sábado, 27 de junio de 2015

#hemeroteka #berdintasuna | Bidean parekide bihurtu diren betiko ohiturak

Irudia: Gaur8 / Zubieta
Bidean parekide bihurtu diren betiko ohiturak
Amagoia Mujika / Maider Iantzi | Gaur8, 2015-06-27
http://www.naiz.eus/es/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2015-06-27-07-00/hemeroteca_articles/bidean-parekide-bihurtu-diren-betiko-ohiturak

Beti horrela egin izan delako. Inoiz ez delako horrela egin. Argudio horiek aitzakia gisa erabiliz, emakumeei ate asko itxi zaizkie jaietako egitarauetan. Ate horietako batzuk parez pare ireki dira, tartean eztabaida, iskanbilaren bat eta zalantzak izan arren. Krisiak krisi, denborak normaltasuna ekarri du eskutik. Andoaingo azeri-dantza, Zubietako joaldunak, Legazpiko ezpata-dantza eta Donostiako danborrada ekarri ditugu adibide modura, behinola herritarrek parekidetasunaren aukera besterik ez zegoela ulertu eta bide hori egin zutelako.

Andoaingo azeri-dantza. «Gaurko egunean, ez dut azeri-dantza emakumerik gabe ulertzen»
Andoaingo azeri-dantza 1974. urtean berreskuratu zuen bertako Lizar Makil dantza taldeak. Andoainen eta Adunan dantzatzen da musika, joan-etorriak, jolasak, zirikaldiak eta harrapaketak batzen dituen pieza berezia. Juantxo Arregiren bizitzako pasarte oso garrantzitsua da azeri-dantzarena, berreskuratu zenetik gaur arte lehen lerrotik bizitu baitu tradizio jostalaria.

«Bixente Olano kultura arloan oso garrantzitsua eta jantzia zen, eta berak jaso zuen Andoainen egiten zen azeri-dantzaren berri. Ikertzen hasita jakin zuenez, Adunan adinean aurrera joandako hiru gizonek bazekiten nola dantzatzen zen, bere garaian egin zutelako. Eta haiengana joan zen, laguntza eske», hasi da kontatzen Arregi. Berak, orduan, 17 bat urte zituen eta Lizar Makil dantza taldean zebilen, Olanorekin. Kostatu omen zitzaien Adunako hiru gizonezko horiek konbentzitzea, baina azkenean lortu zuten azeri-dantza nola egiten zen ikustea eta ikastea, eta Andoaingo herriari eskaintzea erabaki zuten. «1974. urtean dantzatu genuen lehen aldiz, Adunan, Lizar Makil dantza talde bezala. Hurrengo urtean, 1975. urtean, Andoainen hasi ginen, baina herriko dantza bezala, parte hartu nahi zuten herritarrekin, ez dantza talde bezala».

Ordutik, Andoainen San Joan egunez, ekainaren 24an, dantzatzen da, eta Adunan, Andra Mariaren egunean, abuztuaren 15ean. «Oso dantza bihurria da, jostalaria, ganberroa... helburua ondo pasatzea eta ondo pasaraztea da. Ez dauka pauso solemnerik eta mugimendu handikoa da», segitu du Arregik.

Burutik pasatu ere ez
1975. urtean berreskuratu zutenetik, urte luzez gizonezkoek bakarrik dantzatu izan dute azeri-dantza. «Hala jaso genuen dantza, tradizionalki horrela egiten zen eta ez zitzaigun burutik pasatu ere egiten emakumeak parte hartzearen aukera», kontatu du Arregik.

Hastapenetan, azeri-dantzak dezenteko arrakasta zuen herrian eta talde ederra elkartzen zen, 30 bat lagun. «Pixkanaka, ez dakigu zergatik baina jaisten joan zen parte-hartzea. Guk parte hartzeko deia han eta hemen egiten genuen urtero-urtero, baina apaltzen joan zen. 2000. urtearen aurreko fasea zen hori. 1999. urtean –gizonezkoak bakarrik atera ziren azken urtea–, 13 lagun bakarrik atera ginen azeri-dantzan», gogoratu du Arregik.

Ordurako, herrian emakume talde bat mugitzen hasia zen, azeri-dantzan parte hartu nahian. «1997. urtearen bueltan, entsegu batean geundela, herriko emakume talde bat etorri zen, beraiek ere azeri-dantzan parte hartu nahi zutela esanez. Harrituta geratu ginen, ez genuelako espero. Eta aztoratuta ere geratu ginen, zer egin ez genekiela. San Joan egunerako hamar egun eskas falta ziren eta urte hartarako ja berandu zela esan genien, baina aurrera begira hitz egingo genuela. Ez genien aterik itxi».

