martes, 11 de febrero de 2025

#hemeroteka #inmemoriam | Josu Cariñena Arbelaitz militante konprometitua zendu da

Josu Cariñena Palestinari elkartasuna adierazteko elkarretaratze batean, 2023-10-12 //

Josu Cariñena Arbelaitz militante konprometitua zendu da

EHGAM edota ezker abertzaleko militante "konprometitua" izan zen Cariñena. Hazia herriko tabernako arduradun eta langilea izan zen 22 urtez.
Alaine Aranburu Etxegoien | Bidasoako Hitza, 2025-02-11
https://bidasoa.hitza.eus/2025/02/11/josu-carinena-arbelaitz-irun/ 

Ortzadarren banderari tonu batzuk joan zaizkio Irunen. Josu Cariñena Arbelaitz LGTBIAQ+ eskubideen aldeko eta ezker abertzaleko militante historikoa zendu zen atzo 64 urterekin, gaixotasun baten ondorioz. Borrokan “bukaera arte” aritutakoa izan zen Cariñena eta militante «konprometitu» gisa oroitu du Irungo ezker abertzaleak.

EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapenerako Mugimenduko kidea izan zen 1979tik 1999ra eta ondoren beti mugimenduarekin harremanetan jarraitu zuen. Irungo Udalari 1993an ortzadarraren bandera entregatu ziotenetako bat izan zen Cariñena Juantxo Quirogarekin batera, LGTBIAQ+ Harrotasun Egunean udaletxeko balkoian jartzeko asmoz. Udalak uko egin zion urteetan egindako eskariari eta Urdanibia plazako Ospitale Zaharrean jarri izan zuten.

Ondoren, bandera berri bat entregatu zioten 2016an udalari, baina orduan ere uko egin zion Jose Antonio Santanoren gobernuak hura zintzilikatzeari. LGTBIAQ+ eskubideen aldeko borroka sutsua egin zuen eta bere ingurukoen esanetan, “beti harro” agertu zen bere identitateagatik.

Herri Batasunako zinegotzi karguan aritu zen bi agintaldi eta erdiz, 1987 eta 1991 urteen artean eta 1991 eta 1992 urteen artean. ASK eta BAEko militantea ere izan zen. BAE Irungo alardean emakumeen parte hartzearen aldeko mugimendua izan zen eta alarde parekidearekin konpromiso sendoa izan zuen beti. Su Txikian mugimendu feminista sortu zenean ere beti alboan egon zen.

Bere ingurukoen arabera, “beti borrokarako prest” egon zen eta gaixotasunak uzten zionean euskal preso politikoen eskubideen aldeko Azken Ostiraletako elkarretaratzean izaten zen. Era berean, konpromiso handia zeukan Palestinaren askatasunaren mugimenduarekin, eta azken urteetan, eskualdeko osasungintza zerbitzuak hobetzeko borrokarekin bat egin zuen. Txingudiko Pentsionisten deialdiei ere erantzun izan zion.

Hazia herriko tabernan egin zuen lan eta bertako arduraduna izan zen 22 urtez; 2018an utzi zuen bertako jarduna. Bestalde, Karrika Nagusian zegoen Txurrumurru arropa dendaren jabea izan zen ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.