viernes, 24 de mayo de 2024

#hemeroteka #lgtbi #lgtbifobia | LGTBIQ+ ahizpek zaintzen gaituzte

Oarsoaldeko Hitza / LGTBIfobiaren aurkako konzentrazioa Oreretan iaz //

LGTBIQ+ ahizpek zaintzen gaituzte

Zaira Garcia Dafonte | Irutxuloko Hitza, 2024-05-24

https://irutxulo.hitza.eus/generoak/iritziak/lgtbiq-ahizpek-zaintzen-gaituzte/

Handinahia izango litzake LGTBIQ+fobiaren egoera 2.300 karakteretan azaltzen saiatzea. Horregatik, artikulu honek horren kontrako aletxo bat besterik ez du izan nahi.

Bizi garen sistemak LGTBIQ+fobia du oinarri, zilegitasuna aitortzen dio eta aurrera egiteko erraztasunak jartzen dizkio. Sistema zisheteropatriarkal honek zentroan jartzen dituen, hots, erreferentziatzat hartzen dituen gorputzak, ezaugarriak eta praktika zehatzak argi daude: zis gizonak, heterosexualak, ekonomikoki arrakastatsuak, zuriak, aniztasun funtzional gabekoak, orojaleak, kirolariak… Bestela esanda, zerbitzu, baliabide eta estruktura guztiak haien desio eta beharrak asetzeko diseinatzen dituela sistemak berak. Hori dela eta, besteok desioak eta beharrak azkar egokitzen ditugu, gaitasunen arabera eta gehienetan oharkabean, biolentzia sinboliko, estruktural, ahozkoa edo fisikoa normalizatuz. Zein da horren guztiaren helburua? Bada, ongizate minimo bat lortzen saiatzea.

Guztiok zeharkatzen gaituen sistema bat dela adieraztea inportantea deritzot. Baita LGTBIQ+ sigletan identifikatzen garenoi ere. Horregatik, LGTBIQ+fobiaz ari garenean, ezinbestekoa da azpimarratzea ez direla LGTBIQ+ pertsonak erasotzen dituztenak, baizik eta balio zisheteropatriarkalen disrupzioa bera. Adierazpen, diskurtso edo praktika periferiko baten bidez sistema zalantzan jartzea da erasotzen dena.

Donostian, 2023an, pribilegioen sistema hau eta ondorio zuzena den LGTBIQ+fobia erregistratutako hamabost erasoetan materializatu zen. Hala ere, infradenuntziaren fenomenoa kontuan hartzen badugu, Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak %80-%90ean kokatzen duena, benetan gertatuko erasoen kopurua 150era iritsi daiteke. Tamalez, datu horrek ez nau harritzen.

Beraz, horren guztiaren aurrean, politika sendo, artikulatu eta zeharkakoak behar ditugu maila operatiboetan. Ikuspegi transfeminista, ‘queer’ eta intersekzionalak izango dituztenak. Era berean, ‘Pinkwashing’-a onartuko ez duen apustu irmoa behar dugu erakunde publikoetan nahiz jendartean.

Instituzioek beren ardurei erreparatzeaz gain, ikuskaritza bermatuko duen jendarte zibil artikulatua behar dugu. Baita sexu askapenaren aldeko mugimenduak ere, zeintzuk hausnarketarako, harremanak sortzeko, salaketarako eta paradigmen eraldaketarako baliogarriak eta espazio seguruak izaten jarraituko duten.

Amaitzeko, aliatuak behar ditugu. Aliatuak komunikabideetan gorroto diskurtsoei ausardiaz aurre egin diezaieten. Lanpostuak bizigarriago egingo dituzten aliatuak. Aliatuak Gabonetako afarietan. Aliatuak sare sozialetan. Aliatuak kaleetan. Aliatuak nonahi.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.