Hurrengo urte parea besterik gabe pasatu omen zen, emakume talde hori ez zen berriz agertu eta gizonezkoek bakarrik parte hartu zuten azeri-dantzan. Baina 2000. urtean berriz ere jarri zen gaia mahaiaren gainean. Emakume talde batek garaiz, denborarekin, agertu zuen azeri-dantzan parte hartzeko borondatea eta erabakia hartzeko garaia iritsi zen.

«Nik ez neukan batere garbi. Taldean, gehiengoa emakumeak parte hartzearen kontrakoa zen, eta neroni ere horretan nengoen. Beti onartzen dut nik hasieran ez nuela ongi ikusten emakumeen parte-hartzea. 25 urte generamatzan azeri-dantza gizonezkoek bakarrik egiten, ohitura horixe zen eta gure buruan ez zen beste aukerarik sartzen», kontatu du Juantxo Arregik.

Ez ziren egun samurrak izan. Emakumeen parte-hartzearen kontrakoa izan arren, barruan zer edo zer mugitzen zitzaiola sentitzen zuen, eta korapiloa sortzen ziola, egonezina. «Etxean, emaztea eta seme-alabak emakumeak parte hartzearen aldekoak ziren eta kanpaina gogorra egin zuten. Neroni ez nengoen lasai, kontraesan handiak sortzen zizkidan erabaki hark. Baina, azkenean, nire barruko borroka gogor baten ondoren, pentsatu nuen: ‘eta zergatik ez?’».

Lehen aldiz, parekidea
1999. urtean, hamahiru lagunek parte hartu zuten azeri-dantzan. Behin jaiak amaituta eta hurrengo urteko sanjoanak iritsi baino lehen, azeri-dantzako taldea bilerak egiten hasi zen, Udalean emakumeen parte-hartzearen inguruko erabaki bat hartze aldera. Eta aurrera egitea erabaki zuten, emakumeei azeri-dantzarako atea irekitzea. Arregi eta beste bat baino ez ziren geratu ordura arteko talde horretatik. Gainontzekoek, erabaki horrekin konforme ez zeudenez, alde egitea erabaki zuten. Herrian ere igarri zen mugimendua, herritar zenbaitek desadostasuna azaldu zuen; bere horretan geratu zen, ordea. «Herritar batzuk ez zeuden ados. Baina egia da ikusle kopuruan ez zela igarri. Krisi txiki bat pasatu zen, baina herritarrek azeri-dantza ikustera etortzen jarraitu dute», kontatu du kasik 35 urtean azeri-dantzako buruzagi izan denak.

«Niretzat gogorra izan zen eta, neurri batean, porrota ere izan zen. Taldeko bi kide bakarrik geratu ginen; gainontzekoek erabakia onartzen zutela baina erretiratu egingo zirela esan ziguten, ez zutela gehiago parte hartuko. Batzuekin distantzia pixka bat ere izan dut. Hala ere, denborarekin konpondu ditugu kontuak. Eta badakit orain desberdin ikusten dituztela gauzak».

2000. urteko azeri-dantza arrakastatsua izan zen. 40 bat lagunek dantzatu zuten, gutxi gorabehera erdiak emakumeak eta erdiak gizonak. «Ni eta beste kide bat kenduta, dantzari guztiak berriak ziren. Esan daiteke azeri-dantzaren aldi berri bat hasi zela. Nik argi eta garbi esan nien ez nuela nahi azeri-dantza lorpen bat bakarrik izatea. Iritsi, parte hartu eta joan. Azeri-dantzak jarraipena behar zuela, parte-hartzea ziurtatu behar zela eta bizirik eutsi behar zitzaiola. Eta oso pozik nago, herritarrek azeri-dantzarekin hartu duten konpromisoa benetakoa izan delako, ez delako urte bateko kontua izan. Gaur egun, oso osasuntsu dago, gizon eta emakumeek berdin parte hartzen dute, herriak berea sentitzen du eta aurrera egiteko moduan dago. Oso-oso pozgarria da».

