jueves, 2 de marzo de 2023

#hemeroteka #inmemoriam | Mikel Martin LGTBI aktibista hil da

Irutxuloko Hitza / Mikel Martin //

Mikel Martin LGTBI aktibista hil da

Irutxuloko Hitza, 2023-03-02

https://irutxulo.hitza.eus/2023/03/02/mikel-martin-lgtbi-aktibista-hil-da/ 

Mikel Martin (Donostia, 1954-2023) LGTBI aktibista historikoa hil da. EHGAMeko kide izateagatik zen ezaguna, baina hainbat borroka sozialetan aritu zen gaztetatik.

Oarsoaldeko Hitzan egindako elkarrizketa batean azaldu zuen, bere amak zioen moduan, 16 urterekin hasi zela “iskanbiletan” sartzen. “Francoren diktaduraren azken sei urteak bizi nituen, eta iraultza sozial eta politikoarekin konpromisoa hartu nuen, askatasunaren etsaien aurkako iraultzarekin konpromisoa hartu nuen. Ordenu judiziala, militarra, eliza, burgesen ohiturak, kapitalaren tirania, banketxeak, patronoek egin zuten esplotazioaren legalizazioa, lurra eta nekazaritza lurren espoliazioa, kutsadura, AEBn akordio militarrak, hezkuntza pribatu elitista, GAL, torturatzaileak, isolamendua, prezioen gehiegikeria... Azken batean, injustizia izan dut jomugan. El Salvador, Nikaragua, edo Sahara herrien askatasunaren aldeko borroka hasi zenean, edo apartheid-aren, arrazakeria eta xenofobiaren kontrako borroka, apur bat Martin Luther King sentitu nintzen, Angela Davis edo pantera beltza, baita Bernadette Devlin ere. Halakoak babesten dituzunean, ekintzaile egiten zarenean, sentitzen duzulako da”.

EHGAMen sorreran parte hartu zuen, 1977an, eta hil arte LGTBI komunitatearen eskubideen alde borrokan jarritu du. Irutxuloko Hitzak Mikel Martin eta Pilar Mendibil aktibistak elkarrizketatu zituen 2019an, Espainiako Gobernuak homosexualitatea despenalizatu zuenetik 40 urte bete zirenean, eta Martinek horrela kontatu zuen EHGAMen sorrera: “Antonio izeneko kide bat Galestik etorri, eta taldearen sortzaileetako batekin elkartu zen Durangoko azokan, Imanol Alvarezekin. Antoniok esan zion Imanoli, hitzez hitz: ‘Badakizu Erresuma Batuan maritxuak bildu egiten direla euren eskubide zibilen alde borrokatzeko? Zer iruditzen zaizu zerbait egiten badugu hemen?’. Imanolek Euskal Herrian zailtasun asko ikusten zituela adierazi zion, baina aurrera jarraitu zuten, eta gaur arte borrokan aritu gara”.

Euskal militantea izateagatik, eta sexu askapenerako militante izateagatik jipoitu zuten Espainiako lau militarrek 2005ean, Donostian, Urbieta kalean. Larri zaurituta eraman zuten ospitalera. Jose Bono Espainiako Defentsa ministro zenak erasoaren biharamunean Espainiako telebistan zalantzan jarri zuen Mikel Martinen testigantza. 2011. urtean Donostiako auzitegiak gertakarien inguruko epaia jakinarazi zuen: bina urteko espetxe zigorra eta 300na euroko isuna bi akusaturi, eta 4.500na euroko isuna beste biei.
 
Mikel Martin Conderi bihar egingo diote azken agurra
Zentolen tanatorioan izango da agur ekitaldia 13:30ean; hura amaituta, Zumardian brindisa egingo dute ekintzailearen omenez.
Ikerne Zarate | Oarsaldeko Hitza, 2023-03-03
https://oarsoaldea.hitza.eus/2023/03/03/mikel-martin-conde-azken-agurra-zentolen-zendu/

Mikel Martin Conde oreretarrari bihar egingo diote azken agurra Zentolen tanatorioan. Atzo zendu zen, 68 urterekin, hamaika frontetan injustiziaren kontra eta jendarte askeago baten alde bizitza osoa borrokan eman duen ekintzailea. EHGAMen sortzaileetako bat, ez du bere militantzia esparru horretara mugatu, eta injustizia bat non, han zen bera.

Ekintzaile osoa, ezinbesteko diren horietakoak, arrasto itzela uzten dutenetakoa.

Bere ibilbide oparo eta eskuzabala omenduko dute bihar, xume. Zentolen tanatorioan izango da 13:30ean hasita. Bigarren agur bat ere antolatu dute biharko zumardian—15:00ak aldera aurreikusi dute—. Azken hori, Zentolengo ekitaldia amaituta egingo dute, Martinen omenezko brindis baten bidez.

Halere, aurrerago helduko da Martinek merezi duen omenaldia antolatzaileek jakinarazi dutenez, “horren berri garaiz emango dugu”.

Hilbeila Zentolen tanatorioan izango da gaur, ostirala, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, eta bihar 10:00etatik 13:30era.

Aparkalekuak mugatuak direla-eta Zentolenera ahal den neurrian oinez edo garraio publikoan joatera deitu dute.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.