viernes, 10 de marzo de 2023

#hemeroteka #inmemoriam | Erdira ekarri ditu bazterrak

Oarsealdeko Hitza / Mikel Martinen omenezko brindisa //

Erdira ekarri ditu bazterrak

Maitasun uholdea jaso zuen Mikel Martinek, zendu berri den ekintzaileak, joan den larunbatean egin zioten agur ekitaldian. Bere konpromiso militante nekaezina nabarmendu dute haren kideek.
Ikerne Zarate | Oarsoaldeko Hitza, 2023-03-10
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/03/10/mikel-martin-azken-agurra/ 

Hamaika iraultzari bidea zabaldu, eredu bilakatu, eta bere maitasuna lau haizetara barreiatuta itzali da. Bazterrak erdigunean jartzearekin tematua, baztertuenekin are gozoagoa zen bere jarduna: «Baztertuen konplize» gisa definitu dute azken egunotan behin baino gehiagotan. Beti hurbil, beti maitakor, beti xamur, injustizia bat non, han zen bera, begietara begira mintzo, zintzo. Borrokatu da mundu askea eraikitzeko, mundu justua egiteko… eta helburu hori lortzeko bidea oraindik luzea bada ere, ziur hari esker, mundua apur bat askeagoa dela, apur bat justuagoa.

Hilaren 2an zendu zen Mikel Martin Conde, 68 urterekin. Berehala zabaldu zen samina. Izan ere, utzi duen hutsunea handia baita; hutsune hori bezain handia da baina, bere ekarpena, bere ibilbideak utzi duen ondarea: zenbaezina. Erein duen maitasunaren tamaina agerian gelditu zen joan den larunbatean Zentolen tanatorioan egin zioten azken agurrean. Lepo zegoen hilerria, ortzadar eta more koloreko banderez zipriztinduta beti irria ezpainetan zuen ekintzaile nekaezinari gorazarre egiteko. Bandera errepublikazaleak ere ez zuen hutsik egin. Hunkituta oroitu zuten militantzia kideek, familia eta lagunek. Harekin eredu bat itzali delako. Hamaika herrikide gerturatu ziren, baita Euskal Herriko bazterretatik heldutako beste hainbeste, edota Katalunia eta Galiziatik iritsitakoak ere... bere borroka, bere egiteko moduak Oreretako mugak ez ezik, Euskal Herrikoak ere gainditu dituelako.

Emozioari ezin eutsi gidatu zuen Joxe Mari Carrerek larunbateko omenaldia. Eduardo Galeanoren Fuegos (Suak) irakurri zuen. Zalantzarik gabe, Martinek bere ingurua argitzen zuen, zipriztinez betetzen zuen airea Galeanok adierazitako suetako baten antzera. Oier Guillanek hartu zuen hitza ondoren. Esaldi eder asko eskaini zizkion lagunari: «Zure maitasuna, mundua baino zabalagoa da. Nola kabitu daiteke pertsona bakar batean hainbeste keinu eta laztan, hainbeste aldarri eta istorio. Zure maitasuna utopia baino zabalagoa da».

Tematzen zen Martin euskaraz mintzatzen behin eta berriz, amore eman gabe, trakets aritzen bazen ere. Horri ere egin zion erreferentzia Guillanek: «Zenbat alditan esan ote genion, ‘Mikel zergatik tematzen zara euskaraz hitz egiten aditzak etengabe lekuz mugitzeko’. Keinu txiki bakoitzaren atzean pertsona erraldoia dagoela ohartzen zara: ‘Zergatik? Garrantzitsua delako, inperfekzioa ez delako inoiz zerbait ez egiteko aitzakia, lotsa ez delako inoiz zarena izateko traba, maitasunezko keinuak egunero errepikatzeak bilakatzen duelako bizitza bizitzea merezi duen zerbait’». Askoz luzeago mintzatu zen Martini buruz, eta botatako esaldi bakoitzean irudikatu zuten, zalantzarik gabe, Martin bertaratutakoek, Guillanek haren esentzia eraman zuelako hitzetara.