Osasuntsu eta parekide
Gaur egun, inork ez du azeri-dantza emakumerik gabe imajinatzen. «Azeri-dantzak sekulako indarra hartu du eta, zalantzarik gabe, emakumeen parte-hartzeak badauka partea horretan. Gaurko egunean, ez dut azeri-dantza emakumerik gabe ulertzen. Parte-hartzeak gora egin du, 30-40 lagun inguru biltzen dira urtero, eta erdia inguru emakumeak dira. Herritarrak erabat inplikatu dira azeri-dantzan eta uste dut emakumeek parte hartzea sekulako arrakasta izan dela. Benetan pozik eta harro nago hartu genuen erabakiarekin», esan du. Lauzpabost urte dira azeri-dantza jende artetik ikusten duela Juantxo Arregik, hunkituta eta harro, aspaldi berreskuratu zuten dantza berezi hori belaunaldiz belaunaldi bizirik transmititzen asmatu dutelako eta bidean parekidea bihurtu delako.

Legazpiko ezpata-dantza. «Guretzat inportanteena dantza da, eta hau nola egiten den»
Joan den maiatzaren 3an, Legazpiko jaietako Santikutz egunean, dantzatu zen ezpata-dantza Euskal Herri osoko etxeetara iritsi zen, lehenbizikoz neskek eta mutilek parte hartu zutelako, arropa berdina jantzita.

Sustraiak taldeak 40 urte bete ditu aurten eta bertan aspalditik dabilen Jon Dorronsororekin mintzatu da GAUR8. Oroitu duenez, hasieran haur taldeak zeuden, bai neskena bai mutilena. Heldu egitean, elkartu eta proiektu berria sortzea erabaki zuten.

Aurreneko urteetan nahiko mutil eta neska zegoen, baina gero, urtetik urtera, neska kopurua gehitzen joan zen eta mutilena gutxitzen, dantza talde gehienetan gertatzen den bezala.

Taldea sortu eta egin zuten lehendabiziko lanetako bat Legazpiko ezpata-dantza berreskuratzea izan zen. Mutilek egiten zutenez, hauek bakarrik hasi ziren eta urte pila batean hala egin dute. Festetan dantzatzen den dantza hau urteroko ekitaldi garrantzitsuena izaten da, taldeak herriari eskainitako dantza.

2011ko aurrekaria
«Beti mutilek dantzatzea, ekitaldi inportanteenean paper nagusia mutilek edukitzea, taldean gauza askotan neskek pisu handiagoa hartzen zutela ikusita, ez zitzaigun oso egokia zenik iruditzen. Hori zela-eta, 2011. urtean hitz egiten aritu ginen eta ezpata-dantza neskek dantzatzea pentsatu genuen. Behin behintzat, ea horrela gauzak pixka bat aldatzen hasten ginen. Baiezkoa eman zuten eta urte hartan neskek bakarrik dantzatu zuten».

Jaiez aparte, Sustraiak taldearen beste ekitaldietan, herrian eta herritik kanpo egiten zituztenetan, batzuetan ezpata-dantza mistoa egiten zuten, neska eta mutilekin; beste batzuetan, ordea, dantza hau egiteko deitzen bazieten, mutilek bakarrik egiten zuten. «Baina pixkanaka hori ere aldatu behar genuela pentsatu genuen. Dantzari eman nahi genion garrantzia, ez dantzaria mutila edo neska izateari», argitu du Dorronsorok.

Euskarak bezala, sexurik ez
Sustraiak taldeko kidearen iritziz, euskarak generorik ez duen bezala, dantzak ere ez du zertan izan. Horren adibide da garai batean mutilen dantza ohikoak edo tradizionalak zirenak gaur egun neskek dantzatzen dituztela, eta alderantziz gauza bera. Dantza batzuk neskentzat sortuak izan ziren eta orain mutilek dantzatzen dituzte. Aldatzen doa eta talde askotan dantza hauek erabat mistoak direla ikusten da.

«2011n, neskei ezpata-dantzarako zer jantzi nahi zuten galdetu eta eurak beren trajeekin, neskek erabiltzen dituztenekin, erosoago zeudela esan zuten, eta hala atera ziren. Baina aurten ezpata-dantzari trajearekin atera dira, mutilak bezala. Ondorengo sokadantza eta beste dantzak bakoitzak zegokion jantziarekin egin zituen».

Dorronsorok gogoratu duenez, lehendabiziko aldian jendeak sorpresaz hartu zuen. «Baina ondo. Guk baino hobeto dantzatzen zutela esan zuten! Aurten, komentatua genien, abisatuta zeuden, neska eta mutilek elkarrekin egiteko erabakia hartuta genuela, eta ondo hartu zuten. Azken batean, guretzat inportanteena dantza da, eta hau nola egiten den, ez nork egiten duen. Neska edo mutila izan, arropa berdina jantzita ez da asko nabaritzen».

