viernes, 18 de octubre de 2019

#hemeroteka #lgtbi #memoria | Egoitz Albeniz: “Zaila da 60ko urteak bizi izan zituen LGTBI jendea topatzea”

Irudia: Gipuzkoako Hitza / Egoitz Albeniz
Egoitz Albeniz: “Zaila da 60ko urteak bizi izan zituen LGTBI jendea topatzea”-
Eider Goenaga Lizaso | Gipuzkoako Hitza, 2019-10-18
https://gipuzkoa.hitza.eus/2019/10/18/egoitz-albeniz-zaila-da-60ko-urteak-bizi-izan-zituen-lgtbi-jendea-topatzea/

LGTBI kolektiboaren memoria historikoa (1969-2019) berreskuratzeko lanean ari dira Hernanin, eta lan horretan buru-belarri dabil Egoitz Albeniz (Hernani, 1988), “jendarte heteropatriarkala eraldatzeko, pentsamendu kritiko marika eta transfeminista” sustatzen duen Hiruki Larroxa kolektiboko kidea. Hernaniko Udalaren enkarguz ari dira lan hori egiten, eta lekukotzak biltzen hasi dira. Beste urteetakoei ateak itxi gabe, 1960ko eta 1970eko hamarkadak bizi izan zituen LGTBI kolektiboko jendeari ari dira dei berezia egiten, eurekin kontaktuan jar daitezen (hernanikolgbtikerketa@gmail.com).

Nondik sortu da ikerketa egiteko beharra?
Hernaniren historian, ikusten da apenas dagoela LGTBI kolektiboaren lekukotzarik. Behar horretatik abiatuta, eta memoria historikoa berreskuratzeko beste hainbat arlotan egin den bezala, uste dugu arlo hau ere aztertu eta landu beharrekoa dela.

Ikerketaren lehen zatia, zati teorikoa, jada amaitu duzue, ezta?
Bai. Euskal Herrian, estatuan eta munduan izandako gertakari historiko eta mugarriak identifikatu ditugu, eta jakin nahi dugu mugarri horiek Hernanin eraginik izan ote zuten eta nolako oihartzuna izan zuten. Oraingoz, oinarri bibliografiko bat osatu eta hemeroteka lana egin dugu; baina, guretzat, lekukotzen bidez osatuko duguna da zati inportanteena.

Beste toki batzuekin alderatuta oso ezberdinak izango diren lekukotzak lortzea espero duzue?
Egin ditugun elkarrizketa gutxietan antzematen da munduan gertatzen diren mugimenduen halako eragin bat; baina askoz polikiago gertatu zen dena. Adibidez, 1969ko Stonewalleko matxinadak ez zuen izan eragin zuzenik hemengo LGTBI mugimenduan, edo oraingoz, behintzat, ez dugu jaso horren berri. Dena den, goizegi da ondorioak ateratzeko.

1969an hasi zen ikerketa; kostatzen ari zaizue hasierako urteetako lekukotzak topatzea.
Zaila da 60ko eta 70eko hamarkadak bizi izan zituen LGTBI kolektiboko jendea topatzea. 70eko urteetan jaiotako jendea badugu, baina horiek ez zuten bizi izan hamarkada hori. Gure kalkuluen arabera, 1930-1950 artean jaiotakoak izan behar dute 1960ko hamarkada amaierako esperientziak jasotzeko. Baina oso-oso zaila egiten ari zaigu. Orain pertsona batek bere burua lesbiana, trans edo gay gisa definitzeko egiten duen prozesuak ez du zerikusirik duela 70 urte jaiotakoek bizitakoarekin. Adin horretako pertsona batek ez zuen ematen pauso hori, gizarteak ez ziolako uzten. Adibidez, badakigu 1990eko hamarkadan Hernaniko jende bat ibiltzen zela Donostiako cruising guneetan, baina ezin gara gerturatu jende horrengana; jende horrek orain familia bat du, eta inondik inora ez du eman nahi lekukotza.

Zeharkako lekukotzak ere bilatzen dituzue?
Bizipen pertsonalei eman nahi diegu lehentasuna, distortsio bat gertatzen baita bestela. Baina argi daukagu 60ko eta 70eko urteetako bizipenak jaso ahal izateko seguruenik zeharkako testigantzetara ere jo beharko dugula. Badakigu, adibidez, 1970eko hamarkadan Hernanin bazela trabesti bat, baina hilik dago pertsona hori, eta zeharkakoak izan beharko dute horren inguruko testigantzek.

Hernaniko giro politikoa kontuan hartuta, zer lekutan gelditu da LGTBI kolektiboa?
Hori da ikerketan aztertu nahi den ataletako bat: Hernani mailan LGTBI mugimendu bat egon zen edo ez; zer mugimendu egon diren LGTBI kolektiboen inguruan; eta zer gertatzen zen LGTBI mugimenduarekin Hernaniko soziologia politiko horretan. Alegia, Hernaniren ezaugarriak kontuan hartuta, LGTBI kolektiboak bazeukan lekurik garaiko aldarrikapenetan eta errealitate sozialean? Gure ustea da LGTBI kolektiboak ez zeukala lehen mailako toki bat ez mugimendu politikoetan, ez aldarrikapenetan. Dena den, hipotesi bat da hori; ikusiko dugu lekukotzek baieztatzen duten.

Hernanin ateratzen dituzuen ondorioak antzeko tamainako beste herrientzat ere baliogarriak izan daitezkeela uste duzue?
Ez dakit ausartuko nintzatekeen hemengo bizipenak eta ondorioak beste herri batzuetara estrapolatzen. Nire susmoa da gertaera potenteak bizi izan diren herrietan errepresioa sufritu dutenekiko bestelako kontzientziazio bat dagoela. Adibidez, Errenterian, 1979an, polizia batek Vicente Vadillo Francis trabestia hil zuen, eta uste dut horrek eragina izan zuela herri kontzientzian. Herrian gertatzen diren gertakariek badute eragina geroko prozesuetan eta kontzientzietan. Hernanin, Aimarren [Elosegi] suizidioaren ostean, eta hala ikusten da Kattalin Minerren liburuan [Moio], izan zen aldaketa bat, nahiz eta ez nukeen jakingo esaten zenbaterainokoa izan zen. Hor sartzen da ikerketa honen helburua: memoria ariketa bat egitea, jazotakoak jasotzea, etorkizunera begira eragin bat izan dezaten, ez daitezen gelditu anekdota hutsean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.