jueves, 21 de noviembre de 2024

#hemeroteka #homofobia #erasoak | Iruñean gertatutako eraso homofobo bat salatu du EHGAMek

LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunean Gasteizen egindako manifestazioa, iaz //

Iruñean gertatutako eraso homofobo bat salatu du EHGAMek

'Cruising' gune batean zeudenetako bati oldartu zitzaion gizonezko talde bat: irain egin zioten, eta autoan segika ibili.
Ion Orzaiz | Berria, 2024-11-21
https://www.berria.eus/euskal-herria/irunean-gertatutako-eraso-homofobo-bat-salatu-du-ehgamek_2133841_102.html

Eraso homofobo baten berri eman du Nafarroako EHGAMek. Salatu dutenez, azaroaren 8an, zenbait gizonezko gazte Iruñeko ‘cruising’ gune batera joan ziren, eta han zeudenei oldartu. Zehazki, gune hartan zeudenetako bati irainka hasi zitzaizkion, eta, horren ostean, haren atzetik ibili ziren autoan segika.

«Indarkeriazko jokabide» hori txarretsi du EHGAMek, eta gaineratu du ez dela ‘cruising’ guneetan gertatzen den lehen erasoa: «Etenik gabe gertatzen dira halako erasoak, eta era askotakoak izan ohi dira: mehatxuak, irainak, jazarpena, eta baita eraso fisikoak ere».

Halakoak ikusirik, elkarteak adierazi du konponbidea ez dela «plazerari edo espazio publikoen homosozializazioari» uko egitea: «Aitzitik, arreta jarri nahi dugu LGTBIAQ+fobian, disidentzia afektibo-sexualaren aurka egiten den horretan, gure espazioetan ere sartzen baita, gure komunitatea bortxatzeko asmoa erakutsiz».

Horregatik, gisa horretako erasoak sufritu dituzten guztiei elkartasuna adierazi die EHGAMek, «baita maitasuna, elkarrenganako laguntza eta salaketa soziala ere».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.