miércoles, 15 de mayo de 2024

#hemeroteka #trans #komunikabideak | Ruben Olveira Araujo: «Transexualitatearen trataera mediatikoa polarizatuta dago»

Ruben Olveira Araujo //

Ruben Olveira Araujo: «Transexualitatearen trataera mediatikoa polarizatuta dago»

Transexualitateari buruzko albisteak ugaritu egin dira azken urteetan. Olveiraren iritziz, gaur egun komunikabide batzuek gehiago errespetatzen dute transen sexu identitatea.
Olatz Silva Rodrigo | Berria, 2024-05-15
https://www.berria.eus/euskal-herria/transexualitatearen-estaldura-mediatikoa-polarizatuta-dago_2124954_102.html

«Transexualitatea beti izan da albiste», Ruben Olveira Araujo (Bilbo, 1993) Gizarte Komunikazioan doktorearen iritziz. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean egindako tesian, XXI. mendearen lehenengo hogei urteetan transexualitateak izandako trataera mediatikoa aztertu du, Espainiako eta Euskal Herriko komunikabide batzuk ikertuz. Are, trataera horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako adingabe transei nola eragin dien ikertu du. Hedabideek haurren sexualitatea «ikusgarri» egin duten arren, Olveirak uste du gaur egun beste «produktu mediatiko» batzuek eragin handiagoa dutela «haurren trantsizio sozialean».

G. Aipatu izan duzu transexualitatea beti izan dela albiste.
Hala da: beti izan da albiste. Gaiak interes handia piztu izan du, baina ez beti berdin. Iraganean, sentsazionalismoz jorratzen zen; 2000ko hamarkadan ere bai. Garai hartan, gaia albiste zen, baina ez onerako. Zorionez, hori aldatuz joan da, eta, orain, transexualitatea hobeto lantzeaz gain, ikuspuntu gehiago agertu dira. Giza intereseko ikuspegia lantzen dute komunikabideek. 2007an erregistro zibilean izena eta sexua aldatzeko legea onartu izanak eragina izan zuen horretan. 2013an, gainera, kontzientziazio soziala handitu zen, eta are ikuspuntu gehiago agertu ziren.

G. Zergatik diozu bi hamarkada hauetan hedabideek gaiari emaniko trataeran iraultza egon dela?
Bi arrazoirengatik. Kuantitatiboki, izugarri areagotu dira transexualitateari buruzko albisteak. 2000. urtean, hilean bost edo sei albiste argitaratzen zituzten; 2020an, berriz, 50-60 inguru. Kualitatiboki ere iraultza bat egon da. Ikuspuntuak askotarikoak dira, eta transexualitate egoeran dauden pertsonenganako errespetua askoz handiagoa da. Izan ere, gaur egun, gehiago errespetatzen da pertsona horien sexu identitatea. Albisteetan haiek aukeratutako izena erabiltzen dute eta ez euren jaiotza izena, garai batean egiten zen bezala. Gaur-gaurkoz, ez ditugu hautematen legitimitatea kentzen duten horrelako adierazleak.

G. Esango zenuke tabu zena lehen interes orokorreko gai bilakatu dela orain?
Ez nuke esango tabua izan denik. Ez zegoen agenda mediatikoan, baina ez zen ezkutatzen. Hori aldatu da. 2007ko legeak ikusgaitasun handia eman zion transexualitateari. Baina, orduan ere, ez zegoen transexualitateari buruzko agenda mediatikorik; komunikabideak gizartearen isla baino ez ziren. 2013an, gizartearen jarrerak hobetuz joan zirenez, transexualitatearen aldeko agenda mediatikoa sortuz joan zen. Komunikabideek transexualitatearen aldeko jarrera erakutsi zuten, eta gizartearen jarrerak eta balioak aldatzen saiatu. 2017an, Hazte Oir elkartearen autobusa agertu zen [elkarte ultraeskuindar eta ultrakatolikoak transexualitatearen kontrako autobus bat ibili zuen herriz herri]; transexualitateak inoiz izan duen trataera mediatikorik handiena izan zuen. Eta, era berean, transexualitatearen kontrako agenda indarra hartuz joan zen. Hortaz, gaur egun, transexualitatearen trataera mediatikoa polarizatuta dago.

