jueves, 12 de febrero de 2026

#hemeroteka #lgtbi | Eraso matxistak edo LGTBI-foboak jasan dituztenen babesgune izango dira Eroski dendak

Denda jakin bat babesgune dela erakusten duen bereizgarria //

Eraso matxistak edo LGTBI-foboak jasan dituztenen babesgune izango dira Eroski dendak

Eroskiren dendak babesgune izango dira eraso matxista kasuetan eta LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoetan. Horrela izan dadin protokoloa sortu du Eroskik, eta hainbat dendatan eskainiko dute zerbitzu hori, langileak horretarako prestatu ondoren.
Naiz, 2026-02-12
https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20260212/eraso-matxistak-edo-lgtbi-foboak-jasan-dituztenen-babesgune-izango-dira-eroski-dendak

Eroskik protokolo bat jarri du abian bere dendak babesgune izan daitezen indarkeria matxista kasuetan eta LGTBI+ kolektiboaren aurkako erasoetan. Azaldu dutenez, helburua da harrera eta lagun egiteko espazioa eskaintzea era horretako erasoren bat pairatu dutenei. Hego Euskal Herrian, Errioxan eta Kantabrian ezarriko da ekimena, hipermerkatuetan, supermerkatuetan, plataforma logistikoetan eta bulego nagusietan.

Protokoloaren bitartez, Eroskiren dendak «konfiantzazko espazio» bihurtu nahi dituzte. «Espaziootan, arriskuan sentitzen den edonork gune seguru bat aurkituko du, arreta hurbila eta laguntza jasoko ditu, betiere beste baliabide edo zerbitzu batzuetara jotzeko izan dezakeen borondatea errespetatuta», adierazi dute Eroskitik.

Protokoloak zehatz mehatz jasotzen du langileen jardunbidea. Ezartzen du lasaitasunez jokatu behar dutela, enpatiaz entzun eta pertsonaren erabakiak errespetatu. Era berean, segurtasunari eman beharko diote lehentasuna, bai biktimarenganakoari zein zentroko langileenganakoari.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Horrela, dendek ez dituzte larrialdi zerbitzuak edo segurtasun indarrak ordezkatuko, babeserako eta laguntzarako aurreneko espazioak baino ez dira izango.

Marta Carazo Eroskiko Kudeaketa Sozialeko arduradunaren hitzetan, «Eroskiren dendak milaka lagunen eguneroko bizimoduaren parte dira, presente daude auzo eta herrietan». Horregatik, dendak «babesgune» bilakatuta, espero dute «modu koherentean» heltzea erantzukizun sozialari.

Horrela, Eroskik berdintasunarekin, bizikidetzarekin eta norbanakoen errespetuarekin «konpromiso historikoa» izan duela agertu nahi du eta «kontsumo kooperatiba gisa lurraldeetako errealitate sozialetik hurbil egoteko duen zeregina» sendotu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.