lunes, 16 de mayo de 2022

#hemeroteka #lgtbifobia | Sexu askapena lortzeko «saretzea, artikulatzea, zaintzea eta antolatzea» eskatu du EHGAMek

Naiz / LGTBIfobiaren aurkako elkarretaratzea Donostian //

Sexu askapena lortzeko «saretzea, artikulatzea, zaintzea eta antolatzea» eskatu du EHGAMek.

Astearte honetan, maiatzak 17, ospatzen da LGTBIfobiaren aurkako eguna eta Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak azken hilabteetan Bilbon izan diren hilketak izan ditu hizpide. «Saretzea, artikulatzea, zaintzea eta antolatzea» beharrezkoa da, adierazi dute ohar baten bidez.
Naiz, 2022-05-16
https://www.naiz.eus/es/info/noticia/20220516/sexu-askapena-lortzeko-saretzea-artikulatzea-zaintzea-eta-antolatzea-eskatu-du-ehgamek 

«Azken asteotan jazo diren hainbat gertakarik sortutako ezjakintasunezko egoera deseroso, mugitu eta mediatikoen aurrean», Ehgamek «hainbat komunikabidek gure bizitzen gaineko mediatizazio ikaragarria» sortu dutela deitoratu du ohar baten bidez.

Astearte honetan, maiatzak 17, ospatzen da LGTBIfobiaren aurkako eguna, eta horren harira kaleratu ditu hausnarketa hauek Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak. «Komunikabide batzuek morboa sortzeko duten neurrigabeko behar horrek geure bizitzak, geure harremanak, geure gozamena eta geure askatasuna jopuntuan jarri ditu. Shock doktrina etengabean bizitzera kondenatu nahi gaituzte, beldurraren marko amaiezinean. Beldurraren marko amaiezin hori, gainera, geure kolektiboaren baitako kide batzuek ere babesten dute eta ondorioz, geure praktika sexualen estigmatizaziora batzen dira».

Azken hilabteetan Bilbon izan diren hilketak izan dituzte hizpide. «Zalantzaz beteriko asteak izan dira: informazio andana eta kontrajarria aurkeztu dizkigute. Oraindik orain, hainbat kontu ez daude argi. Dena dela, batzu batzuk bai topatu dute bidea: bidea biktimak estigmatizatzeko, bidea sare digitaletan ligatzea estigmatizatzeko, bidea, azken finean, praktika sexual konkretu batzuk estigmatizatzeko eta hala, LGTBI kolektiboa estigmatizatzeko», salatu dute.

Informazio hauetan ere arrazismoa «agerian» geratu dela nabarmendu dute. «Atxilotutako eta espetxeratutako ustezko erasotzailearen gain kokatu dute LGTBIfobiaren karga guztia, beste oro, jendartea bera, alegia, LGTBIfobikoa izango ez balitz bezala».

Hala ere, nabarmendu egin dute oraindik «ez dakigula gertatutako hilketa hauek eraso homofoboak diren ala ez». Hala ere, «estruktura homofobo baten baitako erasoak izan direla eta estruktura homofobo horrek ahalbidetu egin dituela» ekarri dute gogora. «Jendarte homofobo honen barne soilik uler daiteke, geure hainbat kidek ezkutuan eta semi-klandestinitatean burutu behar izatea sexu praktika batzuk».

Zentzu horretan, «erlazio aske eta sanorik gabe, zaila dela elkar zaintzea» aipatu dute. «Zelatatu egiten gaituzte, geure praktika sexualek eta geure existentziek beren estruktura normatiboa kolokan jartzen dutelako. Horrexegatik, erasotzen gaituzte, hain zuzen ere, horrexegatik, hain zuzen ere, hiltzen gaituzte, eta horrexegatik, hain zuzen ere, gure hilketak justifikatzen dituzte».

Emakumeek jasandako erasoen kasuan, «justifikazio hutsalak sarri» entzuten direla adierazi dute. «Azken hilabetetako kasuotan ere, hainbaten ahotatik entzun behar izan ditugu sareetan ligatzearen albo-kalteen inguruko justifikazio hutsalak; tabernetan edota diskoteketan ligatzea seguruagoa izango balitz bezala. Geuretzat, LGTBI pertsonentzat eta emakumeentzat orokorrean, ligatzea ez da segurua, ez saretan, ez tabernetan, ez inon».

Mobilziazioak
Zentzu horretan, «azkenaldian indartzen ari diren diskurtso atzerakoiak (eskuina, ultraeskuina, diskurtso transbaztertzaileak...), gure askatasunaren eta bizitzaren aurkako mehatxu zuzena» direla nabarmendu du Ehgamek.

Horren aurrean, «saretzea, artikulatzea, zaintzea, antolatzea» beharrezkoa dutela adierazi dute. «Sexu askapena ordea ez da soilik guri dagokigun kontua, jendarte osoaren aldarrikapen behar du izan. Zishetero pertsonek ere isiltasuna alde batera utzi eta lubaki honen parte izan behar dute».

Eta zentzu horretan, maiatzaren 17 honetan deitutako hitzorduetan parte-hartzera gonbidatu dute gizartea. «Askatasunez biziko garen etorkizuna dugu xede, eta horretarako, Euskal Herrian egunez egun sexu askapenerantz pausuak ematen jarraituko dugu».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.