viernes, 1 de septiembre de 2023

#hemeroteka #lgtbi | Joseba de Miguel eta Esteban Ardan. Maruxak taldea: «Euskal dantzak eta 'drag'-a lotu ditugu»

Berria / Joseba de Miguel eta Esteban Ardanaz, Maruxak taldea //

Joseba de Miguel eta Esteban Ardanaz. Maruxak taldea: «Euskal dantzak eta 'drag'-a lotu ditugu»

Jai herrikoietan LGTBI pertsonen espazioa aldarrikatzeko jaio zen Maruxak taldea. Iruñeko Mendillorri auzoko txupinazoa botako dute gaur: «Txikitan pentsaezina zen auzoko jaietan trabesti bat ikustea».
Olaia L. Garaialde | Berria, 2023-09-01
https://www.berria.eus/paperekoa/1886/032/001/2023-09-01/euskal-dantzak-eta-drag-a-lotu-ditugu.htm

«Errespetatu nahi ez duena ez da ongi etorria gure auzoan». Horiek dira Joseba de Miguelen hitzak (Iruñea. 1989). Esteban Ardanazekin (Iruñea, 1996) Maruxak DJ trabesti taldea sortu zuen 2019. urtean; besteak beste, erreferenteak sortzeko. Iruñeko Mendillorri auzoan hasi ziren, eta ordutik urtero itzultzen dira auzora. Txupinazoa botako dute gaur, eta 02:00etan ikuskizuna eginen dute.

Lehenengo aldia Mendillorrin izan zen; zer oroitzapen duzue?

Joseba de Miguel: Ona, baina oso prekarioa. Argia joaten zitzaigun, baina ondo. 80ko hamarkadako musika jarri genuen auzoko jaietan, horren bueltako besta bat egin nahi zutelako.

Txupinazoa botako duzue; zer sentitzen duzue?

Esteban Ardanaz: Eskertuta gaude Mendillorrin jasotzen dugun babesarengatik. Hemengo asko kontzertu guztietara etortzen dira.
De Miguel: Jai herrikoiak sortzeko egiten dugun lanari errekonozimendua eman diotela sentitzen dugu.

Berezia da zuentzat?
Ardan: Auzoan hasi izana beste herri batzuetan jotzen hasteko erakusleiho bat izan da.

Lumatxoak dantzariekin arirtzen zarete; nola sortu da harremana?

Ardanaz: Iker [Perez] eta Izadi [Pascual] beti igotzen zirelako oholtzara. Beti ibili behar genuen botatzen, eta azkenean geratzeko esan genien.

Zer-nolako lekua dauka LGTBI komunitateak jai herrikoietan?
Ardanaz: Lehen, txikia, baina, ikusgaitasuna lortzeko egiten den lanari esker, handiagoa.
De Miguel: Hasi ginenean, feminismoaren inguruko kontzientzia handia zegoen. Orduan, giro horretan, LGTBI pertsonon espazioak aldarrikatzeko beharra ere piztu zen. Horregatik, uste dugu feminismoaren eskutik joan behar dugula.

Herriz herri ibili zarete; zer-nolako giroa topatu duzue?
Ardanaz: Oso herri txikietan egon gara, eta oso pozik itzuli gara. Hasieran, jendea harritzen bada ere, ikusi dute nola makillatzen garen, haiekin bazkaldu dugu, eta beste gauza asko. Gazteekin zein zaharrekin ibili gara. Gainera, herrietan bizi diren LGTBI pertsona askok eskerrak eman dizkigute.

Iaz folklore trabestia landu zenuten; zertan datza?

De Miguel: Gure jarduna hasi eta berehala COVID-19aren itxialdia izan zenez, erabaki genuen zerbait egitea ez desagertzeko. Biok dantzariak garenez eta generoaren gaia sufritu dugunez, zenbait herritako jantziak aztertzea erabaki genuen.
Ardanaz: Euskal dantzak eta drag-a uztartu genituen, eta galderak egiten hasi ginen; esaterako, zer leku duen pertsona ez-binario batek dantza talde batean.

Zenbait herritako dantzak eta jantziak landu dituzue.
De Miguel: Ez gara soilik mugatu emakumeei ezarri dizkieten jantziak janztera. Jantzi guztiak aztertu eta horren inguruko erreportajeak egin ditugu, generoari dagokionez dantzetan egon diren aldaketak aztertuz.

Proiektuarekin jarraitzeko asmoa duzue?
Ardanaz: Bai, baina, saio asko genituenez, tarte batez alde batera utzi genuen. Hala ere, oso polita izan zen, harrotasunaren egunean Otsagabiko [Nafarroa] dantzariz jantzi ginelako. Euskal Herrian neskak dantzatu ezin ziren herri bakarra zen.

Otsagabian horren berririk izan dute?
De Miguel: Esan digute zalaparta handia sortu zuela. Gainera, onerako, jendea galderak egiten hasi baitzen. Gogoan dut etxetik ateratzean justu Otsagabiko emakume batekin elkartu ginela, eta oso kontent zegoela. Argazki bat eskatu zigun, eta herri guztira zabaldu zen.

‘Twerking’-a eta euskal dantzak ere uztartzen dituzue. Zer harreman dago?
De Miguel: Fandago baten edo arin-arin baten erritmoa eta ‘twerking’ egiteko dantza baten erritmoa ez dira hain desberdinak.

Geroz eta gehiago nahasten dira?
De Miguel: Hasi ginenean, ez, baina orain gehiago egiten da; adibidez, Axerik eta Gozategik atera duten kanta oso ongi dago. Guk lehenago egin genuen ‘Vente con nosotras’ kantarekin, baina ez genuen horrenbesteko arrakasta izan.
Ardanaz: Trabestiak garelako. Kar-kar.

Lumak Trabesti Fest ere sortu duzue; zein izan da asmoa?
De Miguel: Tokian tokiko ‘drag’-a erdigunean jarri nahi genuen. Duela lau edo bost urte, Iruñean ez zegoen trabesti mundurik, eta zegoena oharkabean pasatzen zen.

Duela bost urte espero zenuten horrelako zerbait egitea?
Ardanaz: Ezinezkoa zen. Marikaroan komentatu genuen txikitan horrelako erreferenteak izan bagenitu beste gauza bat izanen zela. Polita da erreferenteak sortzea. Txikitan pentsaezina zen trabesti bat auzoko jaietan ikustea.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.