Behar denean soilik ez
Behar kontuak ere badira hauek. 1960ko hamarkadan, urte batzuetan, oso mutil gutxi zeuden dantza taldean, soldaduska kontuengatik, eta ezpata-dantzako aurreneko hiru figurak, kapitainak, neskak izan ziren. «Hori ondo dagoela ematen du, beharra baldin badago onartzen da. Orduan, beharrik ez dagoenean ez onartzea… Hemengo ezpata-dantza berezia da, Legazpiko ezpata-dantza delako, ez mutilek edo neskek egiten dutelako», baieztatu du Dorronsorok.

Legazpin bi dantza talde daude. Maiatzeko Santikrutz jaietako azkeneko egunean Mirandaolako prozesioa egiten da eta ezpata-dantza dantzatzen da, bi taldeetako dantzariekin.

«Aurten, mistoa egitera animatzen ziren galdetu genien eta beste taldeko mutilak bai, prest zeuden; neskek esan zuten berandu abisatu geniela, baina agian datorren urtean... Nire ustez, animatuko dira, aurten nola atera den ikusita. Aldaketa bakarra da tokatzen zaien neskek plazara lehenago agertu behar dutela».

Sustraiak taldeko ordezkariak azaldu du beraientzat folklorea finkoa dela, baina, aldi berean, egoeraren arabera ere moldatzen dela.

«Gaur egun, ez zaigu oso egokia iruditzen dantza hau mutilena edo neskena dela esatea. Dantza gehienak, arrazoi bategatik edo besteagatik, neska eta mutilek elkarrekin dantzatzen dituztela ikusten da».

Tokian tokikoak, bereziak
Gipuzkoako herri honetan ezpata-dantza duten gisan, beste dantza ugari tokian tokikoak dira, bereziak, hainbat mendetan dantzatuak, eta horiek aldatzea zailagoa izaten da. «Baina herri batzuetan jada hasi gara», esan du itxaropentsu. Dantzarien artean, oro har, arazorik ez dagoela iruditzen zaio: «Gu irekixeagoak gara, beharbada neska artean gaudelako. Gure taldean 9 mutil eta 20-21 neska izango gara».

Legazpin urratsak egiten ari dira: aurrena 2011n, aurten beste pauso bat... Pixkanaka-pixkanaka normaltasuna lortzea du helburu Sustraiak dantza taldeak, hau da, albistea ez izatea neskek eta mutilek parte hartu dutela, ezpata-dantza dantzatu dela baizik.

Donostiako danborrada. Mistoa bada, parekidea izatea falta zaio
«Donostiako danborrada mistoa da, baina ez parekidea». Halakoxe ondorioak jarri dituzte mahai gainean Beatriz Moral eta Margaret Bullen antropologoek, “Emeki-emeki, berdintasunezko danborradarantz” liburuan. Danborrada oso anitza da, batez ere konpainia bakoitzak errealitate propioa bizi duelako, baina badira hamarkada batzuk emakumeek parte hartzen dutela. 1980. urtean atera zen lehen emakumea danborra jotzen, Kresalako konpainiaren eskutik. Aurretik, hala ere, izan ziren aurrekariak, 1927tik 1936ra bitarteko argazkietan emakumeak danborra jotzen ageri baitira, ez kantinera modura bakarrik.

Baina egungo danborradari begira jarrita, emakumea lehenengoz 1980. urtean atera zela esan daiteke. Kresala elkarte kultural bat da eta gizon-emakumeek ekintza guztietan parte hartzen zuten. Hartara, ez zuten ulertzen danborradan zergatik ez eta horixe helarazi zioten alkateari. Jesus Mari Alkain alkateak begi onez ikusi zuen proposamena eta emakumeei atea ireki zien danborra jo zezaten. Alde Zaharreko danborrada tradizionalek, baina, ez zuten begi onez ikusi aldaketa eta emakumeak ateraz gero haiek ez zirela aterako mehatxu egin zuten. Alkateak garbi zeukan kontua: ateratzen ez baziren hiriko bandera Kresalak berak igoko zuela esan zien. Hartara, Alde Zaharreko beste danborradek mehatxua atzera bota eta urtero moduan atera ziren.

Pixkanaka eta urtez urte, emakumearen presentzia areagotzen eta normaltzen joan da Donostiako danborradan eta horretan zerikusia izan du segur aski Udalak zenbait garaitan agertu duen jarrera irmoak.

