lunes, 28 de junio de 2021

#hemeroteka #lgtbi #politika | "Inoiz baino gehiago konprometitu behar dugu, adierazpen hutsalak baztertuz"

Irudia: Hitza / Errenteriako Udala //

"Inoiz baino gehiago konprometitu behar dugu, adierazpen hutsalak baztertuz".

LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala egin du udalak. Bost konpromiso zehatz hartu ditu.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2021-06-28
https://oarsoaldea.hitza.eus/2021/06/28/inoiz-baino-gehiago-konprometitu-behar-dugu-adierazpen-hutsalak-baztertuz/ 

LGTBIQ+ pertsonen eskubideen nazioarteko egunaren harira, Errenteriako Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdi guztiek adierazpen instituzionala adostu dute. 52 urte direla Stonewallen (New Yorken) lesbiana, gay, trans eta batez ere, trabestiek jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean matxinatu zirenetik ekarri dute gogora adierazpen horretan: “Ordutik data hau mugarri da, borroka disidente luzea eta lorpenak ospatzeko eguna da, baita eskubideen eremuan aurrera egiteko falta den guztia aldarrikatzeko eguna ere”.

Hamar urte geroago, 1979ko ekainaren 9an, polizia batek errenteriako diskoteka batean hil zuen Vicente Vadillo Santamaria 'Francis' ekarri dute gogora adierazpenean, “trabestia izateagatik hil zuen”. Urte hartako ekainaren 28an LGTBIQ+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartu zituztela lehen aldiz ere badio udalak, “erailketa salatu eta euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten”.

Aurtengo adierazpenean, arlo guztietan eragina izan duen pandemiari ere eskaini dio tartea udalak, “urtebete baino gehiago igaro da pandemiak gure bizitzak gogor astindu zituenetik. Etxealdi egoerak LGTBIQ+ pertsonen aurkako diskriminazio maila handiagoak ekarri zituen, haien eskubideak bermatu beharrean, urratsuak izanik”. Pandemiak, halaber, agerian utzi dituela kolektiboen eta ekintzaileen borroka neketsuari esker lortutako eskubideen aurrerapenak hauskorrak direla gaineratu du, eta oso erraza dela horiek galtzea eta atzera egitea: “Osasun krisitik ateratzen ari garenean, ‘normaltasun’ desiragarria itzultzearen diskurtsoak gailentzen ari dira; normaltasun horrek, ordena sozialean mendeko egoeran daudenentzat, bazterretan daudenentzat, baztertuta bizitzen jarraitzea esan nahi du, beren eskubideez gozatu gabe, edo dituztenak galduaz”.

Inoiz baino beharrezkoagoa dela, hortaz, konpromisoa gaineratu du, “adierazpen hutsalak” baztertuta. Pertsona guztientzako eskubideak bermatzeko erantzukizuna dutela erakundeek nabarmendu du, eta bereziki zaindu behar dutela LGTBIQ+ bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Horrenbestez, politika eraldatzaileak, eta baliabideez hornitutakoak bermatzea dagokiola asumitu du, “krisiaren ondorio negatiboak iraultzeko premiazko politikak eta sexu orientazioagatik edo genero identitateagatik mendekotasunik eta hierarkiarik gabeko gizarte eredurantz trantsitatzeko aukera emango diguten politika emantzipatzaileak, euskal jendarte errespetuzkoago, justuago, duinago eta askeago baterantz aurrera egiteko”.

Bost konpromiso zehatz hartu ditu udalak. Parte hartze prozesu baten bidea sexu eta genero aniztasuna politika publikoetatik nola garatu definituko duen ekintza plana sortzeko konpromisoa hartu du, Errenteriara egokitutako plan estrategikoa osatzeko. Horretarako, oinarri izango du ErreferenteEkin Errenteriako LGTBIQ+ biztanleriaren errealitateen diagnostikoan identifikatu ziren proposamenak. Halaber, Errenteriako LGTBI Mahaiarekin elkarrekintzan jardungo du, eta LGTBIQ+ pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean udalaren protokolo propioa sortzeko eta abian jartzeko konpromisoa ere hartu du.

Kolektiboaren ikusgarritasuna sustatzeko Ekainaren 28an ortzadar bandera jarriko du egun osoz, eta LGTBIQ+ kolektiboak egunaren harira antolatutakoetan modu aktiboan parte hartuko du, eta horretara deitu ditu herritarrak ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.