Militante iraultzailea
Mar Cambrolle pertsona transen eskubideen aldeko ekintzailearen mezua ere heldu zen Martini azken agurra egiteko. «Borrokalari» bat joan dela esan zuen Cambrollek: «Che Guevarak zioen moduan, ez zeneraman iraultza ezpainetan hartatik bizitzeko, bihotzean baizik, hargatik hiltzeko. 1979an, Francisen hilketa faxista salatzeko Errenteria batu eta mobilizatu zuen gazte hura joan da. Begirada eskuzabal, zintzo eta apasionatua zuen borrokalaria joan da, bazterretara eraman gaituzten guztion konplizea. Bihotza apurtuta, eta hortzak estututa, agurtuko zaitugu, memoria historikoa zara; inoiz ez gaituzu utziko, eskaintzea dizugun omenaldirik onena, borrokan jarraitzea delako. Garaipenera arte Mikel». Irakurketa hori bere egin zuen Duintasuna pentsiodunen elkarteak asteleheneko elkarretaratzean.

Militantzia kideen izenean Joxe Iriarte Bikila-k hartu zuen hitza: «Francis erail ondoko asanblada hartan oroitzen dugu, ‘ni homosexuala naiz, EHGAMeko militantea, eta ez naiz ezkutatuko’ esan zuela. Hori da Mikelen ezaugarri bat, ez zen ezkutatzen. Langileen manifestazioa izan, errepresioaren aurkakoa, nazio askapenaren aldekoa, sexu askatasunaren aldekoa… hor ikusiko zenuen ortzadar bandera, tente, han zegoen Mikel».

Euskararekiko zaletasuna ere ez zuela ezkutatzen ekarri zuen gogora, «zailtasunak zituen euskaraz egiteko, baina ez zuen etsitzen». Martin, «emantzipazio guztien borrokalaria» zela gaineratu zuen Bikilak, «baina baita horren sintesia den militante iraultzailea ere bai. Gaur egun modan ez dagoen, baino inoiz baino beharrezkoagoa den iraultza horren aldekoa».

Jendartea aldatzeko borrokatu
EH Bilduko zerrendakide ere izan zen Martin azken udal hauteskundeetan, eta koalizioko kide Itziar Ostolazak hartu zuen hitza Martin gogoratzeko. Martinen ekarpenari egin zion aipamen, «norbanakoari zein gutasunari» emandakoa «itzela» izan dela baieztatzeko: «Zu bezalako pertsonek gaitasun berezi bat duzue, antizipatu zarete borroketara, antizipatu zarete gizartea ikustera». Martinek pertsona guztien eskubideak erdigunean jarri izana goraipatu zuen Ostolazak, azkenik. «Harrotasuna» erabili zuen EHGAMek bere aldetik Martin oroitzeko bere hitza hartzean, «belaunaldi gazteek lekukoa hartu dute, zerbait ongi egin dugun seinale da hori». Lekuko hori Martinek urteetan egindako bidean zabaldu du batean eta bestean.

Jasotako maitasunarengatik eskerrak eman zituzten Mikel Martinen anai-arrebek, eta ekintzailearen bidea jarraitzera deitu zuten, «jendartea aldatzeko borrokan segi, horretarako borrokatu zen Mikel». 


Merezitako omenaldia
Pasa den larunbatean azken agurra egin zioten dozenaka lagunek Mikel Martin Conde zenari Zentolengo tanatorioan. Xumea izan zen. Xumea bezain sentitua, maitasunez betea. Hura amaituta, berriz, Zumardian beste hainbeste lagun bildu ziren hil eta ordu gutxira sortu zuten Mikelen lorategia-ren parean, Martinen omenezko brindisa egiteko. Koloretsua eta alaia izan zen brindis hori, bera zen bezalakoa.

Merezi duen tamainako omenaldia antolatuko dute aurrerago. Hura josten hasiak dira dagoeneko, data zehatzik ez badute jakinarazi ere, momentuz. Hala ere, garaiz emango dutela ekitaldi horren berri esan dute.


