martes, 22 de octubre de 2019

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Egoitz Albeniz: “Hernaniko LGTBI kolektiboko bizipenak eta testigantzak jaso nahi ditugu ikerketa bat osatzeko”

Imagen: NdG / Egoitz Albeniz
Egoitz Albeniz · Hiruki Larroxa Kolektiboko ikertzailea: “Hernaniko LGTBI kolektiboko bizipenak eta testigantzak jaso nahi ditugu ikerketa bat osatzeko”.
Hernanik LGTBI kolektiboak azkeneko 50 urtetan izan duen historia berreskuratzeko ikerketa abiatu du, Egoitz Albeniz eta Ibai Fresnedoren eskutik.
Aitziber Muga | Noticias de Gipuzkoa, 2019-10-22
https://www.noticiasdegipuzkoa.eus/2019/10/22/vecinos/buruntzaldea/hernaniko-lgtbi-kolektiboko-bizipenak-eta-testigantzak-jaso-nahi-ditugu-ikerketa-bat-osatzeko

Hiruki Larroxa Kolektiboa ari da LGTBI historia ikertzen. Orain herritarren bizipenak eta testigantzak jaso nahi dituzte eta Egoitz Albeniz ikertzaileak hernaniarrak ikerketan parte hartzera animatu nahi ditu. Batez ere 60 eta 70 hamarkadetakoei.

Nola suertatu da aukera Hernaniko LGTBI kolektiboaren azken 50 urteko historia berreskuratzeko ikerketa burutzea?
-Duela pare bat urte Maiatzak 17ko (Homofobia, Lesbofobia, Transfobia eta Bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna) egunaren harira aste osoko egitaraua prestatu genuen eta Hernaniko Udalak mugitu ginenei proposatu zigun ikerketa hau egitea. Deituak izan ginenen artean, Hiruki Larroxakook esan genuen prest ginela eta hortik abiatu ginen.

Zer lan mota egiten du Hiruki Larroxa Kolektiboak?
-Euskal Herri mailan lan egiten duen kolektibo bat gara eta batez ere oinarritzen gara esku-hartze soziopolitikoan, memoriaren berreskuraketan eta ikerketan eta ekoizpenetan. Duela gutxi sortutako taldea da, behar batetik abiatuta.

Zein ibilbide izan du orain arte ikerketak?
-Lehengo urtean lan bibliografikoa hasi ginen egiten, ikusteko bai Euskal Herri mailan, bai Estatu mailan eta bai mundu mailan eman diren mugimenduak eta mugarriak eta une gogoangarriak jasotzeko eta ordenatzeko. Orain elkarrizketen atalean sartuko gara ikusteko zein bizipen eta ikuspegi egon diren konkretuki Hernaniko herrian. Bakoitzaren bizipenak jaso nahi ditugu eta hauek Hernaniko errelitate soziopolitikoarekin lotu nahi ditugu.

Jendea mugitzen hasi al da bere bizipenak kontatzeko?
-Badaukagu jende zerrenda bat. Udalak deialdi bat egin du zailtasunak daudelako adin bateko jendearen testigantzat biltzeko. Orain dela 20 edo 30 urteko testigantzak ez da horren zaila biltzea baina 60 edo 70 hamarkadakoak bai. Urte horietan LGTBI izateak zure bizitza arriskuan jartzen zuen edo jendearen gaitzespena jasotzen zenuen. Azkeneko hogei urteetan hasi da geroz eta leku gehiago hartzen eta “normaltasun” bat hartzen LGTBI kolektiboak, orain ez dago duela 50 urte bizi izan zen biolentzia berdina.

Gainera, garai horietako asko kanpora, hiri handietara, alde egingo zuten.
-Bai, pentsatzen da hiri handietan askatasun gehiago dagoela eta herriek tradizioarekin lotura handiagoa dutela. Baina badago beste fenomeno bat. Jende batzuk, asko gainera, badakite zein den bere orientazio sexuala, baina garaiko normara ez zenez egokitzen, ezkutuan eramaten zuena, eta bizitza normatiboa edo heterosexual bat eramaten jarraitzen dutenak. Asko ezkonduta daude eta seme-alabak eta bilobak dauzkate. Jende honen testigantza ez dugu jasoko.

Noiz aurkeztuko da lana?
-Datozen bi hilabeteak, urria eta azaroa, elkarrizketak egiteko erabili nahi dira eta ondoren idazketa prozesura abiatuko ginateke. Martxoan aurkezteko prest egongo da.

LGTBI kausaren alde lan egindako herritar edo mugimenduak egon dira Hernanin?
-Hernanin Empar Pineda bezalako herritar bat daukagu. Duela urte asko Bartzelonara alde egin zuen eta bere inguruko ikerketa bat garatzen ari da Kattalin Miner. Hernanin feminismoak indar handia hartu zuenean bere inguruan lesbiana talde oso potente bat ere egon zen eta EHGAMek ere zenbait gauza egin zituen. Baina oraindik ikerketa garaian gaude eta oso goiz da jakiteko zenbat talde egon ziren herrian.

Hernaniko historian mugarririk al dago?
-Nik uste dut ‘Moio’ren suizidioak lehenaldi eta orainaldi bat, inflexio puntu bat, ekarri zuela. Herriko jende askori galdera asko eragin zizkion gertaera honek. (Aimar Elosegi Ansa ‘Moio’ transexualak bere buruaz beste egin zuen 2007an).

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.