lunes, 4 de noviembre de 2024

#hemeroteka #homofobia #gorrotokrimenak | Berriro zigortu dute hainbat homosexual hiltzeaz akusatutako gizona

Akusatua, epaiketan, urriaren 21ean //

Berriro zigortu dute hainbat homosexual hiltzeaz akusatutako gizona

Oraingoan, bi urte eta hiru hilabeteko zigorra ezarri diote, iruzur delitu batengatik. Hamar urteko zigorra betetzen ari da, hilketa saiakeragatik, eta beste zenbait hilketa leporatzen diote.
Gotzon Hermosilla | Berria, 2024-11-04
https://www.berria.eus/euskal-herria/berriro-zigortu-dute-hainbat-homosexual-hiltzeaz-akusatutako-gizona_2133019_102.html

Bilboko Zigor Arloko 5. Epaitegiak bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri dio gizonezko bati, iruzur delitu batengatik. Zigortutakoa zenbait gizon homosexual eta bisexual hiltzeaz akusatutako gizonezkoa da. Akusatua hamar urteko zigor bat betetzen ari da, hilketa saiakeragatik, eta 2021ean Bilbon izandako beste zenbait hilketarekin lotzen dute.

Epaian, frogatzat jo dute akusatuak beste pertsona baten kreditu txartela erabili zuela 2021eko irailaren 16tik 18ra, dirua ateratzeko eta jantziak, erlojuak, lurrinak eta bestelako produktuak erosteko. Operazio horietako batzuk Bilbon egin zituen, eta beste batzuk Murtzian (Espainia). Orotara, 6.300 euro inguru gastatu zituen. Hala ere, epaiak dio ez dakitela nola lortu zuen txartela. Txartel horren jabea hilda aurkitu zuten 2021eko irailaren 20an.

Epaian, berrerortzearen larrigarria aplikatu diote akusatuari, 2021eko apirilean beste iruzur delitu batengatik zigortu baitzuten. Fiskaltzak beste larrigarri bat aplikatzeko eskatu zuen, sexu joera edo identitatearen araberako delituarena, alegia, baina epaian ez dute eskaera hori aintzat hartu, «ez baitago frogatuta akusatuak biktima ezagutzen zuela, eta horrek baztertzen du txartelaren jabearen sexu joera izatea akusatuaren zio nagusia delitua egiteko». Akusazio partikularrak beste delitu bat leporatzen zion akusatuari, indarra erabiliz lapurreta egitearena, baina epaiketa hasi aurretik auzibidetik kanpo utzi zuten salaketa hori.

Akusatuak erabilitako dirua itzuli beharko du, eta auzibidearen kostuak ere ordaindu beharko ditu. Epaiari helegitea aurkeztu ahal zaio Bizkaiko Probintzia Auzitegian.

2022an atxilotua

Akusatua 2022ko maiatzean atxilotu zuten, Bilbon izandako zenbait hilketarekin zerikusia zuelakoan. Izan ere, 2021eko irailetik urrira bitartean, zenbait gizon hilda aurkitu zituzten Bilbon. Hasieran, ikerlariek pentsatu zuten denak «era naturalean» hil zirela, baina geroago jakin zuten hildako guztiek erabili zutela gizonezkoen artean zitak edukitzeko Wapo aplikazioa, eta, hil ondorengo egunetan, dirua desagertu zela biktimen kontu korronteetatik. Ez dago argi zenbat diren hildakoak, baina akusatuari gutxienez bost hilketarekin harremana izatea egozten diote.

Oraingo auzibidean aztergai izan duten delituaren biktima ere hilda aurkitu zuten 2021eko irailean, baina heriotza ikertzeko auzia artxibatu egin zuten. Gehitu Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen elkarteak helegitea aurkeztu zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, kasua berriro ireki dezatela eskatzeko, eta auzitegi horren ebazpenaren zain dago. Horregatik, epaiketa egin behar zuten egunean, Konstituzionalak erabaki bat hartu aurretik hura ez egiteko eskatu zuen Gehituk; izan ere, Konstituzionalak helegitea onartuko balu, oraingo epaiketa berriz egin beharko lukete, eta horrek «bigarren biktimizazioa» eta «biktimen sufrimenduan sakontzea» ekarriko luke, elkartearen iritziz. Hala ere, Gehituren eskaera ez dute aintzat hartu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.