«Energia ikaragarria zuen. Bere borroka globala izan da»

Julen Zabala Alonso / EHGAMeko kide eta laguna

Ikaragarria zen Mikelek [Martin] zuen energia, gauza guztiak hurbil sentitzen zituen, denak eragiten zion, eta bere borroka globala izan da. Denak zuen harremana, ez da mugatu sexu askapenarengatik borrokatzera, nazio askapena, justizia soziala... bere begirada eta borroka ez du arlo bakarrera mugatu, globala izan da. Intersekzionala izan dela bere borroka irakurri dut azken egun hauetan, baina garai hartan ez genuen termino hori erabiltzen, globala erabiltzen genuen.

Egiteko modu bat utzi digu Mikelek: ekintzailetza errepikaezina. Oso zaila izango da aurkitzea bere ikuspegia izango duen pertsona bat, berak entzuteko zuen modua zuena, arreta jartzekoa, edota eboluzionatzeko zuen gaitasuna. Azken hori, garrantzitsua da oso, militante klasikoa izan zitekeelako, baina ez da hala izan, entzun egin du eta borroka molde berriak bilatu ditu beti: trans eta queer-ari asko erreparatu dio, kezkatzen zuen gure borroka molde berri batez begiratzeko, eta ekarpen handiak egin ditu uneoro. Horrekin lotuta, ilusio handiarekin joan da, trans legeak argia ikusi duelako… Ikusteko aukera izan du. Penaz ere bizi izan du trans legea eta feminismoaren adar baten arteko talka; bada jendea hitza erretiratu ziona horregatik eta horrek tristatu zuen... 2Pena hori eraman du azken urteetan.

Haren ezaugarri bat aipatu beharko banu, hitz egiterakoan bere onberatasuna nabarmenduko nuke. Ezerekin ez zuen ezikusiarena egiten, denak eragiten zion, denarekin kezkatzen zen. Kezka azaldu du beti besteengatik, eta gaizki zegoenari beti maitasuna helarazi dio, xamurtasuna. Afektibitateari garrantzia handia eman dio beti, bereziki, baztertuen zegoen jendearekin. Bullying-a pairatzen duten gazteen egoerak asko mintzen zuen. Hiesarekin 1980ko hamarkada amaieran kutsatu zen, eta gaixotasuna kontrolatzea lortu zuen unetik, oso argi izan du beti egun bakoitza oparia izan dela, bizitza-oparia, eta hogei urte eman ditu esaten ‘hau opari bat da, bizitzak eman didan bigarren aukera bat borrokan jarraitzeko’. Borroka baztertzea zuen, akaso, nahikoa borrokatu zela iritzita, baina ikasgai hori ere utzi digu, borrokan jarraitu du amaierara arte.

«Jende ezberdina biltzeko gaitasun izugarria izan du»

Nerea Izagirre Elizondo / OaingozHau Mugimenduko kidea

Denetariko ekarpena egin dio herriari Mikelek. Espazio oso ezberdinetan militatzen aritu den pertsona izan da. Gaitasun ikaragarria izan du jende ezberdina biltzeko bere inguruan, eta borroka ezberdinak bere pertsonan gorpuzteko. Joan den larunbateko agurrean ikaragarria iruditu zitzaidan hainbeste jende eta hain ezberdina elkartzea. Hori lortzeko, berezia izan behar da, bai.

Bizitzaren aurrean jarrera bat izan da Mikel, borrokatzeko grina. Berea oso modu humanoan egindako militantzia izan da, modu gozoan. Jende guztiarengana berdin gerturatzen zen beti, errespetu eta maitasun handiarekin, eta uste dut hori badela militatzeko modu ezberdin bat, eta horrek markatu du. Bere izaerak arrastoa utzi du.

