Francisaldiaren egitaraua aukezten // |
Memoria, aldarria eta ospakizuna Francisaldiaren eskutik
Hilaren 28tik ekainaren 15era bitartean egingo dute Francisaldia. Vicente Vadillo Santamaria Francisen omenezko zikloak, hirugarren ekitaldia du aurtengoa.
IkerneZarate | Oarsoaldeko Hitza, 2024-05-23
https://oarsoaldea.hitza.eus/2024/05/23/memoria-aldarria-eta-ospakizuna-francisaldiaren-eskutik/
Ekainaren 10ean 45 urte beteko dira Espainiako polizia batek Vicente Vadillo Santamaria 'Francis'i tiro egin eta hil zuenetik. Ugariak izan dira memoria berreskuratu, Francis oroitu, eta LGTBI+ pertsonen bizi baldintzak hobetzeko zein mugimenduaren aldarrikapenerako antolatutakoak. Horietako bat da Francisaldia. 2022an antolatu zuten lehen aldiz, eta aurtengoa, hirugarren ekitaldia izango du zikloak. Hilaren 28tik ekainaren 15era bitartean egingo dute eta gaur aletu dute, xehe, Errenteriako Udalak eta LGTBI aholku Kontseiluak elkarlanean ondu duten egitarau zabala eta askotarikoa.
“Lehenengo ekitaldian esan genuen gelditzeko etorri zela Francisaldia”. Iñaki Queralt LGTBI+ politiketako zinegotziak hala hasi du gaurko agerraldia, eta gogora ekarri du zikloak helburu zehatza daukala: Herritarrak ahaldundu eta sentsibilizatzea, “gizartearen erdigunean dagoen Zis-heteroaraua zalantzan jartzeko ahalegina da Francisaldia, eta jendarte aldatu bitartean, LGTBI pertsonak bizitza duinak behar dituztela ongi azaltzeko tresna. Administrazio publikoetatik hori bermatu behar dugu”.
Mimo handiz egindako programa dela nabarmendu du Queraltek, “baina aurtengoa biribiltzea lortu dugula uste dut. Izan ere, Franciasaldiaren espirituan dago beste eragileekin bat egitea, eta aurten eragile arteko kolaborazio hori eman da, Eztena Jaialdiarekin, eta Mundu Batekin, besteak beste”. Garrantzia eman dio Queraltek elkarlan hori, eta beste eragile batzuk ere ekarpena egin diotela Francisaldiari gaineratu du.
Ez da bakarrik aritu Queralt gaurko agerraldian. Ondoan izan ditu Eztena Jaialdiko Elene Carreto eta Intza Alkain, Uxue Montalo Berdintasun teknikaria, Uxue Diez Guiral Kuir Artxibo Bizia eta Lamiaren oihua proiektuetako arduradun, Ikerlaria eta LGTBI politiketako aholku Kontseiluko kidea, Gloria Migel LGTBI politiketako aholku Kontseiluko kidea, eta Xabier Susperregi idazlea.
Urrats garrantzitsuak
Atzera begirada egin du Queraltek lehenengo ziklotik gaurkora aldaketarik izan dela esateko. Garrantzi handia eman dio, Francisaldiaren “egoste prozesu” horretan LGTBI+ politiken Aholku Kontseiluaren sorrera eman izanari, “hor ikusten da garai batean LGTBI mahaia zen elkargune horretatik hala eskatuta udal aholku kontseilua sortu dela. Oso garrantzitsua da sustatzea administraziotik, jendeak ikusten duenean ahalmena duela gauzak proposatu eta aurrera eramateko inplikazioa biderkatu egiten baita”.
Francisaldia erreferentea bihurtzen ari dela ere nabarmendu du udal ordezkariak, “horrek eragile gero eta gehiago gerturatzea proposamenekin eta elkarlanean aritzeko ekarri du. Zikloaren garrantziaren erakusle da hori”.
Udalean aurrera urratsak bai, herritarren artean ere eman diren galdetuta, zaila dela erantzutea aitortu du Queraltek, “aldaketak batzuetan oso azkar ematen dira baina besteetan, kosta egiten da. Europan zein Munduan dagoen uholde ultraeskuindarra horri galga jartzearekin nahikoa lana dugu. Gure herrian badirudi zer edozer lortzen ari garela, baina xehe-xehe aztertuz gero eraso LGTBIfobikoak eta bortizkeria edonon topa dezakegu, baita hemen gertu ere. Zailena agian, hori ikusaraztea eta salatzea da, erronka izan daiteke ikusaraztea gertatzen den guztia eta nik uste dut Francisaldiaren programazio guztiak ere laguntzen duela horretan”.
