jueves, 20 de enero de 2022

#hemeroteca #trans #queer #memoria | Katalina Erauso eta Paul B. Preciado, Alondegiaren «queer» apustua

Naiz / Juan Mari Aburto eta Fernando Perez Bilboko Alondigan //

Katalina Erauso eta Paul B. Preciado, Alondegiaren «queer» apustua.

Amaia Ereñaga | Naiz, 2022-01-20

https://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gara/editions/2022-01-20/hemeroteca_articles/katalina-erauso-eta-paul-b-preciado-alondegiaren-queer-apustua 

Katalina Erauso (Donostia, 1592–Cuitlaxtla, Mexiko, 1650), «moja alfereza» ezizenarekin ezaguna, pertsonaia historiko arras ospetsua da. Gizonez jantzita Ameriketan hainbat abentura bizi izan zituen emakumearen irudiaren berrirakurketa apurtzailea plazaratuko du Alondegiak martxotik aurrera, «queer» ikuspegi batetik eta Paul B. Preciado filosofoarekin komisario lanetan. 2022rako proposamen anitz prestatu ditu Bilboko «kultura garaikideko fabrikak».

Pandemia garaiak bete-betean harrapatuta ere, badirudi orain hiru urte Bilboko Alondegiaren zuzendaritza aldatu zenean martxan jarritako ibilbide orria (2019-2023 epeari dagokiona) betetzen ari dela. Hori aipatu zuen atzo, bederen, Fernando Perez Alondegiko zuzendariak, hasi berri dugun urteari begira prestatu diren ekimenen aurkezpenean.

Ez gara erabateko normalitatera itzuli, noski, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak atzoko aurkezpenean gogorarazi nahi izan zuen bezala, baina iazko datuak, Alondegiari dagokionez behintzat, ez dira 2020koak bezain latzak. Esaterako, 2021ean bi milioi pertsona baino gehiagok gozatu zuten Bilboko erdigunean berriztutako eraikin historikoko zerbitzuez –kultur, aisialdi eta kirol jarduerak hartzen ditu Alondegiak– eta «ia-ia 2019ko bisitari mailara iritsi ginen», aipatu zuen Perezek.

Bost erakusketa izango dira aurten Alondegian, eta 200 bat jarduera, askotariko formatu eta diziplinatakoak. Batzuk aipatzearren, itzulpengintza ardatz izango duen Gutun Zuria nazioarteko literatura jaialdia egingo da martxoaren 29tik apirilaren 2ra; Nazioarteko Komikiaren Egoitza ekimenaren lehen edizioa ere hartuko du Alondegiak, Angouleme eta Quebecekin batera; Ion Munduate, Elena Aitzkoa eta Urban Bat AZ izango dira «kultura garaikideko fabrikaren» egoiliarrak... Hori bai, hitzordu “potenteenak”, seguruenik, Bilborako propio prestaturiko bi erakusketa handi izango dira.

Lehen erakusketa (martxoaren 11tik irailaren 25era), “Ahots bat Erausorentzat. Trans garai baterako epilogoa” izango da. Cabello/Carceller kolektiboarekin batera (Helena Cabello eta Ana Carceller) ekoitzitako erakusketa Paul B. Preciado filosofo, arte komisarioa eta idazleak komisariatu du. «Alondegian, hasiera-hasieratik, feminismoa ardatz duten lanak bultzatu nahi izan ditugu», nabarmendu zuen Fernando Perez zuzendariak. Bada, “Ahots bat Erausorentzat” proposamenarekin, kontakizun historikoaren eraikuntza eta queer eta trans politika garaikideak harremanetan jarriko dituzte.

Instalazioak, perfomancea, fikzioa, kontakizuna eta bideoa erabiliz, Katalina Erauso pertsonaiaren ertzak agerian jarriko dituzte. Abiapuntua Juan van der Hamen margolariak donostiarrari Espainiako itsas armadako alferez gisa jantzita 1626an egin zion erretratua da, gaur egun Kutxa bildumakoa dena. Paul B. Preciadoren esanetan, «gizon gisa jantzitako Erausoren erretratua arte errenazentistaren historiako lehen erretratu ‘trabestitzat’ har daiteke». Erreibindikatu daitekeen pertsonaia, beraz... baina ez bere osotasunean: «Maputxeen genozidioan inplikatuta egon zenez eta merkatu kolonialean izan zuen jarreraren ondorioz, figura deserosoa da trans historian».

Ikus-entzunezko lan bat ere filmatu du Doxa Produkzioak ekoiztetxeak erakusketarako. Alberto Sinpatron izan da jantzien diseinatzailea eta Mursego arduratu da musikaz.

Urteko bigarren erakusketa nagusia udazkenean helduko da. Urtaro horretan Bilbon zinema protagonista izatez denez Zinebi bezalako jaialdiekin, zinemaren historiako pertsonaia alternatibo batek izandako eragina azaleratuko dute urriaren 27an zabalduko den “Somewhere from here to heaven” erakusketan. Aipatutako pertsonaia Bruce Bailli da, zinemagile esperimental estatubatuarra, hippy garaikoa, abangoardiako zirkuituetan aritu arren George Lucas bezalako egileengan eragin handia izan duena. Komisarioa Garbiñe Ortega arabar ekoizlea da eta bere gidaritzapean lan bana filmatu dute honako nazioarteko zinemagileek: Apichatpong Weerasethakul thailandiarra –sari ugari jaso ditu Estatu frantsesean–, Ben Rivers britainiar dokumentalista, Eduardo Teddy Williams argentinarra eta Ana Vaz brasildarra.

Berrikuntzak
«Kultura zerbitzu publiko legez, argi izan behar dugu garaiotan sekula baino beharrezkoagoa dela kultura, eta horretan jarri behar ditugu indarrak», aipatu zuen atzo Alondegiko zuzendariak. Horren erakusle, «kultura garaikideko fabrika» bihurtzea du xede Alontegiak, eta horretarako urratsak egiten ari da, Mediateka bultzatuz edo euskal diseinuari DendAZ izeneko gunea eskainiz, esaterako.

Aurten Kubo Baltza agertokia ere zabaldu du Alontegiak. Zentroak bi espazio eszeniko ditu orain, auditoriuma eta agertoki ez-konbentzionala hori, arte bizien praktika garaikideak garatzeko berariaz pentsatutakoa.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.