Oso zaila da bere ezaugarri bat nabarmentzea, azkenean hainbeste gauza egin zituen, hainbeste jenderekin, zaila baita ezaugarri bat aukeratzea. Deigarria zait azken egunetan ortzadar bandera ikusitakoan, Mikel ikusi dudala. Borroka ezberdinetan hartu du parte: jende gaztearen alde, adinekoen alde, presoen alde, emakumeon alde… baina beti bere izaeratik aterata, LGTBI mugimendutik hasita, Francis hil zutenetik armairutik ateratze hori aldarrikapen ikusgarri egin du bere borroka guztietan. Hori oso garrantzitsua izan da kolektiboarentzat, herriarentzat, eta baita borroka askorentzat ere.

«Herriarekin konprometitutako pertsona izan da Mikel»

Joxe Mari Carrere Zabala / Alternatibako kidea

Militante bat izan da Mikel, herriarekin konprometitutako pertsona, auzotik hasi eta eremu orokorretagoetara helduta, mobida guztietan zegoen bera: LGTBI mugimenduan, presoen zein horien senideen aldeko mugimenduan… Mikelen ekarpena ikaragarria izan da, konpromiso eredua izan da, egon behar da egon behar den lekuan, hori da berak erakutsi duena herrian eta mundu zabalean. Hainbeste batailatan zegoen… Konpromiso militante politiko bat izan da berea, ideia batzuekin, zegoen lekuan zegoelako ideia zehatz batzuengatik. Berea ez da izan elkartasun soila, atzean gogoeta politiko bat zegoen, gogoeta politiko eta humano bat, era berean.

Belaunaldi gazteei begira, konpromisoaren ondarea utzi du. Zerbait nahi baduzu horren alde borrokatu behar zarela erakutsi du bere ibilbidean, eta borrokatze horrek zerikusia dauka harremanekin. Horren harira, agur ekitaldian izan zen jendearen erantzunak ez du zerikusia soilik konpromisoarekin, urteetan landu zituen harremanen emaitza da. Borroka eta harremanak, jendearenganako enpatiak ezin dira bereizi. Ondare hori utzi du: laguntasuna eta enpatia bere bidean txertatu ditu, borrokan, harremanetan. Enpatia edozein arlotan ezinbestekoa dela erakutsi du, eta hori ongi transmititu du, bere eredutik, eta ez diskurtso batetik, praktikan baizik.

Adiskidetasuna eta elkartasuna dira Mikelen ezaugarriak nire ustez, biak, gainera, ezinbestekoak dira, batak bestea osatzen du, batak bestea behar du. Militantzia ere bere ezaugarria izan da: zerbait nahi baduzu lan egin behar duzu, inplikatu behar zara. Mundu askeago bat lortzeko zure aldetik jarri behar duzu, eta Mikel militantzia zen. Horiek dira Mikelengan ezagutu ditudanak, hurbiltasuna eta konpromisoa. Pertsona borrokalaria zen, eta pertsona ona, zalantzarik gabe.

«Bere konpromisoa eredugarria izan da egunerokoan»

Andoni Etxeberria Mendiburu / LGTBI+ Mahaiko kidea

Mikelek ekarpen itzela egin dio herriari, beste inork eman eta egin ez duena. Bere lana, bere konpromisoa eredugarria izan da egunerokotasunean; beti egon da beharra sentitu duen lekuetan.

Gelditu garenok utzi duen ondarea plazaratzeko gai izatea nahiko nuke, eta batez ere, berak erakutsi zuen konpromisoa eta indar hori zabaltzen jarraitzea. Erakutsi digu posible dela ezberdintasunean bizitzea, bizitzari kolorea ematea, bizitzak kolore asko dituela eta hori beste guztiaren gainetik defendatu behar genuela. Utzi digun ondare potenteena da borrokatzea merezi duela.

Sentsibilitatea, lan egiteko grina eta besteen lekuan jartzeko zuen erraztasuna nabarmendu nahi nituzke. Beti zegoen entzuteko eta laguntzeko prest, oso pertsona ona zen, bihotz oso handikoa.

