jueves, 23 de marzo de 2017

#hemeroteka #literatura | 'Etika marika'-ri buruzko eleberria

Irudia: El Diario Vasco / Juanjo Olasagarre
'Etika marika'-ri buruzko eleberria.
Bikotekide izaten 19 urte daramatzaten bi gizonezkori buruz idatzi du Juanjo Olasagarrek bere hirugarren novela.
Felix Ibargutxi | El Diario Vasco, 2017-03-23
http://www.diariovasco.com/culturas/201703/23/etika-marika-buruzko-eleberria-20170323182957.html

Bikotekide diren bi gizonezkoren bizimodu gorabeheratsua kontatzen du Juanjo Olasagarreren hirugarren nobelak, ‘Poz aldrebesa’ (Susa arg.) delakoak. Ez da hala ere bi gizonezko horietara mugatzen, beste protagonista batzuk ere badaude, eta EHGAM berak ere (Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua) badu protagonismorik. Denboran atzera-aurrera asko egiten dituen kontakizuna da eta 1992-2015 urte-bitartean garatzen da. «Nobela gay bat da, baina ez da nobela gay bat», adierazi du idazleak, iradokiz unibertsaltasuna bilatu duela. «Saizarbitoriaren nobelak baskoen nobelak ez diren bezala, hau ez da gayen nobela bat. Euskaldunen partikulartasunetik unibertsaltasuna konkistatzen saiatu naiz. Munduaren izkina batetik munduaren irakurketa oso bat egin dut», gaineratu du.

Protagonista nagusiak Axi Iminizaldu eta Joseba Aldaz dira. Bata telebistako kazetaria, bestea Boletin Ofizialaren itzultzailea. Hemeretzi urte daramatzate bikote izaten eta beren arteko harremana da istorioaren ardatza –tartean ezkutuko amoranteak, tartean gaixoaldi bat eta dolua–. Kokalekuak, berriz, Bilbo, Iruñea eta Estatu Batuetako San Frantzisko.

Olasagarre saiatu omen da oreka lortzen «kanpoko gertaeren eta pertsonaien gogoeten artean». Nobela hau bere lehenbizikoa izan zen ‘Ezinezko maletak’ (2004) haren osagarri omen da: «Hura identitate nazionalaren gaineko gogoeta zen: hau, nire beste identitate batzuei buruzkoa».

Estiloari dagokionez, elipsiei uko egin die Olasagarrek. «Istorioa erdi-kontatuta uzten baduzu, airean dagoen ideologiaren bidez osatuko baitu irakurleak».

Bestalde, «literatura femeninoak tratatu izan dituen gai batzuk» ukitu izan dituen gai batzuk landu ditu, hala nola sentimenduak eta pertsonen zaintza.

Bestalde, lan honi ekitean bere egin du Pablo Vidarte pentsalariaren 'Ética marica' saiakera. «Eraldatu eta nire egin dut», esan du idazleak. «Gaytasunaren bidez mundu hobeago bat egin nahi izan duen belaunaldi» baten erretratutzat ere har daiteke liburua. Olasagarre EHGAM-eko militante izan zen.

Egilearen ustez, istorioak «zapore garratza baina alaia» uzten du. «Ez naiz nostalgikoa. Bizitza –nondik begiratzen den– kaka zaharra izan daiteke, baina ni saiatu naiz distirak bilatzen».

Aurkezpenean Iñigo Lamarca, Ararteko ohia jardun da baita ere, idazleak gonbidatuta. «Ez nuen Olasagarre ezagutzen, haren lanik irakurri gabe nengoan –Ararteko izan naizen hamar urteetan ez baitut irakurketa literarioetarako astirik izan–, beraz hasi nintzen obra hau irakurtzen eta hunkitu egin nau, eta pentsarazi. Nobela oso ona da, bikaina. Idazkera ere asko gustatu zait, jantzia eta aberatsa da», esan du Lamarcak.

Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) Bilbon bizi da. Poesiako bi liburu plazaratu zituen aurrena, eta 2004 eta 2008an bi nobela: ‘Ezinezko maletak’ eta ‘T (tragediaren poza)’.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.