jueves, 16 de mayo de 2024

#hemeroteka #lgtbifobia | LGTBQI+ kolektiboaren aurkako hamabost gorabehera kasu erregistratu dituzte Donostian 2023an

Cristina Lage eta Zaira Garcia LGTBI+fobia gorabeheren inguruko txostenaren aurkezpenean //


LGTBQI+ kolektiboaren aurkako hamabost gorabehera kasu erregistratu dituzte Donostian 2023an

Datuek ez dute gorabehera handirik izan azken hiru urteetan, baina kontuan izan behar da gertatutako eraso gehienak ez direla salatzen.
Sara Ibarguren | Irutxuloko Hitza, 2024-05-16
https://irutxulo.hitza.eus/2024/05/16/lgtbqi-kolektiboaren-aurkako-hamabost-gorabehera-kasu-erregistratu-dituzte-donostian-2023an/

Homofobiaren, Lesfobiaren, Transfobiaren eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, 2023an Donostian izandako LGTBI+fobia gorabeheren inguruko hirugarren txostena aurkeztu du udalak. Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari Cristina Lagek eta Zaira Garcia Dafonte txostenaren egilea izan dira aurkezpenean.

“LGTBI+fobiak kezkatu egiten gaitu, eta horren aurka lanean jarraitzen dugu. Izan ere, hiritarren kopuru handi batek uste du gai hau erabat normalizatuta dagoela, baina ez da hala. Eta oso garrantzitsua da jendeari, eta batez ere gazteei, gogoraraztea munduko eskubide osoa dutela beraien bizitza nahi duten bezala bizitzeko, eta inork ez duela eskubiderik pertsona horiei inolako erasorik egiteko”, adierazi du Lagek.

2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte bitarteko datuak jasotzen dituen txosten honen arabera, LGTBI+ kolektiboaren aurkako hamabost gorabehera erregistratu ziren Donostian; horietatik %53,3 homofoboak izan ziren, gehienbat gizonek eragin eta jasan zituzten, eta batez ere espazio publikoan gertatu ziren. Datuak erreparatuz, azaldu dute LGTBI+fobiari lotutako gorabeheren datuak eta inguruabarrak aurreko bi urteetako datuen antzekoak direla. Izan ere, 2021ean hemeretzi gorabehera erregistratu ziren, 2022an guztira hemezortzi, eta iaz hamabost.

Homofobia, kausa zabalduena
Homofobia da oraindik kausa zabalduena, zortzi kasurekin, hau da, kasuen %53,3 (aurreko urteetan baino %20 gutxiago). Ondoren, transfobia dago, lau kasurekin (%26,6), eta, ondoren, LGTBI+fobia, hiru kasurekin (azken horiek gorroto diskurtsoei lotuta daude).

Azaldu dutenez, gorabehera gehien udan gertatzen dira, zehazki ekainean eta abuztuan; “beraz, nolabaiteko urtarokotasuna dagoela esan daiteke, ziurrenik garai horretan interakzio sozial gehiago dagoelako. Aurreko txostenetako gorabeherei begiratuta, gehienak udan gertatu ziren”.

Bide publikoan erregistratzen dira eraso eta gorabehera gehien: hamabost kasuetatik hamar, aurreko txostenetan jasotako ildo berean. Espazio erdi publikoak ere kontuan hartuta (komertzioak, nagusiki), kasuak hamahiru dira (%86,7). Nabarmendu behar da kasuen %13,3 eremu pribatuan gertatzen direla (etxeetan).

Hitzezko erasoak dira gehienak
Eraso mota zabalduena hitzezkoak dira (%42), ondoren fisikoak (%33,3), diskriminazioa (%12) eta mehatxuak (%8,3). Kontuan hartzekoa da eraso fisikoak apur bat areagotu direla 2021 eta 2022 urteekin alderatuta. Pertsona batek baino gehiagok egindako erasoek, aldiz, apur bat behera egin dute 2021etik 2023ra: zazpi kasutik lau kasura murriztu dira.

Erasotzaileen %80 gizonak dira, eta jarrera eta portaera homofoboak dituzte. Halaber, kasuen erdietan biktima gizona da, %18 emakumea eta %6,3 adierazpen disidentea duten pertsonak dira. Kasuen %25ean ez da biktimen generoa ezagutzen edo zehazten. Pertsonek bakarrik edo bikotekidearekin daudenean jasaten dute erasoa.

“Beraz, ondoriozta daiteke, datuek ez dutela gorabehera handirik izan azken hiru urteetan, kontuan hartuta ez direla gertatutako eraso guztiak salatzen, eta denbora ibilbide luzeagoa behar dela joerak berresteko”, nabarmendu du Garciak.

Informazio iturriak

Datuei dagokionez, 24 eragile estrategikori egin zaizkie kontsultak, eta horietatik bostek intzidentziaren bat zuten erregistratuta: Udaltzaingoa (zazpi kasu), Ertzaintza (bost kasu), Berdindu (kasu bat), Donostiako Udaleko Berdintasun Atala (kasu bat) eta azterlana egiteko erabili den helbide elektronikoa.

Txostena osorik hemen irakur dezakezue.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.