Ezin da aipatu gabe utzi, gainera, hori guztia sufrimendu handia pasa ondoren egin zuela. Kristorenak eta bi pasata ere, inoiz ez da kikildu, aurrera egin du. Ez dio lagundu osasunak, ezta gure ingurune homofoboak ere, baina berak aurrera egin du beti, eta ez du inoiz burua makurtu. Bizitzatik tente joan da, eta bera bezalako pertsona bat ezagutzea gozamena izan da.

«Garenak izanik bizi behar garela transmititu digu»

Txelo Berra Mur / Oreretako Asanblada Feminista

Ikusgarritasuna lortzea izan da Mikelek egin duen ekarpen handienetako bat, dena normaltasun baten barruan sartzea. Gai zen edozein pertsona motarekin harremantzeko, zuen pentsaera zuela, belaunaldi ezberdinekoa izan edo ez… Bere lumak soinean edonora joateko gai zena, zena erakusteko, printzipioz oso ezberdina zen jendearekin. Hausnarketa hori jende horrengana eramateko gai zen, jendeak zen moduan onartzen zuen, eta hori ikusi da, berak utzi duen maitasun guztia agerian gelditu da.

Harrigarria da oso jende ezberdinera heltzeko izan duen gaitasuna. Bera izanik uneoro, jende ezberdin horrekin guztiarekin konektatu eta bere mezua zabaldu zuen. Hankadun aldarrikapena izan da Mikel.

Ondare ikaragarria utzi du. Oso pertsona ausarta zen eta zu zeu izan zaitezkeela eta ez dela ezer gertatzen zabaldu du; gerta daitezke gauzak, baina jarraitu behar duzu, zu izan behar duzu, beti. Beldurrik ez dela izan behar transmititu dio jendeari, azkenean, garenak izanik bizi behar garela, maitatzen dugun moduan maitatu behar dugula, zu izan behar zara eta ez duzu beldurrik izan behar. Bera lasai ibiltzen zen kalean, bera izanik beti. Mezu hori normalizatu zuen, eta berari esker jende askok beldurra baztertu du.

Oso garrantzitsua da jende gazteagoarentzat erreferenteak izatea. Belaunaldi askoren arazoa horixe izan da zehazki, erreferenterik ez izatea, eta Mikelen gisako erreferentea izatea, hainbeste maitasun sortu duena gainera, beti da positiboa. Jarraitzeko eredu bat da.

Niretzako Mikel pankarta bat zen. Atentzioa ematen zidan bere bizitzarekin militatzen zuelako, baita intelektualetik ere. Ikaragarri ausarta zen, esan behar zuena esaten zuen axola gabe non eta norekin zegoen. Gorputza eta aurpegia aurretik jartzen zituen, ezkutatu gabe. Plurimilitantea izan da: egon zitekeen kaleratze bat Portugaleten, edo hitzaldi bat Zaragozan, eta han zen Mikel, bere ortzadar banderarekin.

Konektatzeko zuen erraztasuna bere beste ezaugarrietako bat zen. Jende guztiarekin hitz egiten zuen, eta jende guztiak maite zuen, denek entzuten zuten. Konexio hori belaunaldi ezberdinetako jendearekin, pentsaera ezberdineko jendearekin, feministekin, pentsiodunekin, gazteekin... sortu du. Gaur egun jende gutxik du ahalmen hori, eta Mikelek bazuen, eta ikaragarria zen hain eremu ezberdinetan halako adostasunak lortzea, beti maitasunetik. Maitasuna ezin da baztertu Mikelez hitz egiterakoan; oso ezberdina da omenaldi bat errespetutik egitea edota maitasunetik egitea. Errespetua garrantzitsua da, zalantzarik gabe, pertsona baten figura politikoa agurtu dugulako eta errespetutik egin da hori, baina maitasuna gaineratuta. Errespetutik eta maitasunetik agurtu dugu Mikel, ikaragarria da sortzen zuen maitasuna, eta horrek alde humanoa gehitzen dio. Azken agurra egiteko ekitaldian airean suma zitezkeen bertara bildutakoen emozioak, eta hori da bera gai izan delako bere ibilbide osoan hain jende ezberdinarengan maitasun handi hori sortzeko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.