Emaitza hilabete honetan eta ekainean zehar egingo duten ekintza sorta da, “horien bidez berdintasunerako eskubidearen, eta genero identitate, genero adierazpen, eta sexu orientazioagatiko diskriminazio ezaren alde aldarrikapena egingo dugu”. Horretarako, musika, dantza, zinema eta hainbat diziplina lotu dituzte.
Aurtengoan ere aipamen berezia egingo dio udalak zikloaren oinarri den Francisi. Haren hilketaren 45. urteurrenaren harira, Xabier Susperregi idazleak argitaratutako Francis liburuaren ikerketa lana oinarri, inoiz ikusi gabeko Francisen hainbat irudi izango dira ikusgai, garaiko mobilizazioen argazkiekin batera, Xenpelar Etxean egingo duten 'Francis' izeneko erakusketan. Erakusketaren bidez Francisen ibilbidea eta bizipenak jaso eta Errenteria-Oreretako LGTBI mugimenduari aitortza egin.
Ekainaren 10ean Francis hil zutela 45 urte betetzen diren egunean ez dute ekitaldirik antolatu, baina deia luzatu diete herritarrei. Francisen omenezko espazioan, Iztietako ortzadar zebrabidearen parean, haren omenez loreak utz ditzaten. Espazio hori, gainera, berritzen ari da udala eta plaka berritu eta ingurua txukuntzen ari da.
Ekainaren 14an, berriz, pertsona guztientzako gune seguru eta askeak aldarrikatu eta Vicente Vadillo Santamaria Francisen hilketaren 45. urteurrena oroitzeko Oarsoaldeko LGTBI+ Kuirdinadorak kalejira egingo du, biata bandera igoera ere: “Herritar guztiak deitu nahi ditugu bertan parte hartzera”.
Horiek nabarmendu dituzte, baina horiekin batera, beste hamaika ekintza ondu dituzte. Ondorengo zerrendan ikus daiteke antolatutako programazioa.
- Francisaldiaren egitaraua
- Hilak 28, asteartea: 'Femme' pelikula Niessen zinematan 19:00etan, Ozzinemak antolatuta.
- Hilak 29, asteazkena: Gipuzkoako biztanleria migratuaren eta LGTBIQ+ kolektiboaren egoerari buruzko truke hitzaldia, Badalaben 18:00etan, Mundu Batek antolatuta.
- Ekainak 6, osteguna: Caminar Voguing dantza tailerra Kiki House of Annunakirekin: 'Camina, baila y brilla'. Dantzagunean 16:00etatik 18:00etara. Eztena Jaialdiak antolatuta. Izena eman behar da parte hartzeko.
- Ekainak 7, ostirala: Caminar Voguing dantza erakustaldia Kiki House of Annunakirekin: 'Camina, baila y brilla'. Mahai-ingurua erakustaldiaren ostean. Lekuonan, 18:00etan. Antolatzailea Eztena jaialdia.
- Ekainak 10, astelehena: Francisen erailketaren 45. urteurrena.
- Ekainak 13, osteguna: 'Balenciagaren armairuan' hitzaldia Pedro Usabiagarekin, Lekuonako Plaza Horian, 18:30ean. LGTBI+ Politiken Aholku Kontseiluak antolatuta.
- Ekainak 14, ostirala: Transmaribibollo kalejira Alabergako biribilgunetik 19:00etan abiatuta; 19:15ean banderaren igoera Kaputxinoetako biribilgunean; ondoren omenaldia LGTBI+ fobiaren aurkako zebrabidean—hamargarren urteurrena beteko du zebrabideak lehenengoz margotu zenetik–.
- Ekainak 3-15: 'Francis' erakusketa Xenpelar Etxean astelehenetik larunbatera 17:00etatik 20;00etara. Ekainaren 3an bisita gidatua, 18:30ean.
- Ekainak 15, larunbata: Drag Show: Albina Stardust eta Divina Komedia. Niessen Kulturgunean, 19:00etan. Aforoa bete arte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario
Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.