1997az geroztik, 2005. urteko Berdintasun Legera arte, hainbat pauso eman dira parekidetasunaren bidean. 1998. urtean, Udalak danborradentzako diru-laguntzen irizpideak aldatu zituen, mistoen mesedetan, eta 2008. urtean, danborrada baztertzaileei diru-laguntzak ukatu zizkien.

Beste mugarri bat 2006. urtean jarri zen. Ordura arte, gizonezkoek bakarrik parte hartzen zuten banderaren igoeran eta jaitsieran, Gaztelubide elkartearen eskutik. 2006. urtean, Intxaurrondoko Artzak Ortzeok elkarteko hamabi emakume igo ziren oholtza gainera.

Pauso garrantzitsua izan zen, zalantzarik gabe, nahiz eta desfiletik kanpo gertatzen diren egoera askotan oraindik urrunxeago ikusten den parekidetasuna. Aipatutako liburuan jasotzen denez, Gaztelubide elkartean izaten den afari sonatu horretan ez zuten parte hartu Artzak Ortzeok taldeko emakumeek. Plater konbinatu bana jan ondoren igo ziren Konstituzio plazako oholtza nagusira eta Gaztelubide elkartera ez ziren sartu ere egin. Gaztelubideko afari famatuak eman du zeresana, bere menuan ez baitzegoen parekidetasuna aukeratzerik. 1987. urtean Pilar Mirorekin gertaturikoa sonatua izan zen. Ohituraz, gizonezko udal ordezkariak eta Urrezko Danborra jasotzen zutenak Gaztelubidera joaten ziren afaltzera. 1987. urtean Pilar Mirok jaso zuen saria eta, emakumea izaki, ezin izan zuenez Gaztelubiden afaldu, kalean eztabaida piztu zen. Bi urte geroago, Gabriel Celaya poetak jaso zuen Urrezko Danborra eta garbi erantzun zion Gaztelubidekoen gonbitari: bere tradizioa emaztearekin ospatzea zen eta hark ezin bazuen Gaztelubiden afaldu, bera ere ez zen joango. Geroztik, indarra galtzen joan da afaria.

Haur Danborradan neskatoen parte-hartzea ez da betiko kontua. Gainera, ez da ziurra neskatoak danborrarekin noiz hasi ziren; 1970eko hamarkadan, adituen ustez. Hasieran, belarritako gabe eta ilea jasota ateratzen ziren, oharkabean pasatzeko. Izan ere, neskak soldadu gisa ateratzen zituzten eskolei diru-laguntza ukatzen zien Udalak. Urte batean, zenbait ikastetxek protesta egin zuten, eta desfilearen erdian neskatoei ilea askatzeko eskatu zieten. Geroztik pausoak eman dira, nahiz eta oraindik baden zer aldatu, Easo Ederraren figura kasu.

Gaur egun, danborrada baztertzaileen kopurua txikia da; talde mistoen proportzioa, berriz, handitzen ari da. Izan ere, talde berri ia guztiak misto sortzen dira. Hala ere, gizon eta emakume partaideen kopuruak ez dira parekoak; oraindik parte-hartzaileen heren bat inguru baino ez dira emakumezkoak. Sasiak kenduta, bidea garbi samar ikusten da. Orain, aurrera egitea baino ez da geratzen.

Zubietako inauteriak. «Neskak eta mutilak elkarrekin ibiltzen gara, bat gehiago bezala»
Iturendar eta zubietarren bihotz taupadek joare hotsa dute, emakume zein gizon izan. Juli Loiartek 49 urte ditu eta 17ko alabarekin batera atera da desfilatzen aurtengo inauterietan. Urtarrilaren 26an, astelehena, Zubietako arkupeetan jantzi, prestatu eta Iturenerainoko bidea egin zuten. Aurtiztarrekin eta iturendarrekin elkartu eta plazan besta koloretsu eta basatia lehertu zen, era guztietako mozorroekin. Hurrengo egunean alderantziz egin zuten, iturendarrek bisita itzuli zieten zubietarrei. Gaur egun, besta parekideak ospatzen dituztela azaldu du Loiartek, neska zein mutil berdin parte hartzen dute. Baina ez da beti hala izan eta Juli bera horren lekuko adierazgarria da.

