.

Elkarrizketatu bat aita trans haurduna da. Zer nabarmenduko zenuke bere ekarpenaz?
Gizon transek umeak sabelean hazteko gaitasuna dute, baina gizarteak aukera hori ezabatzen du. Alde batetik, trantsizioa egiteko hartzen diren erabakiek (ebakuntzak, hormonazioa…) ugalketarako gaitasuna baldintzatu dezakete. Hormonak hartzeari utz diezaiokete, baina mundu binaristari begira hautu horrek dakarren prezioak aukera baztertzera eraman dezake. Bestetik, haurdunaren iruditeria feminitateari lotuta dago. Liburu bat utzi zidan, haurdunaldi matxote bat izateko gako umoretsuak ematen dituena: “Garagardo-tripontzia izateko modua izan daiteke!”. Pertsona transen ekarpenak asko gustatzen zaizkit, oso baliagarriak direlako jendarte osoarentzat. Izan ere, emakume zis askok ere ez du haurdunaren kanonarekin betetzen.

Ikerketaren hasieran azaldu duzu zure prozesu pertsonalean laguntzeko aukeratu duzula gaia.

Ikerketa honek aukera eman dit nire hausnarketan sakontzeko. Aita izan nahi dut betidanik. Emakumezko bikotekideak nituenean, gogoa presente zegoen. Lanaldi osoko marika izatea erabaki dudanean, dolu moduko bat egin behar izan dut. Pixka bat galduta ibili naiz, erreferenteak behar nituen, eta ikerketari esker topatu ditut. Asko ikasi dut elkarrizketatuen bizipenetatik, eta nituen zalantza zein beldur asko baretu dizkidate. Orain nola gauzatuko dudan aitatasun desira? Ba itxaron beharko dut, nire bikotekideak eta biok eraiki nahi dugun komunitate ereduarekin bat egiten duten lagunak ezagutu arte.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.