martes, 28 de junio de 2022

#hemeroteka #lgtbi #harrotasuna | 'Irungo LGTBIQ+ Pride' egingo dute larunbat honetan

Hitza / Koldo Zabala, Pablo Campo, Miren Etxebeste eta Tina Gasmi //

'Irungo LGTBIQ+ Pride' egingo dute larunbat honetan.

Hiriko zenbait eragile elkartu dira egitaraua antolatzeko eta udalaren babesa jaso dute. Eguna 16:00etan hasiko da Zabaltza plazan.
Alaine Aranburu | Bidasoaldeko Hitza, 2022-06-28
https://bidasoa.hitza.eus/2022/06/28/harrotasun-eguna-irun-2022/ 

Irungo LGTBIQ+ Pride-n bigarren edizioa antolatu dute elkarlanean Txingudiko Elkarte Feministak, Eskina tabernak, Bidashopek eta udaleko Berdintasun sailak. Jarduera eta ibilbide nagusi batek osatzen dute uztailaren 2ko egitaraua, eta gaur horren aurkezpena egin dute Urdanibia plazan.

Egitaraua
Eguna 16:00etan hasiko da Zabaltza plazan eta bertan DAak musika jartzen egoteaz gain, Fantasy Queens bikoteak makillaje tailerra eskainiko du. Asmoa, plaza horretatik abiatuko den ibilaldirako drageatuta egotea dela adierazi dute antolatzaileek.

Jarraian, 17:30ean, Yogurinha Borovak drag bingoa aurkeztuko du. Martxa 19:00etan hasiko da Zabaltza plazatik, Urdanibia plazara, eta bertara iristean, manifestua irakurriko dute antolatzaileek, 19:45ean, gutxi gorabehera.

Eguna amaitze aldera, Drag Race, hau da, drag lehiaketa bat antolatu dute Moskun. Ingrid Da Pin Up izango da aurkezlea, eta Eskina tabernako jabe den Pablo Campok adierazi du “oso dibertigarria” izango dela, eta “kolore asko emango dio ekitaldiari”.

Azkenik, 22:00etan, Helena y la verbena kontzertua antolatu du udalak. Miren Etxebeste Berdintasun ordezkariak azaldu du antolatzaileen ekimenaren berri izan zutenean, batzea ideia ona iruditu zitzaiela, eta beraien alea kontzertua izan dela. “Espero dugu jende asko etortzea LGTBI harrotasuna defendatzera eta ongi pasatzera. Izugarrizko kartela osatu dute”.

Ortzadarra, Irungo udaletxean
Aurten ortzadar handi bat jarri dute udaletxean, eta Berdintasun ordezkariari azken urteetan Irungo udaletxean ortzadar ikurrina jartzearekin egon diren gorabeherez galdetuta, Etxebestek azaldu du “komeriak” izan dituztela beste urteetan, baina gaur egunera begira “eskertzekoa” dela alderdi guztiek onartu izana aniztasuna defendatzea, “nahiz eta gure jaiak izan”. Horrez gain, eskertu egin du adierazpen instituzional bateratua adostu izana.

Hilaren 28a kantineren eguna da alardea ospatzen duten irundarrentzat, eta izan dezakeen garrantziaz jakitun dela, baina ortzadarrak bere lekua hartu behar duela, hala ere, defendatu du. “Gauza batek ez du bestea kentzen, eta frogatu dugu egin daitekeela, uztar daitekeela. Tradizioak uztartu ditugu, nola ez, bata eta bestea kendu gabe. Harrotasuna ere defendatuko dugu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.