Liam Manley, Sara Zozaya eta Jon Sierra // |
Kuir proiektua, aniztasunaren ibilbide oso bat
Sexualitate eta identitate aniztasuna hizpide, Kuir erakusketa sortu dute hiru gaztek Intxaurrondo Kultur Etxean. Iraganari ez ezik, LGTBI kolektiboaren egungo errealitateari ere erreparatzea dute helburu. Horretarako, mahai inguru bat antolatu dute datorren ostegunean, hilak 28, Amarako Axel hotelean.
Olatz Balda | Irutxuloko Hitza, 2024-11-23
https://irutxulo.hitza.eus/2024/11/23/kuir-proiektua-aniztasunaren-ibilbide-oso-bat/
Intxaurrondoko kultur etxean, kirol espazioetatik metro batzuetara, tartea egin diote sexu eta genero aniztasunari. Kuir erakusketan, aniztasun horren iragana islatu dute Sara Zozayak (2003, Andoain), Jon Sierrak (2003, Orereta) eta Liam Manleyk (Gros, 2004). Sexu aniztasuna gizakia gizaki den unetik izan dela ikusarazi dute. Izan dela, eta zigortu egin dela. Hala, historiaurretik gaurdaino izan diren figura eta data esanguratsuenak bildu dituzte, eta, tartea egin diote identitatearen esplotazioari.
Proiektuak, kolektiboarentzat espazio seguruak sortzeko behar eta nahietan du sorrera. Zozayak, Sierrak eta Manleyk bat egin zuten Mondragon Unibertsitateko LEINN graduan, eta Kuir proiektua jarri zuten martxan: “Donostia Gazteriaren Martx Up proiektu garatzailean sartu ginen. Eskola batzuk izan genituen, baita gidaritzak ere, eta urtarrilan hasi ginen gaur Kuir denaren ideia lurreratzen”, adierazi du Sierrak. Hiru lagunek argi zuten LGTBI kolektiboaren denbora lerro bat marraztu nahi zutela, eta egungo errealitatea baino gehiago erakutsi nahi zutela: “Askotan, LGTB kolektiboa lotzen da egungo tendentzia batekin edo moda batekin. Horrekin hautsi nahi genuen.”
Sexu aniztasunaren iragana, oraina, eta etorkizuna islatu eta irudikatzeko, hiru proiektu jarri dituzte martxan. Iraganari erreparatzeko, erakusketa sortu dute; egungo errealitateaz hausnartzeko, profesionalak bilduko dituen jardunaldi bat antolatu dute datorren ostegunean; eta etorkizunera begira ekarpenak egiteko, Gipuzkoako zenbait eskoletan aritu dira, haurrekin Scape Room saioak egiten gai bera lantzeko: “Guk jaso ez genuen informazioa ematea garrantzitsua iruditzen zitzaigun. Eta bide batez, modu dibertigarrian ikastea”, azaldu du Zozayak.
Historiaurretik, gaurdaino
Sortzaileek adierazi dutenez, oso pozik daude emaitzarekin, baina lan handiko hilabeteak izan dira aurrekoak. Erakusketari dagokionez, tarte handia hatu du ikerketak. Azaldu dutenez, Euskal Herriko eta Espainiako jende askorekin hitz egin behar izan dute: “Bildutako informazio historiko guztia historialari batekin kontrastatzen aritu gara, gai honen inguruan desinformazio handia baitago Interneten. Hortik aurrera esan genuen, zertara nahi dugu jo?”, adierazi du Zozayak.
Denbora lerroaren ildoa jarraitu nahi zutela zehaztuta, materialaren aukeraketarekin hasi ziren lanean. Erakusketako artelanak bertako hiru ilustratzailerenak dira: Ruben Caballerok, Teresa Castrok eta Santi Garciak egin dituzte: “Historiaurreko ilustrazioak egiteko baliatu dugu, batik bat, euren lana, argazki garaikideak izan bagenituelako”. Dena dela, oztopoak ere izan dituztela aitortu dute kideek: “Argazki asko ezin dira erabili edo lizentziak oso garestiak izan dira”. Nolanahi ere, lortu dute Donostiako Askapen sexualaren mugimenduaren argazkiak lortzea eta baita nazioarteko une historikoetakoak ere —bigarren mundu gerrakoak, kasu—.
Era berean, 3D inprimagailu batekin egindako mapa bat gehitu dute erakusketara, eta bideo bidezko informazioa gehitu diote, Espainiako Estatuko izan diren legeen zurrunbiloa islatzeko: “Duela urte batzuetako bideoak dira, baina bertaratzen direnak harritu egiten dira, hainbat politikariren ahotatik irteten ziren iruzkinekin”. Erakusketaren amaieran, gainera, identitatea lantzeko txoko bat utzi dute: “Haurrentzako txoko gisa dago pentsatuta, bertan dituzten askotariko elementuekin, nahi duten moduan islatu dezaten euren identitatea”.
Ekitaldi nagusia, hilaren 28an
Proiektuaren denbora lerroaren iragana eta etorkizuna islatuta, orainari erreparatuko diote hiru gazteek egun batzuk barru. Horretarako, ekintzailetza jardunaldia egingo dute, hilaren 28an, Amarako Axel hotelean (18:00). Lau parte hartzaile izango dituen mahai inguru bat egingo dute, eta aditu bakoitza gai zehatz baten inguruan mintzatuko da: “Elkartu nahi ditugu ikasleak, profesionalak, arte munduko aktibistak, eta aniztasunaren arloan lan egiten duten profesionalak. Besteak beste, ezagutzera eman nahi dugu aniztasunak zer nolako isla duen lan munduan”. Iragarri dutenez, jardunaldia irekia eta doakoa da, baina izena eman beharko da aurretik.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.