Aita eta bi anaia zaharragoak joaldunak izaki, etxean jaso zuen ttiki-ttikitatik usadio zaharra. «Joarea ikusi eta ile guztiak puntan jartzen zaizkit», esan digu telefonoaren bestaldetik. Beti izan da horrela. Lineatik ere sumatzen zaio emozioa. 19 urte izanen zituen eta 1982a izanen zen bidea ireki zioten aita eta anaiekin batera lehenbizikoz joaldun gisa atera zenean. Bera zen neska bakarra.

Bat gehiago
Familiaren babesa zuen. «Ez egin kasurik zurrumurruei. Joan eta jo. Zerbait esaten badizute, zuk niri esan», aholkatu zion aitak. Anaiak bi eta hiru urte zaharragoak dira eta eurek ere animatu zuten. «Anaiek jarri ninduten han eta ondo. Ez zidan inork ‘utzi ttuntturru eta joareak eta zoaz etxera’ esan. Hori ez. Baina jende batzuen tartean zurrumurruak aditzen nituen, bizpahiru izanen ziren, baina ‘joan daitezela pikutara!’ pentsatzen nuen. Gero, urteen buruan, neska gehiago hasi ziren ateratzen eta bat gehiago zirela ikusi zuten», agertu du.

«Aurten eta aitzineko urtean oroitzen naiz ze txirrinta nuen. ‘Benga, Juli, Iturenera joan behar dugu, bikote bat falta da’ esaten zidaten. ‘Ez zait inporta, falta ez bada ere nik joan behar dut’. ‘Bai, bai, etorri etorri’. Eta hala atera ginen». Batzuetan, itzuli osoa aguantatuko ez duen kezka sortu zaio, baina «nahiko ondo» moldatu da. «Gero, Ibuprofeno bat eta azukrea urarekin eta listo!».

Loiartek uste du ttikitatik izan duela amets hori. Aita eta anaien gibeletik han ibiltzen zen kinki kanka. «Beti neukan hori: ‘Jo behar ditut, jo behar ditut’. Etxetik ikusten dugu. Alaba ere joalduna da».

Ama-alabak, bikote
Ama-alabak bikote bezala atera izan dira. Amak dioenez, orain ez dago inongo arazorik emakumeek parte hartzeko. «Gizonek oso ondo hartzen dute. Nire anaiaren alabak ere jotzen ditu joareak eta asko animatzen dugu. Agian igande gauean afaltzen ari gara eta ‘bihar zer?’ beste animo batez esaten digute, eta guk nahi dugu... Orduan, ez da batere arazorik. Orain neska eta mutilak elkarrekin ibiltzen gara, bat gehiago bezala».

Jaietan ere neska-mutilak denak batean ibiltzen dira. Inork ez du erraten ‘zu neska zara eta ez zara aterako’. Gauzak aldatu egin dira.

Elkartean ere bai
Inauterietan larunbatetik asteazkenera arte gosari, bazkari eta afari, otordu guztiak arkupean egiteko aukera dago. «Elkarte moduko bat da eta gu sartu ginenean, lau neska, nik 17 urte nituela, lehenbizi ‘neskak ere hemen!’, ‘zuek ere sartu behar duzue orain?, ‘zergatik?’ eta halakoak entzun genituen, baina hortik aitzinera oso ondo, urtero-urtero. Ni orain ez, baina lehengo lagunak joaten dira bazkaltzera eta besta egiteko neskekin edo mutilekin ez dago arazorik».

Joarea jotzeko, edo mozorroa janzteko, edo parte hartzeko ez da oztoporik. Loiarteren arabera, mozorrotzeaz edo joarea jotzeaz gain, arkupeetan ere emakumeak egotea inportantea da, besta dena baita.

«Bertako otorduetan primeran egoten gara. Asteartean batek zirikatzen ‘ai, ze gaizki jo duzun!’, besteak ‘a ze gaupasa!’, hala ibiltzen gara hizketan. Nik agian galdetzen dut ea ongi jo ditudan eta ‘bai, bai, nahiko ongi’ erantzuten didate».

Zubietarrentzat inauteriak urteko egunik inportanteenak dira, batez ere asteartea. «Egun hori sekulakoa da guretzat! Nik Ama Birjinaren eguna eta herriko bestak kendu eta lau egunekoak ez, aste bateko inauteriak jarriko nituzke. Anaiak ere hala esaten du. Udako jaiak desberdinak dira. Etxean lan gehiago egiten dugu, bat heldu dela, bestea heldu dela... Inauterietan, aldiz, larunbatean arkupeetara joaten gara eta otordu guztiak han ditugu asteazkenera arte, gero ordaintzen dugu eta zoragarri! Dena egina dugu».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.