miércoles, 26 de abril de 2017

#hemeroteka #homofobia | Txetxeniako gay jendea

'Txetxenia SOS' kontzentrazioa Iruñean, 2017-04-12
Txetxeniako gay jendea.
Rikardo Arregi | Deia, 2017-04-26

http://www.deia.com/2017/04/26/opinion/columnistas/zirrikituetatik-begira/txetxeniako-gay-jendea

Txetxeniako presidentearen arabera ezinezkoa da guztiz gay jendeak Txetxenian arazorik izatea, Txetxenian ez dagoelako gay jenderik; gay bat edo beste baldin balego, gaineratu du Razman Kadirov presidenteak, senitartekoek etxetik kanporatuko lukete errukirik gabe. Ez du gehiagorik esan eta kezkaturik gelditu naiz, ez baitakit balizko gay hori, behin kalean egonda, desagertuko den berez Txetxeniako aire garbian edo heterosexual petoa bihurtuko den bat-batean: bi kasuak mirari benetakoak, zinez. Arazoa ez da txantxetan ibiltzeko modukoa, Txetxeniatik iristen diren albisteak oso kezkagarriak baitira. Errusiako hedabide eta LGBT erakunde batzuek jakinarazi dute Txetxenian gay jendea espetxeratu egin dutela (kontzentrazio esparru hitza erabili dute) eta torturatu, Razman Kadirov presidenteak Txetxenia garbitu nahi duelako (ondo pentsaturik, beldurgarriak dira garbitu hitzaren esanahi batzuk).

Jakina, aurreko guztia konprobatzea zaila da, LGBT erakunde nazioartekoek zaila dute Errusiara joan, Txetxenia bisitatu, lekukotasunak bildu eta hori guztia. Kazetarientzat ere ez da erraza izango salaketa bertan egiaztatzea. Hedabide nagusiak, bestalde, ez daude interesatuegi Errusiar Federazioaren txoko urrun bateko homosexualen egoeran. Nori axola zaizkio gay txetxeniarren arazoak? Inori ere ez, salbu eta beste marika batzuei, horregatik fio naiz Errusiako erakunde horiek eta LGBT hedabideek plazaratu dutenarekin.

Badirudi ezker arraro bati ere gutxi axola zaiola Txetxenian eta Errusia osoan gay, lesbiana eta transgeneroei gertatzen zaiena, hango legediaren eta hango agintarien adierazpen homofoboen gainetik hankapuntetan ibiltzen da, Vladimir Putin eta enparauak ezkerraren esentzien zaindari izango bailiran. Ez dut ezer ulertzen. Ados, Euskal Herri ustez libre eta progre honetan gay jendeak sufritzen dituen jazarpenak eta kolpeak lehenetsi egin behar ditugu, baina ondoan daukaguna garbi ikusteak ez dizkigu begiak lausotu behar urrun, edo ez hain urrun, dagoena ikusi ahal izateko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.