miércoles, 6 de septiembre de 2023

#hemeroteka #lgtbi #aktibismoa | Mikelen neurrira ehundutako omenaldia

Mikeladia aurkeztu dute antolaketan dabiltzan eragile eta norbanakoek //

Mikelen neurrira ehundutako omenaldia

Mikelaldia egingo dute hilaren 23an, pasa den martxoan hil zen Mikel Martin ekintzailea omentzeko. Mikelaldiaren atzean, hamaika eragile ari dira.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2023-09-06
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/09/06/mikel-mikel-martin-conde-mikelaldia-omenaldia-irailaren23/ 

Mikelen neurrira egindako herri omenaldia josi dute haren lagunek, familiak eta Errenteria-Oreretako hamaika eragilek. Pasa den martxoan zendu zen hamaika borroken urratzaile izan zena, orduan agur ekitaldi ederra eskaini zioten herritarrek zein hamaika txokotatik Errenteria-Oreretara heldu zirenek. Hitza eman zuten, Martinek merezi zuen neurrira omenduko zutela aurrerago.

Iritsi da. Mikelaldia josten aritu dira hainbat talde, eragile eta norbanako pasa den maiatzetik, hilaren 23an Mikelaldia egiteko. Goxoa, ederra, lotsarik gabea, eta konprometitua izango da omenaldiaren bueltan antolatu duten ekintza bakoitza, Mikel bera zen bezala. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten gorazarre ekitaldiaren konplize izan direnek, baita Mikel Martinen familiako kideek ere.

Hilaren 23a aukeratu izana ez da ausazkoa izan, bi egun lehenago, hilaren 21ean 69 urte beteko lituzke Mikelek, “horregatik aukeratu genuen eguna, bere urtebetetzea izango zenaren bueltan”. Eta sexu askapenerako aktibistaren omenezkoak 23an egingo badituzte ere, 21ean, aldibereko topa antolatu dute: “Motorrak berotzeko eta 69 urte beteko zituzkeenez, Mikelen urtemuga aldibereko topa batekin ospatuko dugu, han eta hemen lotzen ari diren hitzorduetan, eta elkarrekin konektatuta, teknologia lagun”.

Arratsaldez egin dute zita, 19:30ean Txintxarri elkartean; ordu berean bilduko dira topara Bilboko Txomin Barullo tabernan, eta atzo agerraldia egiteko unean oraindik ere lekua zehaztu gabe bazuten ere Iruñean, Gasteizen, Bartzelonan eta Murtzian. Izan ere, bere militantzia eta konpromisoak bezala, bere itzala luzea izan baita, Errenteria-Orereta eta Euskal Herriaz gaindikoa.

Kalejira koloretsua, kabareta eta herri afaria
Mikelaldiaren barruan, hiru hitzordu. Kalejira Koloretsuarekin ekingo diote egunari: “Puti-itzuli bat baino gehiago izango da, sentikaria, bateko eta besteko ekarpen, errezitaldi, musika, performantze eta maribilaldiarekin”. 12:00etan abiatuko da Arramendiko baratzeetatik —Gaztaño auzoa—. Aurretik bertan, Mandala bat egiten hasiko dira, eta mandala horretarako osagaiak, loreak izan edo beste edozer, eraman nahi dituenak 11:30ean jo beharko du baratze gune horretara, “baratze ondoan Altxuren omenezko eta Mikelen omenezko haritzak daude landatuta eta bertan egingo dute mandala”.

Omenaldi kabaretaren txanda helduko da ondoren. “Mikelaren oroitza argiz, kolorez, kantuz, dantzaz, dirdiraz eta bizipozez jantziko duen hitzordua, elkar hartuta hunkitzeko, goxatzeko eta alaitzeko oroigarri xamur bat”, azaldu zuten. Emanaldia 19:00etan hasiko da Lekuona Fabrikan. Antolakuntzak osagarri koloretsu bat eramatea proposatu die bertaratuko direnei, “norberak nahi suena eta nahi beste, libre: soineko, jantzi, boa, takoi, kapela, zapi, zorro, poltsa…”

Gonbidapenak eta afarirako txartelak, larunbatean
Kabaretaren emanaldirako gonbidapenak eskuratzeko larunbat honetan —hilak 9— zumardiko kioskora joan beharko dute interesdunek, bertan banatuko baitituzte 11:00etatik 19:00etara. Banatu gabeko gonbidapenak lekuona Fabrikan eskuratu ahal izango dira astelehenetik —hilaren 11— aurrera. Gonbidapenak lekua bermatuko du emanaldi egunean 18:45 arte. Ordu horretatik aurrera, lekua erabili egingo dutela azaldu dute antolatzaileek, gonbidapenik gabe gelditu eta ilaran zain egongo direnei sarbidea emateko. Antolakuntzaren gomendioa, garaiz bertaratzea, emanaldia baino ordu erdi lehenago.

Herri afariarekin jarriko diote ginga Mikelaldiari. Agirre Lehendakariaren plazan —Lino— izango den karpan mahiaren bueltan elkartuko dira 21:30ean. Afalostean denon artean mahaiak, eserlekuak eta gainerakoak jasotakoan jaia helduko da. Txartelak 20 euroan izango dira salgai, eta horiek eskuratzeko, omenaldi kabaretaren gonbidapenak bezala, larunbat honetan jo beharko dute interesdunek zumardiko kioskora 11:00k eta 19:00ak artean. Saldu gabeko afari txartelak zumardiko Reyna eta Arkaitza tabernetan erosi ahalko dira astelehenetik —hilak 1o— aurrera.
  • Mikelaldiaren antolaketan parte hartu duten eragileak: EHGAM, OaingozHau!, Oreretako Bilgune Feminista, Zintzilik Irratia, Alternatiba, AEK, Pikoketa Oarsoaldeko elkarte Errepublikazalea, Camelamos Adiquerar Ijitu Kultur Elkartea, Elkarrekin Podemos, Loratuz Lotu Helduentzako Trans Elkartea, Taldelan elkartea, Lau Haizetara Euskaltzaleon Topagunea, Mikelazulo Kultur Elkartea, Oreretako Laikotasun Taldea, Oreretako Gaztetxea, Gaztaiñoko Auzo Elkartea
  • Mikelaldia antolatzeko Errenteriako Udalaren laguntza izan dute antolatzaileek.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.