lunes, 22 de julio de 2024

#hemeroteka #gayak #festak | Ioritz Alvarez Zufiria: «Nik uste jendeak duen erronka nagusia dantzaren gaia dela»

Ioritz Alvarez Zufiria · Santanazalea: «Nik uste jendeak duen erronka nagusia dantzaren gaia dela»
Laida Goiburu | Goiberri, 2024-07-22

https://goiberri.eus/2024/07/22/ioritz-alvarez-santanazalea/

Ioritz Alvarez //
Ioritz Alvarez (Ordizia,1993) ekainean ezkondu da jada bere senarra den Iñigo Abadiarekin. Santanazaleen esku-dantzan parte hartuko du uztailaren 27an, ohitura zaharrean parte hartuko duen sexu bereko lehendabiziko bikotearen ordezkari izango delarik.

Bide bat ireki dezakezuela sentitzen duzu?
Ni ateratzen naiz Santanazaleetan tradizioagatik, aurreskuko monitore izan naizen bezala, Santanazaleen ohitura nire etxean beti bizi izan da, nire aita atzeskua izan zen. Ni ez naiz kontziente horretan erreferente bat izan naitekeenik. Arreta ematen dit orain dela 10 urtetatik [sic] ezkondu gaitezkeelako sexu bereko bikoteok. Lehenengo pertsona ni izatea harrigarria da niretzat, baina ni ateratzen naiz tradizio bat delako nire herrian. Jendeari laguntzen badiot, kolektiboko jendeak estigmak baditu ateratzeko eta hori desblokeatzeko lagungarri izaten bada gaitz erdi, baina nik argi nuen ohituragatik atera nahi nuela.

Oztoporik izan duzu?
Nik oztoporik ez dut izan, egia da orain dela urte batzuetatik hona Santanazaleen tradizioa aldatu egin dela, eta horrek ematen ditu abantaila gehiago. Duela bi urte Maria Balluerka aurreskua izan zen bezala, orain sexu bereizketa hori ez da hain markatua, ez da mutilak sokan eta neskak mantoia eramatea, eta aurresku eta atzesku beti mutilak. Jada ez da horrela.

Zure bikoteak ez du parte hartuko.
Lanagatik ezingo du. Aurten lau bikote eta erdi izango gara, ni bakarrik aterako naizelako.

Dantza monitorea izandakoa zara, baina Santanazaleena berezia izango da.
Aurreskuko monitorea izan naiz. Hau berezia da. Elizara joango gara, gero sokan hasiko gara, leku ezberdinetan soka egingo dugu eta gero zaharren egoitzara joango gara fandango eta arin-arina eta agurra dantzatzera. Agurra atzeskuak eta aurreskuak dantzatzen dute. Gero bazkaria. Tradizio bezala berezia da, eta aurten niretzat berezia da horren parte naizelako.

Zer moduz joan dira entseguak? Nolako eguna espero duzu?
Uztailaren 22an bukatuko ditugu entseguak. Egun horretan txistulariekin azken entsegua egingo dugu. Elkartu izan gara astelehenetan, asteartetan eta ostegunetan. Tradizioa da eta nik uste dut egun polita izango dela.

Mugarri bat bada lehen sexu bereko bikotea zaretelako. Nola baloratzen duzu hori?
Nire helburua ez da hori izan. Niretzat aberasgarria da, ni ateratzea eta agian jendearengan pentsamendu batzuk desblokeatzea eta parte-hartzea sustatzea kolektiboan. Hori lortuz gero, harro egongo nintzateke eta gustatuko litzaidake. Halere, nahiz eta tradizioa izan, ez dago oztoporik eta irekia da ezkonberri guztientzat.

1509tik egiten da, baina azken urteetan zailtasunak izaten ari dira bikote faltagatik. Nola animatuko zenituzke bikoteak parte hartzera?
Nik uste dut jendeak duen erronka nagusia dantzaren gaia dela. Nik gehiago baloratzen dut atzesku edo aurreskua dantzatzea dantzatzen ez dakien batek dakien batek baino. Ez da erakustaldi bat, tradizio bat da eta bakoitzak egingo du eskaini dezakeen hortatik. Une politak pasatzen direla esango nieke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.