domingo, 11 de junio de 2017

#hemeroteka #haurdunaldisubrogatua | Javi Jauregi: «Norbaitek haurdunaldia izan nahi badu ezin duen bati laguntzeko, zergatik ez?»

Irudia: Ataria / Javi Jauregi eta bere semea
«Norbaitek haurdunaldia izan nahi badu ezin duen bati laguntzeko, zergatik ez?».
Rebeka Calvo | Tolosaldeko Ataria, 2017-06-11
https://ataria.eus/bidania-goiatz/1501769207524-norbaitek-haurdunaldia-izan-nahi-badu-ezin-duen-bati-laguntzeko-zergatik-ez-haurdunaldi-subrogatua

2010ean jaio zen Javi Jauregi bidaniarraren semea. Barne hausnarketa batean hasi eta aita izan nahi zuela ondorioztatu zuen. Prozesua zaila izan zen, baina argi zuen.

Abokatu batekin jarri zen lehenik harremanetan, eta adopzioaz hitz egin zuten. «Ez zidan gomendatu, prozesu luzea eta zaila dela esan zidan eta haurrarentzat luzera arazoak ekarri ditzakeela ere aipatu zidan. Aita bakarreko familia izanda arazoak biderkatu egiten ziren eta bide hori baztertu nuen», esan du.

Orduan ere kontraesanak eta talkak sortzen ziren haurdunaldi subrogatuaren aldekoen eta kontrakoen artean, baina ez zen pil-pilean zegoen gaia, gaur egun ez bezala. «Ez zen zaila izan azalpenak ematea, sentimenduetara jotzen baitut nik. Zergatik ez dio emakume batek aita izan nahi duen bati lagunduko? Maitasuna jartzen dut nik erdigunean». Haurdunaldia izan zuen amak ez du umearekiko lotura afektiborik, «argi zituen gauzak hasieratik», esan du. «Emakume horrek ni lagundu nahi ninduen. Berak bazituen bere seme-alabak, eta seme-alabak izan nahi eta ezin dutenei lagundu nahi zien. Maitasun ariketa hori egin nahi zuen. Zergatik ez du bada egingo? Nahi badu... Ez da prostituzioa, berak horrela esaten zidan, ez dela prostituitu, haurra izan nahi duen bati lagundu dio, besterik ez», gaineratu du.

Behin haurra edukita semea Espainian inskribatzeko hainbat «trikimailu» erabili behar izan zituen, hori baita legeak «uzten duen bide bakarra». «Hainbat trikimailurekin semea inskribatu ahal izan nuen aita bakar moduan, baina hori ez da egokia, egoera arautu beharko lukete, egin egiten da, beraz, zergatik ez arautu?».

Kritikak ez dituela ulertzen dio bidaniarrak eta emakume gorputzen merkantilizazioaz galdetuta dio «egin nahi dutenek egiten badute» ez duela gaizki ikusten. EH Bilduk egindako azken proposamenaren inguruan ere galdetu dio Ataria-k, eta «ondo» ikusten du. «Diru truke horri aurrea hartzeko modua izan daiteke, sistema publikoan aurreikusi, dirua erdigunetik kendu... izan daiteke aukera egoki bat. Gaiaz hitz egitea da egokiena nire ustez, begiak itxi, eta gure artean dagoen errealitate bati irtenbidea eman behar zaio».

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.