G. Komunikabide guztiek berdin informatzen dute?
Inola ere ez. Komunikabide aurrerakoienek askoz gehiago errespetatzen dute transexualitate egoeran dauden pertsonen sexu identitatea eta, orokorrean, legitimitatea kentzen duten elementu gutxiago eransten dituzte. Transexualitatearen aldeko agenda besterik ez zegoenean, komunikabide aurrerakoienek hedabide kontserbadoreak behartzen zituzten albisteak argitaratzera, audientzia galdu nahi ez bazuten. 2017an, transexualitatearen kontrako agenda agertu zenean, ikuspuntu diferenteen botere borroka hasi zen. Hedabide kontserbadoreak hasi ziren komunikabide aurrerakoiak albisteak argitaratzera behartzen. Aldea bada bien artean: hedabide aurrerakoienek, oro har, albiste positiboak idazten dituzte, esaterako transexualitate egoeran dauden pertsonen eskubideei buruzkoak; kontserbadoreek, aldiz, albiste negatiboak argitaratzen dituzte.

G. Zein eragin dute komunikabideek gizartean?

Komunikabideek gizartearen sinesmenetan, jarreretan eta balioetan eragin dezakete. Maila indibidualetik harago, gizartean, agenda mediatikoak agenda publikoari eragiten dio, eta horrek, berriz, agenda politikoari. Are gehiago, hedabideek eragina dute transexualitate egoeran dauden pertsonen osasun mentalean. Trataera positiboa baldin bada, transexualitate egoeran dauden pertsonek gizartearen babesa sentituko dute. Eta horrek euren ongizate psikologikoan eragingo du. Aldiz, polarizazio unean baldin bagaude eta, batez ere, komunikabideetan gatazka agertzen bada, babes gutxiago jasoko dute, eta horrek eragin negatiboa izango du euren ongizatean.

G. Eta zein eragin dute adingabe transengan?
2013a baino lehen, transexualitateari buruz hitz egiten zen, baina ez haurren transexualitatearen inguruan. Ikusezina izateaz gain, pentsaezina ere bazen. Urte horretan, Chrysallis transexualitate egoeran dauden adingabeen familien elkartea sortu zen Espainian. Hemen, Euskal Herriko Chrysallis sortu zuten; gaur egun, Naizen da. Elkarteek hedabideekin izandako harremanari esker, lortu zuten haurren transexualitatea hedabideen agendan sartzea. Ikusgaitasuna eman zioten. Horrek beste familia batzuk lagundu zituen, euren etxeetan gertatzen zena ulertu ahal izan zutelako. Euren burua ikusten zuten albisteetan islatuta: gogorrak ziren baina amaiera alaia zuten istorioak ikusten zituzten.

2017tik aurrera, baina, transexualitatea gatazka gisa ikusten hasi zen, eta hori ez zen oso lagungarria izan familientzat. Gainera, haurren transexualitateak lortua zuen jada lortu nahi zuena: ikusgai egitea. Beraz, gaur egun, beste produktu mediatiko batzuek eragin handiagoa dute haurren trantsizio sozialean, hedabideek baino gehiago. Besteak beste, ‘20.000 especies de abejas’ eta halako filmek.

G. Nolakoa litzateke trataera mediatiko egokia?
Funtsean, uste dut kazetaritza ona egitea dela gakoa. Iturri batekin eta bestearekin hitz egin, horiek egiaztatu, adituekin hitz egin... Kazetaritza espezializatuarekin ere lotu ohi dut. Sexu aniztasunari buruzko gaiak lantzen dituen kazetari batek hobeto landuko du transexualitatearen gaia; batetik, gaiaz gehiago dakielako, eta, bestetik, ziur aski sentsibilizatuago egongo delako. Horrez gain, kontuan izan behar dugu eskubideei buruz hitz egiten ari garela. Diskurtso arrazistak eskaini behar al dira, antirrazistak eskaintzeaz gain? Eskubideez hitz egiteko orduan, denak ez du balio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.