Oarsoaldeko Hitza / Irungo Harrotasun Kritikoa taldeko kideak //
Abaniko kritikoak astintzera
Antolatzen hasi dira Irungo LGTBIQ+ kolektiboko kideak, eta lehen urrats gisa har daiteke Irungo Harrotasun Kritikoa taldea sortu izana. Hiriko aurrekariak present, lehen agerraldia E28an egingo dute.
Alaine Aranburu Etxegoien | Oarsoaldeko Hitza, 2023-06-23
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/06/23/erreportajea-abaniko-kritikoak-astintzera-irungo-harrotasun-kritikoa/
Ba al zenekien Sexu Askapenerako Nazioarteko Eguneko aldarrikapen eta ospakizunak ez direla hiriburuetara mugatzen? Galdera erretorikoak absurdoa eman dezake, baina Irunen alardearen bueltakoak nagusi diren ekainaren 28an hala pentsatzea ez da hain lekuz kanpokoa. Egun hori, zehazki, kantineren egun gisa da ezaguna hirian, eta protagonistak kantinera figura betetzen dutenak dira. Baina, urte luzez, LGTBIQ+ kolektiboko irundarrek haien aldarrikapenak egiteko eta haien eguna ospatzeko ekintza ugari egin dituzte. Beren egunean, lekua egin behar izan dute. Ikusgarritasun horren bidean, irudi oso ezagun bat da, eta oraindik ere ikusten da alardeko instrumentuetan dauden eranskailuetan: kantineren eguna eta gaua irakur daiteke, eta bi kantinera, musukatzen, agertzen dira. Irudiaren egilea Eva Campo Muller izan zen.
Urteetan, esaterako, Irungo Udalari ortzadarraren ikurrina udaletxeko balkoian jartzeko eskaera egin izan diote ere Irungo transmaribibolloek, besteak beste. Aurrekariak aitortzearen garrantzia mahai gaineratu du berriz ere Miren Gil Lertxundik, aurten sortu den Irungo Harrotasun Kritikoko kideak: «Aurrekari horiek guztiak gabe ez ginateke egongo orain gauden lekuan. Esatea azken urteetako zerbait dela, aurreko guztia zerbait txiki bezala baloratzen dela irudikatzen da».
Aurrekariekin segituz, Moskun aldarrikapen plazak egin izan direla ere oroitarazi du Gil Lertxundik, eta azken urteetan hura, besteak beste, antolatzen izan den iniziatiba horiek xehetasunekin ekarri ditu lehen lerrora: «2021ean mikrofono irekia antolatu genuen, aldarrikapenen plaza ere dei diezaiokegu». Lagun talde batetik abiatu zen ekintza: «Pentsatu genuen halakoetan diskurtso bat idazten dela pertsona horien aldarrikapenak jasotzen dituena, baina, kasu horretan, plaza modu horretan parte hartzen ez dutenena ere bazela kontziente ginen, eta mikrofono ireki moduko formatuaren alde egin genuen, hainbat galdera planteatuz». Irudiak, audio mezuak edota poesiak, denetarik jaso zituzten. «Irundik sexiliatutakoen ahotsak ere jaso genituen. Hunkigarria izan zen. Urte horretako leloa, Bizi, gozatu, zisheteroarautik askatu! izan zen».
Irungo Harrotasun Kritikoa taldea
Aurrekari horiek guztiak present, Irungo Harrotasun Kritikoa taldea (IHK) eratu da hirian hilabete honetan, eta ez da ausaz izan. «Duela denbora dezente Irungo kaleetatik barrena kolektiboko jendea beti egon gara hitz egiten sortu behar dugula zerbait, oso isolatuta gaudela, bakoitza bere aldetik», azaldu du Gorka Iparragirre IHK-ko kideak. Moskun kolektiboko kideak elkar ezagutzen zirela, alegia, baina ezagun diren horiek ez dute inoiz talderik sortu, «ez da arrankadarik egon, ez dugu gorpuztu». Beste espazioetan bat egin dutela azaldu du Patricia Iturria kideak, «Emakumeen Etxean, Su Txikianekin… Ahoz ahoko zerbait zen elkartzearena». Antolatu dira, bada, eta dagoeneko hiru asanblea ireki egin dituzte. Lehen deialdia, aurtengo Ekainaren 28a antolatzeko helburuarekin egin zen, baina ia hogei pertsona bildu zirenez, egun horretatik harago lanean segitzeko kolektibo bat sortzea erabaki dute. «Argi dago elkartzen gaituen zerbait behar dela, nahiz eta ideia ezberdinetatik gatozen. Komunean badugu helburu bat», adierazi du Iker Monterok.
