viernes, 23 de junio de 2023

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Xabier Susperregi · Idazlea: «Francisen argazki nahiko osoa ematea lortu dudala uste dut»

Xabier Susperregi idazlea, Francis liburua eskutan haren omenezko oroigarriaren ondoan //

Xabier Susperregi · Idazlea: «Francisen argazki nahiko osoa ematea lortu dudala uste dut»
Vicente Vadilloren gaineko ‘Francis’ liburua atzo aurkeztu zuen Susperregik. Haren erailketaren gaineko informazioaz gain, haren bizi ibilbidea jaso du errenteriarrak, testigantza mordoa bilduta.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2023-06-23
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/06/23/francisen-argazki-nahiko-osoa-ematea-lortu-dudala-uste-dut/

Vicente Vadillo Santamaria ‘Francis’en gaineko liburua idatzi duzu. Bere hilketaren gaineko gertakariei argia eman eta bere izenaren atzean zegoen pertsona aurkeztu nahi izan duzu.
Bai, hala da. Bere inguruan zeuden pertsonen ahotsetan gertatutakoa argitzen eta bera nor zen azaltzen saiatu naiz. Batzuk gertukoak zituen sentsibilitateagatik, Mikel Martin zena bezala. Beste batzuk, berriz, bere garaian bizi zirenak eta gertaeraren lekuko izan zirenak dira. Uste dut argazki nahiko osoa ematea lortu dudala bildutako testigantzekin.

Jende ugarirekin hitz egin duzu. Zer izan da prozesuan zailena?
Ez da erraza izan bere inguruko jendea lokalizatu eta haiekin hitz egitea. Hala ere, ez dut amore eman, eta haritik tiraka segitu dut bide ezberdinak zabalduz. Zailena haren alabarekin harremanetan jartzea izan da. Inork ez genekien alaba zeukanik, eta garaian uneren batean harekin topo egin zutenek emandako informazioetatik heldu naiz hartara. Harremanetan jarri naiz, eta liburua ere bidali diot irakur dezan. Bikiak ere izan zituen, baina horiekin ez dut lortu harremanetan jartzea, ezta aurkitzea ere. Itxaropena dut haiek aurkitu eta beren arrebarekin harremanetan jartzeko.

Zaila izan da liburua idaztea?
Zaila Francisen gainean liburua idaztea erabakitzea izan da. Beste liburuetarako informazio gehiago nuen. Francisen kasuan duela 44 urteko gertaera nuen: Espainiako polizia batek tiroz hil zuela Apolo dantzalekuan da dugun informazio bakarra. Hutsetik abiatzea bezala izan da.

Zenbat denbora eman duzu liburua idazteko informazioa biltzen?
Egia esan, oso denbora gutxi, liburua amaitu arte sei hilabete behar izan ditut. Kontua da oso intentsua izan dela.

LGTBIQ+ kolektiboak nola hartu du liburua?
Beraiek izan dira liburua idazten jarraitzeko eta testigantzak biltzen segitzeko animoak eman dizkidatenak. Babes handia jaso dut, eta gauzak asko erraztu dizkidate. Testigantza horiekin Francis ez zetorren bat genuen irudiarekin, askoz ere historia konplexuagoa dago haren atzean; finean, ezezaguna zitzaigun bizitza ibilbide bat zuen pertsona zen. Ikerketarekin nolabait apurtu egin da hilketa homofoboaren gaineko ideia hori, zalantzaren bat izan badaiteke ere. Argi dagoena da Espainiako polizia horrek pistola atera eta katua sakatuta hil zuela Francis.

Francis definitzeko hitz bat aukeratu beharko bazenu, zein litzateke?
Misterioa. Berak zion ikuskizunaren inkognita zela. Argi dago bere inguruko guztia ezezaguna zela guretzat.

Liburua non eskura daiteke?
Noski liburu dendan dago salgai, 12 euroan. Internet bidez kontsultatzeko aukera izango da, helburua bildutako informazioa zabaltzea delako.

Bada egiteke gelditu zaizun zerbait?
Zalantzarik gabe, Mikel [Martin] aurkezpenera iritsi izana—atzo aurkeztu zuen liburua—. Liburuaren zirriborroa esku artean izan zuen hil aurretik, ilusioz jaso zuen. Oso berezia izan da bere ekarpena, bera oso berezia zen bezala.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.