jueves, 16 de junio de 2022

#hemeroteka #transfobia #memoria | ‘Francis’ hil eta berrogeita hiru urtera

Argia / Francis-en hilketa salatzeko manifestazioa Donostian //

‘Francis’ hil eta berrogeita hiru urtera.

Itsaso Zubiria Etxeberria | Argia, 2022-06-16

https://blogak.argia.eus/argia/2022/06/16/francis-hil-eta-berrogeita-hiru-urtera/

Zuk beranduxeago irakurriko baduzu ere, irakurle, ekainaren 10 batean idazten ari naiz lerrook. Francis trabesti homosexuala Antonio Caba poliziak tiroz hil eta berrogeita hiru urtera, justuki. LGTBIfobiaren Kontrako Eguna den maiatzaren 17a, Francisen oroimena, eta sexu askapena aldarrikatu nahi duen ekainaren 28a batzeko lehen ‘Francisaldia’ zikloa bere ekuatorera iritsi denean.

Franco hil osteko garai korapilatsuak. Gladys del Estalen hilketa astebete eskas lehenago, nuklearren kontrako borroka, Lemoiz, ETA (m), ETA (pm), gobernadore zibilen joan etorriak, tortura, bahiketak, “ordena ezartzeko” kaleak hartzen zituzten uniformedunak armak eskuetan… Hori zen –edo hori ere bazen, behintzat– 1979 hura. Testuinguru horretan hil zuten Vicente Vadillo Francis Errenteriako Apolo dantzalekuan. Baina nola eman zuen albiste horren berri orduko ‘Zeruko Argia’-k?

Aldizkariaren artxiboan topatutako zenbakian irakur daiteke, asteko gertakarien kronika eginez eta garaiko testuinguruan kokatuz, nola azaltzen den: “Vicente Vadillo Santamaria, Francis izenarekin ezagutua zen trabestia, Errenterian lau egun zeramatzan polizi baten tiroz hil zen. ‘Sin mediar riña, pelea o altercado alguno, al exhibir el policía nacional Antonio Caba Laguna el arma que portaba, disparándose y produciendo la muerte al indicado Vicente’ gertatu omen zen, dio Donostiako komisaldegiko bertsioak. Asko azpimarratuz Francis emakumez jantzia zegoela (ez dakigu zergatik, agian emakumez jantzia ibiltzeak hilko zaituen adierazpen bat delako), leuntzen du arazoa komisaldegiko agiri ofizialak. (...) Armak eskuan eta erabiltzeko posibilitatea dutenek, horrelako arriskuan uzten dute edonor”.

Artxiboak historia berreskuratzeko altxor
Iragana ezagutu beharrean gara oraina konprenitzeko. Horretan laguntzen digute artxibo historikoek. ARGIAk ere badu berea eta lanean ari da argazki artxiboa sailkatu, antolatu eta aurrerago nahi duenaren eskura jartzeko.

Barkamenarena beste baterako utzi dezakegu, baina ahaztu ez baita sekula egin behar. Eta ahanzturan ez erortzeko balio badu artxiboak txukundu eta denek kontsultatzeko moduan jartzeak, memoria ariketa interesgarria izango da. Garaiak asko aldatuko baitziren, baina botereak berdina izaten jarraitzen baitu; emakume bat bortxatzeko izan, trabesti bat hiltzeko edo torturatzeko. Ez ahaztu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.