Taldeak kritikoa izan nahi du zuriketa arrosarekin. «Ikusgarritasuna ez da bakarrik bandera bat jarri eta lumak ipintzea. Hori oso ondo dago, baina ikusgarritasunak harago joan behar du». Egun batera ez mugatzeko deia egin dio Irungo Udalari Iparragirrek «oso ondo dago egun horretan banderak oparitzea, karroza bat egitea, egin behar delako, baina hortik aurrera ez gara existitzen eta hori errealitate bat da. Irunen saiatu dira iniziatiba asko egiten eta ukatu egin dira, eta hori esan beharra dago».
Borrokak «gero eta merkantilizatuagoak» daudela salatu du Gil Lertxundik, «kapitalismoak ez du aukerarik galtzen borrokak desitxuratzeko eta etekinak ateratzeko, pertsonak zapalduz eta lurraldeak ustiatuz». Iparragirrerekin bat egin du Gil Lertxundirekin: «Instituzioen eta multinazionalen ortzadarraren zuriketa ikusten ari gara». Ildo horretan, iaz IHK-k Peña kalean irakurketa bat egin zuen eta aldarrikapen horiek berreskuratu ditu Gil Lertxundik: «Harrotasuna ez da pride, eta paperik gabe ez dago harrotasunik».
Heteroarauari uko egiten diotela ozen diote kideek. Iparragirre: «Bizi gara sistema batean zeinetan ematen ari diguten baimena bizitzeko bizitza heteroarautu bat. ‘Baimena emango dizut, baina karratu honetatik ez zaitez atera’. Hori ez da nik nahi dudan harrotasuna, eta ez dakit ni naizen bakarra edota pertsona zishetero askok ere ez duten nahi. Guztientzako borroka da».
Elkartea
Talde berria eratzea ez ezik, Monterok gaineratu du elkarte bat sortzeko urrats administratiboak egiten ari direla kide batzuk, eta IHK-ri ideia horren berri eman diotela. «Lan asko dago egiteko Irunen eta, egia da, Donostian Gehitu dagoela. Baina bidasoarrei Gaintxurizketa pasatzea mundu bat dela iruditzen zaie. Gabezia asko daude gauza askotan, eta horiek konpondu egin behar dira. Taldea ez da soilik gure artean ezagutzeko edo babesteko».
Iturriak azaldu du elkartea eratzea «garrantzitsua» dela «ofizialki inskribatuta egon gaitezen eta aukera izan dezagun lokal bat izateko, dirulaguntza bat eskatzeko». Egoitza bat irudikatzen du Iturriak «saretzeko» edota kolektiboko kideei hainbat zerbitzu eskaintzeko. «psikologia, abokatuak, teknikariak… Zalantzak argitzeko ere balioko luke». Izan ere, Montero behar hori badagoela ziur da, «Irunen kolektibokoa zarela dakitenean erreferente gisa tratatzen zaituzte», eta, beraz, «kolektiboaren gaineko edozein galdera egin izan didate, baina nik ez dut jakin erantzuten. Gehitura joan behar izan naiz pertsona horiei laguntzeko».
Kolektiboaren eskubideen defentsan eta bizi duinago baten bidean «ikusgarritasuna» gakoa dela dio Monterok, eta elkarrizketara ekarri dituzte berriz ere sexiliatuak. «Irunen sexiliatu asko dagoen sentsazioa daukat», dio Monterok. Mario Hernandez kidea: «Luis Mariano lehena, eta handiena!».
Zuriketa arrosari berriro helduta, gogoeta egin dute: «Oso ondo dago banderak oparitzea. Baina ikustea pertsona zishetero bat, gure kolektiboko banderarekin jakin gabe zer dagoen horren atzean, jakin gabe zer gertatzen den egunero, niretzako oso larria da. Ez dut esan nahi ezin duenik eraman, baina hasi behar errealitatetik lan egiten, gure errealitatea ezagutarazteko».
Udal politikak
Iparragirrek kolektiboaren estereotipoekin bukatzea ere galdegin du: «Argi dut kolektiboaren barruan egoteko mila forma daudela. Forma horien barnean ez dago bat hobea edo okerragoa dena. Baina bai egia dela orokorrean erortzen garela kolektibo mota batean. Kolektibo batez ere polita, irribarre batekin doana eta purpurinarekin. Hori guztia maite dut, baina horren atzean ez dago beti purpurina. Badago odola, badaude presioak eta badago min asko». Udalari zuzendu zaio, handik egindako politikak «eskasak» direla esateko, «eta eskastasun horren barruan publiko oso konkretu batentzako egin dituzte gauzak, ez kolektiboko pertsonentzat. Irungo herritarrentzako sortzen duten zerbait da».
Irunen zehar ortzadarraren kolorearekin hainbat hiri altzari edota biribilgune margotu dituzte azken urteetan. Ekainak 28 plaza ere sortu dute Osinbiribileko biribilgunean. Bertaratzeko sarrerak lau tunel dira, puntu ilunak. «Ez da leku ibilia, baina gero hasi nintzen pentsatzen eta pentsatu nuen oso ondo aukeratuta dagoela plaza hori: gizartetik baztertuta, leku ilun batean… Ikus dadila, baina ez dezala trabarik egin», hausnartu du Iparragirrek. Kolektiboko kideak «leku marjinaletan» nahi dituztela dio Hernandezek, eta plaza hori marjinalizazioaren «metafora» dela erantsi du Iparragirrek, «bihotzeko min guztiarekin diot hau. Gure errealitatearen isla da». Iturriak irakurketa berdina egiten du, «molestatzen ez dugun tokian nahi gaituzte». Baina horri aurre egiteko ere antolatu dira, «Kolon pasealekuan nahi dugu egon, adibidez, ikus gaitzatela!».
Ekainaren 28an kantinerak ez dira Irunen abanikoak astinduko dituzten bakarrak izango. Egitaraua fintzen ari dira, baina aurreratu dutenez zabala izango da. Moskutik mugituko dira, kritika lema, koloreak indar, eta lumak haize. Programazioa, bidasoa.hitza.eus-en jasoko da.
Bollurria, Euskal Herriko bolleren saretzea, Bidasoan ere
Iaz, urte bukaeran, hirugarren Bollurria egin zen Euskal Herrian, eta lehen aldiz Bidasora, Irunera hain zuzen, gerturatu ziren Euskal Herriko bollerak saretzea asmo dituzten jardunaldiak.
«Bekatoros, kuku eta komunitate ez normatiboan elkargune transfeminista» da Bollurria, baina hori baino gehiago ere bada, herri bakoitzean bollerek dituzten beharrei eta helburuei erantzutea dute xede, haien artean sareak sortzeko eta sendotzeko.
Bidasoa, askorentzat «ezezaguna eta arrotza» dela diote Irungo Bollurrikideek, eta Euskal Herriko jardunaldiekin bat egitea garrantzitsua izan da antolatzaileentzat. Beste eskualde batzuetan bolleren saretzeak sustrai gehiago dituela azaldu dute, «dinamika aberatsak daude, edota saretuagoak». Gabezia horri erantzunez Irungo bollerak antola daitezkeela erakutsi dute. «Agian beste edozeren hasiera izan daiteke!».
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.